Ingurumenak klima-aldaketara egokitzeari buruzko esperientziak trukatu ditu Belgikako Flandria eskualdearekin

Argitalpen-data: 

3a963efb-bd2d-4d12-bbc4-ef6196b42798.JPG
  • Euskal ordezkaritzak kostaldeko gunetan eta urak har ditzakeen eremutan berotze globalaren eragin-simulazioak ezagutu ditu Ostendeko Itsas Institutuan

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko ordezkaritza bat Flandriako (Belgika) eskualdean dago, kostaldeak eta urak har ditzakeen eremuak klima-aldaketara egokitzeko neurriak —euskal kostaldean aplika daitezkeenak— lantzen dituzten instalazio esperimentalak bisitatzen.

Bi egun iraun duen bisita horretan Ingurumen sailburuorde Elena Morenok, URA – Uraren Euskal Agentziako zuzendari Ernesto Martínez de Cabredok eta Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Aitor Zuluetak hartu dute parte. Bisitaren helburua da urak arriskuak eragin ditzakeen lurraldeetan klima-aldaketaren eraginari aurre egiteko teknika eta estrategia aurreratuenak ezagutzea.

Ostende hirian, euskal ordezkaritzak Flandriako Itsas Institutuko InnovOcean Campusa bisitatu du eta bertako agintariekin eta nazioarteko partner-ekinadibidez, European Marine Board eta Unescoren IODE Proiektuko bulegoa— bildu da. Itsas Institutua da kostaldeko lurretan eta urek har ditzaketen eremuetan klima-aldaketak izan dezakeen eraginaren ikerketan mundu-mailako zentro ezagunenetako bat. Herri horretan bertan GreenBridge parke zientifikoa ere bisitatu dute. Parkea Ganteko Unibertsitateko enpresa-inkubagailu bat da, energia-eraginkortasuna eta energia urdina ikertzen eta garatzen espezializatua. Beranduago, euskal ordezkaritza Anberesera joan zen Flandriako Hidraulikako Laborategiaren funtzionamendua ezagutzeko, eta Anberesko dikeetako uholdeen kontrol-azpiegiturak bertatik bertara bisitatzeko.

“Berotze globalak eragindako ondorioetara —adibidez, itsas-maila igotzea— egokitzeko neurriak hartzen eskualdeen papera funtsezkoa da, jarduketa posibleen erantzukizuna eskualdeko eta tokiko gobernuena delako. Horregatik ezinbestekoa da Europako beste eskualde batzuetan burutzen ari diren esperientziak ezagutzea”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok.

Instalazioen arduradunekin, eta tokiko eta nazioarteko agintariekin izandako topaketetan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Euskadin jarraitzen ari diren ingurumen-arloko politikak azaldu dituzte, baita horien bitartez lortzen ari diren emaitzak ere.

 

Ernesto Martínez de Cabredo URA erakundearen zuzendariak, uholde kasuak kudeatzean Uraren Euskal Agentzia hiru lurraldeetan egiten ari den lana aurkeztu du. Bestalde, Aitor Zuluetak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategia eta horren ondorioz Eusko Jaurlaritza burutzen ari den ekintzak deskribatu ditu. Ekintza horiei esker Euskadi Europako eskualdeen artean aurreratuena da esparru honetan. Gainera, Natura2000 Sarean jasotako espazio naturalen, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien eta Urdaibaiko Erreserba kudeatzen duten kostaldeko ekosistemen klima-aldaketarekiko zaurgarritasun-ebaluazioko azterketak aurkeztu dira.