Ihobek bat egin du «Santiagua Bidea»rekin, Donejakue Bidearen urpeko adarra sortzea eta Kantauri itsasbazterraren balioa nabarmentzea xede dituen proiektua

Ihobeko zuzendari nagusi Jesús Losada eta Getxoko Udalaren Turismo, Euskara eta Kultura zinegotzi Irantzu Uriarte, Santiagua Bidearen koordinatzailarekin, Adolfo Rodríguezekin, eta taldeko beste bi kiderekin

2019.eko abuztuak 04

  • Jesús Losada Ihobeko zuzendari nagusiak parte hartu du gaur goizean lehorreko lehen monolitoa jartzeko ekitaldian, Getxon. Monolitoak Santiago de Compostelaranzko norabidea zehazten du eta itsas hondoan jada badaudenei gehituko zaie
  • Bide berria sortzea ez ezik, proiektuak itsasoan dauden plastikoei, itsas baliabideen ustiapenari eta klima-aldaketari buruz sentsibilizatzea ere badu xedetzat 

Jesús Losada Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren zuzendari nagusiak parte hartu du gaur goizean «Santiagua Bidea» zehazten duen lehorreko lehen monolitoa aurkezteko ekitaldian. Ekimen aitzindari horrek Donejakue Bidearen urpeko adarra sortzea du helburutzat eta, aldi berean, Kantauri itsasbazterraren balioa nabarmentzea. «Ingurumen-hezkuntzaren arloko funtsezko alderdia du proiektuak, haren xedeetako bat gure itsasbazterreko itsas ekosistemak kontserbatzea eta plastikoen ondoriozko kutsadurari, itsas baliabideen gehiegizko ustiapenari eta berotze globalari buruz sentsibilizatzea baita», adierazi du Jesús Losadak.

«Santiagua Bidea» proiektua uztailaren 25ean hasi zen, Santiago Egunaren ospakizunarekin batera, Adolfo Rodríguez «Euskobuzo» urpekari zailduaren ametsaren ondorioz. «Mundu osoko pertsonek ibiltzen dute Donejakue Bidea Santiago de Compostelara iristeko. Urte honetatik aurrera beste adar batetik egingo da bidea: Kantauri itsasotik. Mundu osoko urpekari guztiek izango dute bide aitzindari hau egiteko parada», adierazi du.

Bide berriak 21 etapa ditu, zenbait monolitoz zehaztuta, Santiago de Compostelaranzko norabidea adierazteko. Getxoko kirol-kaian gaur aurkeztu duten monolitoa, lehorrean dagoen lehenengoa, Galea lurmuturreko eta Santanderreko Mouro uharteko itsas hondoan jada ezarritakoei gehitu zaie. Bidea zehazteko urpeko 5 monolito gehiago jarriko dira Hondarribia, Donostia, Gijón, Ribadeo eta A Coruñan.

Donejakue Bidearen beste adar bat sortzeaz gain (bidea homologatzeko eta «peregrinosub» figura sortzeko izapideak egiten ari dira), proiektuak ingurumenaren arloko xedeak ere baditu batez ere; izan ere, ekimena bultzatu dutenek adierazi bezala, proiektua helburu hauekin sortu da: «Kantauri itsasoko biodibertsitatea leheneratu eta babestea, gehiegizko arrantza eragoztea, plastikoen ondoriozko kutsaduraren aurka borrokatzea, hidrokarburoen isuria kontrolatzea, klima-aldaketari buruz kontzientziatzea eta itsas erreserbak sor daitezen bultzatzea».