Hezkuntza Sailaren eta Gasteizko udalaren arteko asmo protokoloa, elkarbizitzan eta ekitatean oinarritutako hezkuntzaren alde elkarlanean jarduteko (Gobernu Bilera 2019-03-12)

fotoconsejo.jpg

2019-03-12

Hezkuntza Sailburuak Gobernu Kontseiluari gaurko bileran helarazi dio Hezkuntza Sailaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean onartutako asmo protokoloa, elkarbizitzan eta ekitatean oinarritutako hezkuntzaren alde elkarlanean jarduteko.

Gero eta anitzagoa den gure gizarte honek erronka berriak ditu aurrean, eta erronka horiek eragin handia dute hezkuntzan. Horren ondorioz, erakunde guztion ahaleginak bateratu behar ditugu ekintza politiko koordinatu eta berritzaile baten bidez ahalik eta erantzunik onena eman diezaiogun elkarbizitzan eta ekitatean oinarritutako hezkuntzari.  

Elkarlanean jarduteko sistema honen helburu nagusia izango da elkarbizitzan eta ekitatean oinarritutako lankidetzarako mekanismoak eta ekimenak arautzea.

Hezkuntza Sailak eta Vitoria-Gasteizko Udalak hainbat konpromiso hartzen dituzte euren gain protokolo honen bidez. Konpromiso horiek lankidetza-hitzarmen baten bidez garatuko dira:

  1. Ikasle guztiek hezkuntzarako aukera berdinak izango dituztela bermatzea.

Aukera-berdintasunak kalitatezko irakaskuntza inplikatzen du, ikasle guztiei oinarrizko konpetentziak garatzea bermatuko diena, bakoitzaren gaitasunak, ezaugarri fisikoak, sexua, arraza edo gizarte-klasea kontuan izan gabe.

Aukera-berdintasuna eta ekitatean oinarritutako hezkuntza ziurtatzeko, lehentasun osoa du eskolatze-prozesuan behar bezalako eta beharrezko informazioa eta orientazioa dutela bermatzeak, eskolatze orekatuagoaren alde, herritarrengandik hurbilen dauden zerbitzuekin ahalegin eta elkarlan bateratua eginda.

  1. Vitoria-Gasteizko eskola-sisteman kohesio handiagoa eta eskolatze orekatua sustatzea

Ikastetxeen osaketa sozialean oreka lortzeko ahaleginak eskola-sistemaren kohesio handiagoa ekarriko du, eta horrek, aldi berean, elkarbizitza, gizarte-inklusioa eta gizarte eta hezkuntza egoera ahulenean dauden kolektiboen hezkuntza-arrakasta ahalbidetuko ditu.

Hainbat faktorek, hala nola, lurraldearen egitura sozialak, bizitegien banaketak, etxebizitzarako laguntzek, ikastetxeen kokapenak edo biztanleriaren mugikortasun-ereduek, eskatzen dute hezkuntza-eskaintzaren eta -planifikazioaren politikekin batera tokiko beste politika batzuk ere garatzea udal-erakundeekin lankidetzan. 

  1. Vitoria-Gasteiz hiri hezitzailean elkarbizitza eta gizarte-kohesioa sustatuko dituen hezkuntza inklusiboa eta kulturartekoa bultzatzea.

Mundu globalizatu eta anitz honetan, eskolak elkartzeko, inklusiorako, begirunea adierazteko eta bakarkako eta taldeko garapenerako lekua izan behar du. Elkarbizitza positiboaren parametroen babesean eskola inklusibo eta kulturarteko bat izateko bidean aurrera egitea gure gizarteak bere gain hartu beharko lukeen eta helburu izan beharko lukeen printzipioa izan behar litzateke.

Elkarbizitza eta gizarte-kohesioa sustatzeak kulturarteko harremanetan eta elkarbizitza positiboan oinarritutako gune bat eraikitzea eskatzen du, eskola-inguruneaz haratago, eta ikasleek eta euren familiek hezkuntzaren, jolasaren eta kulturaren arloko jardueretan parte hartzea sustatu behar da, beraz, profil ezberdinekin elkarreragiteko aukera gehiago izan ditzaten eta gizarte osoaren benetako isla izango den ingurunean txertatu ahal izan daitezen.

  1. Vitoria-Gasteizko gizartearen eta hezkuntzaren arloko eragileen eta erakunde publikoen ekintza koordinatua sustatzea, egoera ahulean

Heziketarekin batera orokorragoak eta sektoreartekoak diren politikak eta ekimenak gauzatu behar dira, eta politika eta ekimen horiek ekintza-plan eta akordio bateratuetan zehaztu ahal izango dira, sektorearteko jardunbiderik egokienak sustatzeko eta esku-hartze koordinatuak eta integralak garatzeko.

Ekitate handiagoa lortzen laguntzeak gizarteratzeko eta ekitatean oinarritutako hezkuntzarako laguntza espezifikoak inplementatzea inplikatzen du. Horrez gainera, gizarte egoera ahulenean dauden familiak ingurune edo auzo jakinetan bizi ohi direla kontuan hartuta, ingurune horietara bideratutako esku-hartze integralak planteatu behar dira eta zerbitzuen eta profesionalen (hezitzaileen, gizarte-langileen, terapeuten eta abarren) eta gizarte-erakundeen arteko elkarlana sustatu behar da ikasleen premiei behar bezala antolatuta erantzuteko.

Alde bien interesa da, bai Hezkuntza Sailarena zein Vitoria-Gasteizko Udalarena, harturiko konpromisoak bi erakundeen artean landuko den lankidetza hitzarmen batean gauzatzea. Uneotan administrazio-izapidetan dagoen hitzarmen horrek jasoko ditu elkarrekin burutu beharreko ekimenak.