Lehendakariak: "Norbanakoaren eta taldearen esfortzua batzen duen eredu alternatibo bat da lankidetza"

2019.eko apirilak 12

Iñigo Urkullu Lehendakaria Sagral Kooperatibaren mendeurrena ospatzeko ekitaldira bertaratu da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapia alboan zuela. 

Ekitaldia Vitoria-Gasteizko Jardines de Uleta hotelean egin da eta aipatuez gain, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalez eta Vitoria-Gasteizko Alkate Gorka Urtaran bertan egon dira ere.

Lehendakariak nabarmendu duenez, nekazarien kooperatiba eredugarria da geroz eta globalagoa eta lehiakorragoa den mundu honetan. “Norbanakoaren eta taldearen esfortzua batzen duen eredu alternatibo bat da lankidetza”, gehitu du. Iñigo Urkulluren esanetan, bere kide guztien interesak berdintasunez zaintzen dituen eredu bat da.

Sagral Kooperatibaren mendeurrenean, Lehendakariak bertaratuei gogoratu die gizakiak neolitikotik lantzen duela lurra, konstante bat mantenduz beti ere: lurra egunero zaintzeko beharra; egun guztiak, urtaro guztiak dira lanegun landa-eremuan, nekazariarentzat. “SAGRAL Kooperatibak mende bat bete du etorkizunari begira, etorkizuneko hazi berriak ereinaz”, adierazi du. Zentzu horretan, lankidetza, belaunaldi arteko erreleboa eta emakumearen gehitzea aipatu ditu. “Horiexek dira gaur ereiten dituzuen haziak eta etorkizuneko belaunaldietan fruitu emango dituztenak”, gehitu du.

“100 urteko lana, ereina eta arreta, Arabako landa-eremua zainduz. SAGRALen mendeurren hau aitortzeko eta ospatzeko eguna da gaur, lankidetza garatzen jarraitzeko eta zuen nekazari guztiei eskaintzen diezuen zerbitzua hobetzeko itxaropenarekin”, esan du Lehendakariak amaitzeko.