Meningitisaren aurkako babes handiagoa ziurtatuko duen haurrentzako txertaketa-egutegi berria jarriko da abian urrian

2019.eko irailak 09

  • Txertaketen Aholku Batzordearen gomendioei jarraituz, 12 urteko neska-mutilek jasotzen duten hirugarren dosia txerto tetrabalente berriarekin ordeztuko da

  • Aldi berean, 2001. eta 2007. urteen artean jaiotakoei zuzendutako ezohiko txertaketa-kanpaina ere egingo da, arrisku-talde nagusiaren, nerabeen, immunitatea bermatzeko

  • Nekane Murga sailburuak adierazi duenez, “ez diogu zelatan egoteari utzi behar” eta nabarmendu du txertoa dela gaixotasunak saihesteko modurik onena

2019-2020 ikasturte honetatik aurrera, indarrean dagoen haurrak txertatzeko egutegi berria aldatuko da, eta C meningokokoari aurre egiteko txertoaren hirugarren dosia ordeztuko da A, C, W eta Y meningokokoei aurre egiteko txerto tetrabalentearekin; horrek populazioaren babesa areagotzeko aukera emango du. Hala erabaki du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Europan zein Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan, meningitis gisa ezagutzen den gaixotasun meningokozikoaren epidemiologian aldaketak gertatu direla hauteman ostean; izatez, W eta Y serotipoek eragindako kasuek pixkanaka egin dute gora.

Gaixotasun hori saihesteko txertoaren hirugarren dosia 12 urterekin jartzen da —lehen dosia 4 hilabeterekin eta bigarrena 12 hilabeterekin—; hartara, ikasturte honetan, 2008. urtean jaiotako neska-mutilen artean izango du jada eragina egutegian egin beharreko aldaketak. Neska-mutil horiei jarriko zaie lehen aldiz txerto berria. Haatik, hori ez da Osasun Sailak Txertaketen Aholku Batzordearen gomendioei jarraituz hartutako erabaki bakarra.

Halaxe azaldu du Nekane Murga Osasuneko sailburuak gaur egindako prentsaurrekoan. Prentsaurreko horretan, sailburuarekin batera egon dira Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Juanjo Aurrekoetxea doktorea eta Txertaketen Aholku Batzordeko zuzendari Txema Arteagoitia doktorea.

Aldi berean, erabaki da ezohiko txertaketa-kanpaina egitea meningokokoari aurre egiteko txerto berri horrekin; helburua da 2008. urtea baino lehen jaiotako pertsonak babestuta geratzea, zehazki 2001. eta 2007. urteen artean jaiotakoak. Pertsona horiek jada jaso dute C meningokokoaren aurkako hirugarren dosia, baina txerto osagarri bat jasoko dute A, W eta Y serotipoen aurka babestuta geratzeko. Sailburuak aditzera eman duenez, “ahalik eta inpakturik handiena lortu nahi da, arrisku-taldeen immunitatea hobetuz, hau da, gaur egungo nerabeen immunitatea hobetuz”.

Ezohiko txertaketa-kanpaina hori 13 eta 18 urte arteko 139.000 pertsonarengana baino gehiagorengana iristea lortu nahi da. Kasu horretan, txertaketa arian-arian egingo da, egutegi honi jarraituz:

  • 2019-2020 ikasturtea: 2001., 2002. eta 2004. urteetan jaiotako gazteak.
  • 2020-2021 ikasturtea: 2003. eta 2005. urteetan jaiotako gazteak.
  • 2021-2022 ikasturtea: 2006. eta 2007. urteetan jaiotako gazteak.

Urrian hasiko zaie 12 urteko neska-mutilei hirugarren dosiaren txertoa jartzen. Horientzat 21.000 dosi baino gehiago erostea aurreikusi da. Bestalde, ezohiko txertaketa-kanpaina urtarrilaren bigarren astean hasiko da eta kanpaina horrek ikasturte osoa iraungo du, baita hurrengo bi ikasturteak ere. Hurrengo hiru urteetan, guztira 13 eta 18 urte arteko 139.000 gazteri txertoa jartzea kalkulatu da.  

Osasun Sailak guztira 7,8 milioi euroko aurrekontua du txertoaren 217.000 dosi erosteko, 2023. urtera arte. Dosi horiekin, 12 urteko populazioari ez ezik, kohorte gehigarriei ere jarri ahal izango zaizkie txertoak.

NON JARRIKO DIRA TXERTOAK?

Txertaketa-kanpaina hezkuntza-ingurunean oinarrituko da batik bat. Hori dela eta, 2002. eta 2007. urteen artean jaio direnei —hau da, Batxilergoko 2. mailaren edo Erdi-mailako Graduko 2. mailaren eta DBHko 2. mailaren artean dauden ikasleei— ikastetxean bertan jarriko zaie txertoa. Horretarako, gurasoei edo tutoreei informazioa emango zaie eta txertoa hartuko duen ikasle bakoitzari dagokion baimena eskatuko zaie. 2001. urtean jaiotako pertsonen kasuan —gehienak Unibertsitateko 1. mailan edo Goi-mailako Gradu batean egongo direnak—, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein unibertsitatetan jarriko zaie txertoa.

Era berean, txertoa osasun-zentroetan eskuragarri izango dute eskolaratuta ez dauden guztiek edo ikastetxean txertoa hartu ezin duten guztiek.

Nekane Murga Osasuneko sailburuak nabarmendu du txertoek garrantzi handia dutela gaixotasunak saihesteko garaian. Ildo horretan, eta Euskadin immunitate-tasak bilakaera positiboa duen arren —0,83 kasu 100.000 biztanleko—, adierazi du ezin diogula zelatan egoteari utzi, eta, hartara, txertaketa-egutegia betetzeko deia egin du, “erantzukizun-egintza bat da”.

ZER DA MENINGOKOKOA?

Meningokokoa gaixotasun larriak eragin ditzakeen bakterio bat da, batez ere meningitisa —garuna eta bizkarrezur-muina estaltzen duten mintzen inflamazioa— edo sepsia —inflamazio orokorra—.

Haurrak eta nerabeak dira gaixotasun horrekiko esposizio handiena duten kolektiboak. Gaixotasun horrek bat-bateko sukarra, buruko min handia eta, askotan, goragalea eragiten du.

Informazio gahiago: http://www.euskadi.eus/informazioa/haur-txertaketa-/web01-a2gaixo/eu/