Osakidetzak elkarrizketarako gonbitea luzatu die sindikatuei, Lehen Mailako Arreta sendotuko duen akordio bat lortu ahal izateko

2019.eko maiatzak 14

Mahai Sektorialaren bilera berri bat deitu du maiatzaren 27rako. Xedea da sindikatuek aurkeztu dituzten proposamenak aztertzen jarraitzea

Osakidetzako Mahai Sektoriala gaur goizean batzartu da. Maiatzaren 2an egindako bileran Zuzendaritza Nagusiak hartu zuen konpromisoa betez, xedea zen Lehen Mailako Arretaren arloan irekitako negoziazioetan aurrera egiteko helburuarekin aurkeztutako proposamen bat aztertzea. Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak elkarrizketarako gonbitea luzatu die sindikatuei eta bilera berri bat deitu du datorren maiatzaren 27rako, negoziazioekin jarraitzeko.

Osakidetzako Zuzendari Nagusi Juan Luis Diegok Osakidetzak zein Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Lehen Mailako Arreta sendotzeko eta asistentzia-sare horrek behar duen belaunaldi arteko erreleboari aurre egiteko helburuarekin egiten ari diren esfortzua azpimarratu du. Zentzu horretan, gaur bertan Gobernu Kontseiluak osasun-zentroetako egiturazko langilegoa 46 plazetan handitzea onartu duela gogoratu du.

Gaur goizeko bileran, sindikatuek proposatu zituzten 21 neurrietatik 8 aztertu dira eta, horietan oinarrituta, akordioa lortzeko oinarria ezartzea helburu duen proposamen berri bat planteatu du Zuzendaritzak. Eusko Jaurlaritzak Lehen Mailako Arreta sendotzea xede duten neurri zehatzak lantzen jarraitzen duen bitartean sindikatuek grebaren alde egin izanak atsekabez hartu du Zuzendaritza Nagusiak.

35 sendotze-neurri bildu eta euskal gizarteari zerbitzu hobea eskaintzea eta Osakidetzako langileen lana erraztea xede duen berezko estrategia dauka Osakidetzak eta aipatu sendotze-neurri horietatik, 15 martxan daude dagoeneko.