Hiruko II. Konferentzia Nazionala "Nahi dugun lanaren etorkizuna"

2019-02-05_FOTO_1.jpg

2019.eko martxoak 05

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék Hiruko II. Konferentzia Nazionalean hitz egin du gaur. Konferentzia Madrilen egin da, Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren egoitzan, “Nahi dugun lanaren etorkizuna” lelopean.

Konferentzia Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek inauguratu du, eta, ondoren, Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako ministro Magdalena Valeriok, Lanaren Nazioarteko Erakundeko (LANE) zuzendari nagusi Guy Ryder-ek, CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok, UGTko idazkari nagusi Pepe Alvarezek, CEOEko presidente Antonio Garamendik eta CEPYMEko presidente Gerardo Cuevak ere hitz egin dute.

Mª JESÚS SAN JOSÉ SAILBURUAREN HITZALDIA

Lanaren Nazioarteko Erakundearen mendeurrena ospatzen dugun urte honetan, ohore handia da niretzat Hiruko bigarren Konferentzia Nazionalean parte hartzea.

Beraz, eskerrak eman nahi dizkiot Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioari konferentzia hau antolatu izanagatik. Eskerrak eman nahi dizkiet, halaber, CEOE eta CEPYME enpresa-erakundeei eta CCOO eta UGT sindikatuei, gizarte-elkarrizketaren alde egin izanagatik eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen nazioarteko konferentzietan aktiboki parte hartu izanagatik.

Euskadin, 2017-2020 legegintzaldiko gobernu-programa Nazio Batuen 2030eko Giza Garapen Jasangarrirako Estrategiarekin lotuta dago Basque Country 2030 Agendaren bidez. Agenda horrek gobernu-programaren barruan Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin lotura handiagoa duten helburu eta konpromisoak ditu ardatz, eta haien jarraipen espezifikoa egingo da Agendak berak gobernantzarako ezarritako tresnen eta bitartekoen bidez. Helburu guztien artean, 8. helburua azpimarratu nahi dut, hau da, guztiontzako hazkunde ekonomiko jarraitua, inklusiboa eta jasangarria, enplegu betea eta produktiboa eta lan duina sustatzea. Eusko Jaurlaritzan, ahalegin berezia egiten ari gara ildo horretan.

Lehenik eta behin, adierazi nahi dizuet Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak bere egiten duela Lanaren Etorkizunari buruzko Munduko Batzordeak urtarrilaren amaieran aurkeztu zuen “Etorkizun hobe baten alde lan egitea” izenburuko txostena. Gure zorionik beroenak Batzordeari eta Lanaren Nazioarteko Erakundeari egindako lanagatik.

Adierazi nahi dizuet, halaber, gure gain hartzen ditugula bidezko lana eskainiko duen etorkizuna eraikitzeko ditugun ardurak, txostenean eskatzen zaigun bezala. Kontratu soziala sendotzen ari gara Euskadin eta Espainia osoan, pertsonen gaitasunak handiagotzen ari gara bizitza osoko prestakuntzaren bidez, eta aukerak lan duin bat, hau da, kalitateko lan deitu ohi dioguna lortzera bideratzen ari gara. Eta denok uste dugu hori guztia gizarte-elkarrizketaren bidez egin behar dela.

Nolanahi ere, ez nuke dei generikoak egitera mugatu nahi. Aitzitik, lan-harremanen bilakaerari buruzko gogoeta egin nahi nuke zuekin, enpleguaren etorkizunaren inguruko zalantza handiak agertzen dituen egungo testuingurua kontuan hartuta. Azken hamarkadako lan-erreformak enpleguaren suntsipenari aurre egiteko baliagarriak izan direla argudiatzen bada ere, oso zaila da zehatz-mehatz jakitea zer gertatuko zen kuantitatiboki enpleguarekin, erreformarik egin izan ez balitz.

Suntsitu gabeko enpleguarekin zer gertatu den eta enplegu sortu berriarekin zer gertatzen ari den, berriz, errazago egiazta daiteke, horri buruzko parametro objektiboak eta ebidentzia enpirikoak baititugu.

Datuek erakusten digutenez, negoziazio kolektiboaren estaldura-tasek nabarmen egin dute behera, soldata-errentek indar erlatiboa galdu dute aberastasunaren banaketan, soldatako herritarren batez besteko ordainsari errealek behera egin dute, enplegua polarizatu egin da eta langile finkoen eta aldi baterakoen arteko segmentazioa, zuzendu ordez, gora egiten ari da edo kroniko bihurtzen ari da.

