Mondragon Unibertsitateko 2019-2020 ikasturtearen hasiera-ekitaldian buru izan da Lehendakaria

2019.eko irailak 13

  • Lehendakariak nabarmendu egin du lankidetza areagotzearen garrantzia gazteak hobeto prestatzeko eta haiei aukera gehiago eskaintzeko

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte lagun zuela, buru izan da Mondragon Unibertsitateko 2019-2020 ikasturtearen hasiera-ekitaldian. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta ondoren izan dira Eduardo Castellanos irakaslearen inaugurazioko lezioa eta MUko errektorearen jarduna eta, azkenik, Lehendakariarena.

Bere jardunean, Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu egin du Mondragon Unibertsitateak egiten duen garrantzizko ekarpena euskal unibertsitate-sistema sendotzeko, goi-mailako talentua prestatzeko eta euskal gizartearen aurrerabidean laguntzeko.Zentzu horretan, Mondragon Unibertsitatearen lankidetza eta berrikuntza nabarmendu ditu.“Bidea ireki duzue eta elkarrekin lanean jarraituko dugu, lankidetza areagotuko dugu gazteak hobeto prestatzeko eta haiei aukera gehiago eskaintzeko”, adierazi du Lehendakariak.Gainera, azpimarratu duenez, Mondragon Unibertsitatea aitzindari da hezkuntza-metodologian, aitzindari benetako ekonomia produktiboarekin, kooperatibekin eta enpresekin ezarri beharreko harremanetan, eta aitzindari ekintzailetzan eta berrikuntzan, LEINN graduarekin.

Bestalde, Lehendakariak adierazi duenez, bat dator Mondragon Unibertsitatearen lankidetza-idearioarekin, kontuan izanik horren emaitza direla bere ikuspegi humanista eta bokazio soziala, jardueraren erdigunean pertsona kokatzen duena; eta prestakuntza-ereduaren orientazio praktikoa, kooperatibekin eta enpresekin etengabeko harremanean; baita ikerketarekin, berrikuntzarekin eta transferentziarekin hartua duen konpromisoa ere.“Ideario hori gazteriarekiko konpromiso bat da, eta konpromiso bat gazteriarentzat berarentzat ere.Gure gizartearen transformazio positibo baten zerbitzura dagoen ideario bat da”, gaineratu du.

Mondragon Unibertsitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza dela eta, besteren artean, aipatu ditu: goi mailako Heziketa dualaren eredua; 4Gune Clusterra, Espezializazio adimendunaren RIS 3rekin lerrokatua; partaidetza Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sarean; ezagutza-poloak; ikasleen enplegagarritasunaren sustapena; Mendeberri hezkuntza-ereduaren akreditazioa; bikaintasuneko ikerketara eta ezagutzaren transferentziara zuzendutako babesa, eta titulazioen eta Unibertsitatearen internazionalizazioa.

Oñatiko Campusean egin da ekitaldia eta bertan izan dira Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Legebiltzarreko PresidenteBakartxo Tejeria, Gobernuko Ordezkari Jesús Loza,Gipuzkoako Diputatu NagusiMarkel Olano, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Presidente Xabier Ezeizabarrena, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidente Ana Otadui,MUko Presidente Mikel Alvarez, eta MUko Errektore Vicente Atxa.

Eskaintza akademikoa MU

Mondragon Unibertsitateak aurten 31 gradu eta graduondoko eskainiko ditu – 16 gradu eta 15 master -, horietatik 18 dualak izango dira. 2019-2020 ikasturte honetan 1.300 ikasle berrik egingo dituzte gradu-ikasketak eta 374k master-ikasketak.