Larrialdiei aurre egiteko, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduri eskatu ahal zaizkien autobabes betebeharrak arautzen dituen Dekretuaren aldaketa onartu da (Gobernu Bilera 2019-02-12)

fotoconsejo.jpg

2019.eko otsailak 12

  • Arauketa berriak arriskuei eta larrialdiei hobeto erantzutera behartzen du, kalteak saihesteko edo murrizteko, babes zibileko agintariekin koordinatuta eta planifikatuta

Eusko Jaurlaritzak Larrialdiei aurre egiteko, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituen 277/2010 Dekretua, azaroaren 2koa, aldatzea onartu du. Era horretara gizarte guztiek, bai gizarteak berak bai, bereziki, arriskuak sortzen dituzten edo ahulguneak dituzten jardueratako titularrek, dituzten hainbat eta hainbat arriskuren eraginak gutxitu nahi dira, arriskuaren analisia egiteko eta larrialdiei erantzuna emateko prestatzeko mekanismoak abian jarrita.

Aurretik zegoen araudiak jada behartzen zituen arriskuak sortzen zituzten edo ahulguneak zituzten jarduerak eta establezimenduak autobabes-planak egitera eta ezartzera. Aldaketa honekin araudia Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen eta indarrean dagoen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretura, Estatuan babes zibilaren arloan indarrean dagoen araudira eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko administrazio elektronikoaren arauketara egokitzen da.

Dekretuak arautu behar dituen jarduera-motak eguneratu egin dira, nahiz eta horrek ez dakarren autobabes-plana izatera behartuta daudenen esparrua hedatzea edo mugatzea, kontuan hartuta Euskadin Estatuko oinarrizko arauan baino zabalagoa eta zorrotzagoa dela.

Dekretuaren eranskinean jasotako jarduerei dagozkien betebeharrak aipatzen dira, besteak beste honakoak: autobabes-plana egin, ezarri, mantendu, berrikusi eta eguneratzea; jarduera egiteko baimena ematen duen agintariari jakinaraztea; oinarrizko datuak Eusko Jaurlaritzaren Autobabes Planen Erregistrora bidaltzea eta eguneratuta edukitzea; aldizkako ariketak edo simulakroak egitea; agintariekin batera lan egitea autobabesa herritarren eta jardueraren eraginpean dauden pertsonen artean sustatzeko eta hedatzeko, bai eta babes zibilari edozein larrialdiren edo arriskua areagotu izanaren berri azkar emateko ere, etab.  Establezimendu horietako langileek, ahal duten neurrian, derrigorrez hartu behar dute parte autobabes-planean edo autobabeseko bestelako neurri eta dispositiboetan.

Ikastetxeak babes zibilaren arloko informazio, prebentzio eta zabalkunde jarduerak programatzera eta aldizka ebakuazio ariketa edo simulakroak egitera behartzen dira.

Establezimenduaren edo jardueraren kanpotik hautematen diren simulakroen hasieraren eta amaieraren berri SOS-Deiak zerbitzuari ematea derrigorrezkoa dela ezartzen da, baita halako ariketa edo simulakroetan larrialdietako zerbitzu publikoek parte hartzen dutenean ere. Azken horiek simulakroan parte hartzea nahi izanez gero, aurretik planteatu behar zaie agintariei, egokia den ebaluatu ahal izan dezaten.

Desagertu egin da homologazioa autobabes-plan batzuetan, eta horrek jardueren titularren karga administratiboa murrizten du, baina administrazioaren kontrola gutxitu gabe; izan ere, autobabes-planaren datuak erregistratzea nahitaezkoa izango da aurrerantzean ere eta administrazioak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu edo planarekin zerikusia duen guztia ikuskatu ahal izango du.

Establezimendu edo gune berean, esate baterako, merkataritza gune batean, autobabes-planak izan behar dituzten hainbat jarduera badaude, jarduera horiek biltzen dituen establezimenduko planak jarduera partikular bakoitzaren planak eta arriskuen analisia jaso behar ditu edo autobabes-plan bakarra egin behar da.

Beste berrikuntza bat da aldi baterako ekitaldietan (musika-jaialdiak, jende asko elkartzen duten ekintzak, etab.) larrialdietako autobabesa berariaz aurreikusi behar dela. Horretarako, ekitaldi horien antolatzaileek aurreikusten diren arriskuen dispositiboak prestatzera eta ezartzera behartzen dira, babes-planetakoen antzeko metodologiari jarraituz, baina modu sinpleagoan, malguagoan eta operatiboagoan, bai antolatzailearentzat bai larrialdietako zerbitzuentzat.

Azkenik, erregistroaren arauketa ere aldatzen da administrazio elektronikora egokitzeko, eta behartuta dauden subjektuek elektronikoki inskribatuko dituzte euren datuak autobabes-planen erregistroan. Bestalde, argitzen da Erregistroan izena ematea datuen adierazpena baino ez dela, eta ez duela esan nahi administrazioak datuok onartu edo baliozkotu dituenik, ez eta jarduerari hasiera emateko behar diren titulu gaitzaileak ordezkatzen dituenik ere.