Lan-harreman kolektiboen esparruaren ahultzea (Espainiako lan-legeriaren bilakaera berriak baldintzatutako negoziazio kolektiboari dagokionez bereziki) kontuan hartu beharreko adibidea da. Izan ere, tokiko faktore bat gaineratzen dio estatuek burujabetza politikoari eta burujabetza ekonomiko-finantzarioari dagokienez duten autonomiaren galera nabarmenaren dimentsio globalari.

Bat nator Lan Zuzenbideko katedradun eta Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Gizarte Elkarrizketarako Europako eta Latinoamerikako Zentroko (CELDS) zuzendari Antonio Baylosek idatzitako eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen Hiruko I. Konferentzia Nazionalaren bigarren liburukian jasotako artikuluarekin ("Lanaren etorkizuna haren arauzko erregulazioaren etorkizuna da ororen gainetik”).

Nolanahi ere, lan-harremanen eredu berriek beren formak eta edukiak berritu behar dituzte, eta, tresna berriak ez ezik, diskurtso berriak eta ikuspuntu partekatuak ere landu behar dituzte. Izan ere, asmoek badiraute, baina asmo horiek gauzatzeko garaiak funtsean eta bizkor aldatzen dira.

Lan-harremanetan lortu nahi den ereduari buruzko diskurtsoa da, eta bi premia biltzen ditu: enpresen lehiakortasuna areagotzea eta haien jasangarritasuna bermatzea (enpleguari eusteko beharrezko baldintza gisa), eta enplegua “kualifikatzea”, gaitasunei eta ahalmenei dagokienez ez ezik, lan-baldintzei dagokienez ere bai. Ez da gatazka ukatu behar, baina enpresa- eta sindikatu-kultura eta gatazka bideratzeko eskuragarri dauden tresnak aldatu behar dira.

Azken batean, aurrera egin behar da lankidetzan oinarrituago egongo den eta liskarra gaindituko duen lan-harremanen eredu baterantz, enpresa berrien testuinguruan eta zeharkako bi ardatzekin: lehen ardatzak ereduaren egonkortzea ziurtatuko du akordio sektorialen bidez eta enpresa txikiak nagusi diren gure produkzio-sarearen ezaugarriak kontuan hartuta, eta bigarren ardatzak, berriz, langileen parte-hartzea eta inplikazioa areagotuko ditu enpresetatik bertatik. Badakit lan-harremanen ereduen inguruan adostasun zabala behar dela, eta adostasun hori gizarte elkarrizketako prozesu irekien baitan baino ezin dela lortu (bi dimentsioak kontuan hartuta, hots, bi aldekoa eta hiru aldekoa).

Ez nuke amaitu nahi emakumeek bete beharreko zeregina eta berdintasuna lortzeko egin behar ditugun urratsak aipatu gabe. Eusko Jaurlaritzak Soldata Arrakala Murrizteko Estrategia eta Ekintza Plan Eragilea 2019-2020 izenekoa jarri du abian. Asmo handiko plana da, eta Gizarte Elkarrizketan Genero Berdintasunerako Lantaldea eratzearekin osatu da. Lantalde horrek kontziliazio erantzunkidea sustatzera zuzendutako neurriak, enpresetako berdintasun-planei lotutako neurriak, negoziazio kolektiboan genero-berdintasunari eman beharreko tratamendua eta Soldata Arrakala Murrizteko Plan Eragilearen garapena, ekarpenak eta jarraipena izango ditu eztabaidagai. Aukera baliatu nahi dut Espainiako Gobernuari zorionak emateko, enpleguan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzko Errege Lege Dekretua onartu izanagatik.

Amaitzeko, adierazi nahi dut Lanaren Munduko Erakundearen dokumentuei eta Batzordearen txostenari buruzko eztabaidarekin bat datozen gogoeta batzuk egin nahi izan ditudala, funtsezkoa baita, nire ustez, elkarrekin aurrera egitea. Euskadin, elkarrekin lan egiten dugu, Comisiones Obreras, UGT eta Confebaskekin. Onena espero dut eztabaida horretatik eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen mendeurrenetik. Erakunde hori beharrezkoa zaigu kontratu sozial berria lantzeko eta lanaren etorkizuna guztiontzako lan duina, kalitatekoa, berdina eta segurua izateko.

Eskerrik asko zuen arretagatik