Industria sailburu Javier Zarraonandiak enpresei eskatu die har ditzatela nazioartekotze arloan espezializatutako langileak

Javier_Zarraonandia.JPG

2019.eko maiatzak 06

- Eusko Jaurlaritzak garapen sostengarriko Agendarekin (2030) hartutako konpromisoa defendatu du Zarraonandiak nazioartekotzearen urteroko hitzorduaren (Intergune+ 2019) inaugurazioan.
- Miguel Ceballos Barónek, Europako Batzordeko Merkataritza Komisarioaren kabineteko buruak, adierazi du 2014tik hona sinatutako merkataritza-hitzarmenei esker 6.000 milioi euroko hesiak gainditu direla.
- Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Sareak banan-banako 500dik gora bilera hitzartu ditu beren negozioa nazioartekotu nahi duten enpresariekin.

Industria sailburu Javier Zarraonandiak enpresen nazioartekotzean espezializatutako langileak behar direla esan du astelehen eta astearte honetan Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n (BEC) egiten ari den Intergune+2019 ekitaldian, nazioartekotzearen urteroko hitzorduan. Era berean, Eusko Jaurlaritzak 2030erako Agendarekin eta garapen sostengarriko helburuekin hartutako konpromisoa defendatu du Zarraonandiak, eta esan du eskualdeetatik eraikitako Europa indartsu bat behar dugula.
700 enpresa inguru ari dira parte hartzen Intergune+ 2019ren aurtengo edizioan. Intergune SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren apustu bat da, eta helburutzat du enpresariei laguntzea beren negozio proiektuak atzerrira ateratzen. Aurtengo edizioa ere topagune bat izango da Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Sarearekin --16 bulego eta aholkulari--, aholkularitza pertsonalizatua emateko Kanpo Sareak barne hartzen dituen 80tik gora herrialderi buruz. Era berean, ezagutzera emango dira nazioartekotzearen arloko zerbitzu berriak, finantzaketa eta laguntzak.
Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendari Ainhoa Ondarzabalek ireki du ekitaldia eta adierazi du banan-banako 500dik gora elkarrizketa egingo direla bi egun hauetan (dagoeneko hitzartuta daude) Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Sarearekin. Edizio honetako berritasunetako bat da Talentu Foroa, “talentu gaztearen interesa piztea eta etorkizuneko adituen harrobia sortzea” helburu duena.
Industria sailburuordeak nabarmendu du Kanpo Sarearen bulegoak oso garrantzitsuak direla, “gurea herrialde txikia delako eta gurea bezalako herrialdeek antenak izan behar dituztelako mundu osoan”. Horrez gain, eskerrak eman dizkie egunero egiten duten lanagatik, “badakitelako Euskadiren errealitatea munduko txoko guztietako errealitateekin interpretatzen eta ezkontzen”. Zarraonandiandiak azaldu du zeintzuk diren Interguneren aurtengo edizioko hiru giltzarriak: profesional espezializatuen premia, garapen sostengarria eta eskualdeetatik eraikitako Europa indartsu bat.
“Profesional onenak izan nahi ditugu nazioartekotze-prozesuak garatzeko” esan du eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzak urtero ematen dituen 500 bekak aipatu ditu, zeintzuen helburua baita gazteei nazioartekotzeari buruzko prestakuntza ematea: nazioarteko merkataritzarako 100 BEINT beka eta nazioarteko mugikortasunerako 400 beka. “Horiei esker, 500 pertsona irteten dira urtero hainbat jomugatara, horietako batzuk imajina ezinezkoak. Esperientzia errepikaezinak dira”.
Gogora ekarri du Iñigo Urkullu lehendakariak duela urtebete baino gehiago aurkeztu zuela Euskadi Basque Country 2030 Agenda, NBEren Garapen Sostengarriko Helburuekin lerrokatua dagoena. Hala, Euskadi izan zen “2030erako Agendarekiko konpromisoa erakutsi zuen Estatuko lehen administrazio publikoa, eta Eusko Jaurlaritzaren politika publikoak bat datoz haren helburuekin”. Ildo horri jarraiki, sailburuordeak baieztatu du Global Compact-Munduko Itunak eta Eusko Jaurlaritzak berriki sinatu dutela “2030 Agenda eta Garapen Sostengarriko Helburuak (GSH) enpresen artean sustatzeko konpromisoa”, Euskadiko hiru enpresa elkarteekin batera (CEBEK, SEA eta ADEGI).
