Hezkuntza Sailak itunpeko sarean ari diren DBHko irakasleei ordainsariak parekatu dizkie

2019.eko apirilak 12

Hezkuntza Sailak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleen parekatze neurria jakinarazi die itunpeko ikastetxeei. Joan zen otsailaren 14an, 2019rako Premiazko Aurrekontu Neurrien 3/2019 Legearen bidez, beste zenbait neurriren artean, honako hau jaso zen: lizentziatura edo beste titulazio baliokide bat duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko irakasleen ordainsariak parekatzea, DBHko gainerako irakasleenekin.

Parekatze hau apiril honetako nominan gauzatuko da, baina atzeraeraginkortasunez aplikatuko da urte honetako urtarriletik.

Horrez gain, martxoan, itunpeko sareko irakasleentzako soldata igoera ere egin zen. Igoera hau, %2,25ekoa, aurrez sare publikoko langileentzako onartutako igoeraren parekoa da. Martxoan aplikatzen hasi arren, hau ere atzeraeraginkortasunez aplikatu zen, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Bi neurri hauekin, Eusko Jaurlaritzak erantzuna ematen die itunpeko sareko langileen beharrei, bi zentzutan: finantziazio publikoa duten langile guztientzat onartutako ordainketa igoeren bidez batetik, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleekin ordainsariak parekatuz, bestetik.

Era berean, Hezkuntza Sailak berriki eginiko proposamena lantzen jarraitzen du: jaiotze tasan gertatzen ari den jaitsieraren aurrean, irakasleak birkokatu eta lantaldeak gazteagotzeko eta hezkuntzako profesionalen belaunaldi-erreleboa errazteko proposamena, txandakako lan-kontratuen bidez. Hezkuntza Sailaren usteaz neurri hauek eragin positiboa dute itunpeko hezkuntzako profesionalentzat.