Lehendakariak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria irabazi duten Juan Ignacio Pérezen eta Aizpea de Atxaren lana aitortu du

2019.eko uztailak 09

Iñigo Urkulu lehendakaria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak lagunduta, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Sariak banatzeko ekitaldiaren buruan izan da.

Sariaren 25. urteurrena dela eta, bi sari banatu dira. Alde batetik, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako curriculum bikainenaren saria Juan Ignacio Pérez Iglesias ikertzaile eta irakasleak jaso du, eta gazteen lana aitortzeko saria, berriz, Aizpea de Atxa artista nafarrak.

Sariak banatzeko ekitaldian adierazi den moduan, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako curriculumik bikainenaren sariak merezimendu osoz aitortzen du egindako lana eta, aldi berean, zientziaren eta ezagutza zabaltzearen aldeko ilusioa eta grina elikatzen jarraitzeko bultzada ematen du. “Beti hazkunde pertsonalaren eta gizarteko gure bizitzaren hobekuntzaren zerbitzura; demokraziaren eta ongizatearen alde, planetako azken zokora iritsi arte”, erantsi du lehendakariak. Gainera, eskerrak eman dizkio Juan Ignacio Pérezi zientzia hedatzen eta ezagutza sustatzen egindako lanarengatik.

Juan Ignacio Pérezen ibilbide profesionala UPV/EHUri estu lotuta dago. 1985etik fisiologiaren arloko irakaslea eta ikertzailea da, eta 1999tik katedraduna; 1998tik 2009ra bitartean erantzukizuneko hainbat kargu bete ditu UPV/EHUn. Nabarmentzekoa da bertako errektorea izan zela 2004tik 2008ra bitartean. Bere ekarpenik esanguratsuenetako bat izan da Unibertsitatean euskararen erabilpena sustatzea. Bestalde, komunikabideetan, zientziaren hedapenarekin lotutako saioetan, egindako lana eta baliabide digitaletan bere espezializazio-arloa sakontzen eta ezagutzaren dibulgazio sozial eta zientifikoan egindako kolaborazioak aipatu behar dira.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren lehenengo edizioan 35 urtetik beherako gazteen bakarkako proiektuak edo kolektiboak saritu nahi izan dira, eta saria Aizpea de Atxa artista nafarrari eman diote “INpostuRA” performance-proiektuarengatik. Lehendakariak nabarmendu du 25 urteren ondoren, Sari honek gazteek, agertoki global berrian, kulturarekin, ezagutzarekin, ikerketarekin, sormenarekin eta hedapenarekin hartuta duten konpromisoa sinbolizatzen duela. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Aizpea de Atxak, bere lanaren bidez, berrikuntzari, sormenari eta berdintasunari buruzko hausnarketa proposatu duela, etengabe eraldatzen ari den mundu ireki batean.

Aizpea de Atxak 21 urte ditu eta Arte Graduko hirugarren maila ikasten ari da. 2018an bigarren saria lortu zuen Nafarroako Gazte Artearen Topaketetan Gorputzak lanarekin, eta aurreko urtean ere hautatua izan zen topaketa horietan.

Chillida Lekun egin den ekitaldian Euskadiko eta Nafarroako erakundeetako eta ikasketen, kulturaren eta gizartearen munduko ordezkari ugari izan dira, horien artean, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San José, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia eta Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano. Ekitaldian Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria eta Eusko Ikaskuntzaren eta Laboral Kutxaren lehendakariak, Iñaki Dorronsoro eta Txomin García, ere izan dira.