Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.060.000 euro onetsi ditu bi diru-laguntza deialdiren bitartez Sormen Lantegiak bultzatzeko

Sormen.jpg

2019.eko otsailak 14

  • Sorguneren deialdiaren bitartez, iaz 5 proiektu artistikori eman zitzaien laguntza, eta Bitartez ekimenarekin 17 proposamen kultural subentzionatu ziren partzialki.

 

Gasteiz, 2019/02/14          

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.060.000 euroko aurrekontua onetsi du bi diru-laguntza deialdiren bitartez Sormen Lantegiak bultzatzeko. Batetik, Sailak 560.000 euroko inbertsioa egingo du sormen-praktikak babestuko dituzten espazio kultural independenteak bultzatzeko, Sorguneak deitutakoak. Bestetik, guztira 500.000 euro inbertituko dira kulturaren eta gizartearen arloko bitartekaritza- eta berrikuntza-proiektuak babesteko, Bitartez deialdiaren bidez. Bi deialdi horien bidez, joan den urtean, guztira, 22 proiektuk jaso zituzten diru-laguntzak.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak aste honetan onetsi ditu bi deialdi horiek, Ikertu deialdiarekin batera Sormen Lantegiak bultzatzeko laguntzen mapa osatzen dutenak. Sorgune deialdiaren bitartez, 2018an eta 2019an espazio kultural independenteetako jarduera-proiektuak babestea da asmoa. Espazio horien aldetik programa espezifikoen garapena diruz babestea da laguntzen helburua, bai pertsonek bai kolektibo artistikoek beren sorkuntza- eta produkzio-prozesuak garatu ahal izan ditzaten.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzatik adierazten denez, helburua da lan hori garatu ahal izatea “adierazpide artistiko desberdinak berritzera, talentua detektatu eta babestera, partaidetzazko kudeaketa eta tokiko ingurunearekiko harremana bultzatzera bideratuta”. Jarduera-proiektu horiek kulturaren edo sormenaren sektoreren batean egon behar dute kokatuta (ikusizko arteak, zinea eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, magia, Bertsolaritza…). 560.000 euroko diru-hornidura hori kontuan hartuta, hautatutako proiektu bakoitzari emandako gehienezko kopuruak ezin izango ditu gainditu 120.000 euroak, ezta, inongo kasutan ere, gastuen aurrekontuaren % 70 ere.

Joan den urtean bost espaziori eman zitzaizkien diru-laguntzak: Consonni, Bitamine Faktoria, Azala, Garaion Sorgingunea eta KunArte (Teatro Paraiso).       

 

Bitartez deialdia

Bitartez deialdiari dagokionez, xede hauek dituzten proiektuei emango zaie diru-laguntza: talentuaren sustapena bultzatzea, publiko desberdinei zuzentzeko izango diren harreman- eta bitartekaritza-bide berriak sortzea, baterako sorkuntza eta hibridazioa sormena bultzatzeko, eta ekimenen garapena, jardun kulturaletatik kulturaren eta gizartearen berrikuntzarako estrategiak planteatuko dituztenak, dotazio, azpiegitura eta egitura egokiekin.

Joan den urtean, deialdi honen bitartez 17 proiektu babestu ziren; haien artean aipatzekoak dira ZAS Kultur Espazioa, La Taller, Gau Irekia 2018, Guerrilla Art, Ekintza eta ZineGazteLab, besteren artean.

Bi deialdi horiez gain, Sormen Lantegiak bultzatzeari dagokionez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero bultzatzen du Ikertu deialdia. Sorkuntza kulturalari zuzendutako laguntzen barruan, modalitate honen helburua da proiektuen eta prototipoen aurrediseinura zuzendutako sorkuntza-prozesuei diruz laguntzea. Joan den urtean 12 ekimenek jaso zituzten diru-laguntzak 4.350 euroko beste hainbat laguntzaren bitartez. Azkenik, Sailak diru-laguntza izendun batzuk ditu sormenarekin loturiko proiektuak laguntzeko.