Ibilgailu berrien erosketaren susperraldia bultzatzeko Renove Plan bat martxan jarriko dela iragarri du Tapiak

2019.eko otsailak 07

  • Automozio Sektorearen Erronkak elkarraldian parte hartu du Arantxa Tapiak
  • Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo du automozioaren sektorea babesten dieselaren inguruko ustezko araudien ondorioz jasaten ari den egoeraren aurrean

ACICAE, AIC-Automotive Intelligence Center-ek eta Expansión-ek antolatutako Automozio Sektorearen Erronkak elkarraldian parte hartu du Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak. Elkarraldian izan dira baita ere Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáez eta Industriako sailburuorde Javier Zarraonandia.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, automozioaren sektorearekin lankidetzan aritzeko Eusko Jaurlaritzak hartua duen erantzukizunetik, azken kontsumitzaileentzako laguntza-programa berri bat martxan jarri dela iragarri du, ibilgailu berrien erosketaren susperraldia bultzatzeko helburuz.

Tapiak azaldu duenez, Renove Plan bat da, konbustio-ibilgailu zaharrak ordeztea asmotzat duena, CO2 emisioak gutxitzeko eta, klima-aldaketaren eszenarioan, Europak eta baita Euskaditik ere hartutako konpromisoak betetzen laguntzeko. Laguntza-programa honen helburua da, besteak beste, ibilgailu elektrikoa, hibridoa eta emisio mugatua duten gasolina eta gasoil ibilgailuak sustatzea. Hau da, Renove Plan bat, ibilgailu elektrikoetara mugatu gabe, zenbait aukera eskainiko dituena; guztiak baliodunak eta ingurumena errespetatzen dutenak, gure ustez. Horrela Tapiak esan du aukera horiek beharrezkoak dira erabiltzaileentzat, automozioaren industriarentzat eta, azken batean, sistema osoarentzat.

Ekonomian eta industrian halako desazelerazio bat antzematen den testuinguru batean, Tapiak azpimarratu egin nahi du industria-ehuna egiten ari den ahalegina prestatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Zentzu horretan, Tapia sailburuak gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo du automozioaren sektorea babesten; eta horretarako bere erabateko babesa erakutsi dio automozioaren etorkizuneko erronkei erantzuteko neurriak diseinatu eta gauzatzeko eratuko duten Lan Taldeari.

Gainera, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak azpimarratu egin du azken hilabeteetan automozioaren sektorea jasaten ari den egoera mezu gurutzatuen eta zehaztasun gabeziaren ondorioz hedabideetan, dieselaren inguruko ustezko araudiak direla eta. Zentzu horretan, azaldu duenez, ibilgailuen erosketak behera egin du merkatuan, non sinesgaitz eta informazio zehatzik gabe ageri diren kontsumitzaileak.

“Automozioa aitzindari teknologikoa izan da eta da Euskadin. Are gehiago esango nuke etortzen ari denari erantzuteko prestatzen ari dela. Hori bai, jabetuta egiteko asko dagoela eta “ibilbide-orri” bat behar dugula, ondo zehaztua, eskakizun handikoa eta koordinatua”, esanez amaitu du sailburuak.