Azkenik, esan du Europa indartsu bat behar dugula “politikoki eta sozialki une zailak bizitzen ari den honetan”. “Euskadin oso argi daukagu hori” aipatu du. “Europazaleak gara eta sinesten dugu behetik gorantz eraikitako Europa indartsu batean. Estatu-kideak ez dira indar hori sustatzen ari, baina badaude lankidetza-sareak jardunbide egokiak dituzten eskualde lehiakorren artean, zeintzuk gai baitira Europa berritzaile, moderno, ireki eta lehiakor bat sortzen lagunduko duten gobernantza industrialeko eredu berriak sortzeko”.
Miguel Ceballos Barónek, Europako Batzordeko Merkataritza Komisario Cecilia Maldstrom-en Kabinete buruak, adierazi du EBk AEBk baino bazkide komertzial gehiago dituela, “80 EBk eta 20 AEBk”. Barónek esan duenez, Europan 16 milioi lanpostu sortu dira atzerriko inbertsioei esker eta “munduko potentzia komertzial handiena gara, munduko merkataritzaren %16,3 ordezkatzen dugulako”.
Baina baditugu arazoak ere. EBk dumping-aren aurkako 92 neurri ditu indarrean, batik bat altzairuaren sektorean, eta neurri horien bi heren Txinaren aurkakoak dira. “Lau urtetan dumping-aren aurkako 95 neurri hartu behar izan ditugu, sekula ez da halakorik gertatu”. Ceballosek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batzordearen arteko “lankidetza bikaina” izan dela altzairu sektorean, eta Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiaren lana aipatu du “zeinak hainbat bisita egin baitzituen Bruselara 2016an. Dumping-aren aurkako neurriei esker atera ginen egoera hartatik, baina ez da egoera ideala”.
Merkataritza Komisarioaren kabinete buruak adierazi du azken lau urteotan “15 merkataritza-hitzarmen itxi direla eta guztira 40 dauzkagula. Horri esker, esportazioak %15 hazi dira 2014az geroztik, eta 6.000 milioi euroko hesiak desagerrarazi ditugu”. Hizpide hartu ditu duela urte eta erdi Kanadarekin sinatutako akordioak, zeintzuei esker “gure enpresek Kanadako probintzietako kontratuen lizitazioetan parte har baitezakete lehenbizikoz”. Otsailean Japoniarekin sinatutako hitzarmenari esker, 1.000 milioi euro gutxiago ordaintzen ditugu muga-zergetan. “Bakarrik oihalen sektorean merkataritza 25.000 milioi euro haz daiteke datozen 10 urteetan”.
Ceballosek hizpide hartu du “ekainean edo uztailean Vietnamekin itxiko den hitzarmena”, urtearen amaieran indarrean sartuko dena eta ia muga-zerga guztiak desagerraraziko dituena. “Une honetan %78koak dira automozio sektorean eta %35ekoak makinarian”. Gainera, beste itun komertzial bat izango dugu Mexikorekin, zeinak nekazaritza eta elikagaien merkaturako sarbidea irekiko baitu lehen aldiz.
Intergune ekitaldian merkatu-nitxoetako liderrei buruzko mahai-inguru bat egin da, Orkestrako Nazioartekotze arloko ikerlari nagusi Bart Kamp aritu delarik moderatzaile-lanetan. Kampek esan du Euskadik badituela produktu bereiziak eskaintzen dituzten enpresak. Mahai-inguruan parte hartu dute Juan Tomás Hernanik (Satlantis enpresako kudeatzaileak), Sergio Ruiz de Larreak (Ona Electroerosion enpresako zuzendari komertzialak), Aitor Alapontek (P4Q enpresako kudeatzaileak) eta Enrique Paramák (Lantek-eko marketin zuzendariak).
Esan dute merkatu-nitxoak direla enpresa handiek ikusten ez dituzten negozio-eremuak eta bere ezaugarria dela iragankortasuna, baina deborarekin ikusgarri bihurtzen direla eta orduan multinazionalak sartzen direla nitxo barruan. Aipatu dute giza baliabide eta baliabide material askoz gehiago dituzten enpresekin lehiatzen direla, zeintzuk prest dauden irabazi-marjina baxuagoak izateko. Ados etorri dira esatean erronka nagusia dela langile espezializatuak aurkitzea jomuga herrialdeetan.