HEZKUNTZA SAILAK ETA FRANTZIAKO HEZKUNTZA MNISTERITZAK EREMU INKLUSIBOAN ANIZTASUNAREN ALDE BULTZATUTAKO POLITIKAK TRUKATU DITUZTE

IMG_3251_def.jpg

2019.eko uztailak 12

  • Maite Alonso Hezkuntzako sailburuordeak eta Lucía Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak Frantziako Hezkuntzako Ministerioko arduradunekin hezkuntza-premia bereziak aztertu dituzte

Maite Alonso Hezkuntzako sailburuordeak eta Lucía Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak Frantziako Bordele hirian topaketa izan dute Frantziako Hezkuntzako ministeritzako arduradunekin. Bileraren bidez, bi gobernuak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikaslekin parte-hartzearen inguruan sustatzen ari diren politikei buruzko esperientzia eta ezagutzak partekatu eta trukatu nahi izan dira. Frantziako Hezkuntzako ministeritzatik, Demotier errektorea izan da topaketan, M. Laffont aholkulari teknikoarekin batera, eta Bernardette Paccalin, Bordeleko Akademiako lankidetzako eta Europako eta nazioarteko harremanetako ordezkari akademiko den aldetik.  

Bi gobernuen arteko elkarlana iaz izandako lehen topaketaren ondorioz sortu da. Orduan, Euskadin eskola inklusiboaren planteamendutik eta aniztasunari eman beharreko erantzunetik jarduteko garatzen den esparruaren berri eman zen. Lehen hitzordu horren ondorioz, bigarren hitzordua ere egon da, eta bi erakundeek harremanak mantentzeko duten interesa ere ekarri du.

Bordelen izan den topaketan, Alonso sailburuordeak nabarmendu du nolako garrantzia duen benetako eta erabateko ekitatea bermatzen duten politikak babestu eta sustatzeak, nagusiki ikasle bakoitzak behar dituzten beharrizanei erantzuna emateko parte-hartzea bilatuz. Hori horrela, zenbait elementuren gainean hausnartu dute, besteak beste: eskola inklusiboaren alde estrukturalak eta erabilgarriak diren elementuen kudeaketa, horretarako ikasleen eskolatzeari buruzko datuak kontutan izanik. Edota baita Euskadiko Hezkuntza sisteman ematen diren aholkularitzaren, laguntzaren eta formazioaren inguruan zenbait ekimen.

Maite Alonso sailburuordearen iritziz, “horrelako topaketek esperientziak partekatzen eta beste administrazio batzuetako prozedurak eta errealitateak ezagutzen laguntzen dute. Ezagutzen truke horrek alde guztiak aberasten ditu. Funtsezkoa da ahalik eta inklusio handiena lortzeko lanean jarraitzea, benetako ekitatea bermatzea eta, batik bat, ikasle guztiek beren gaitasunaren garapen maila handiena lortu ahal izateko beharrezko laguntza sustatzea”.

Topaketaren ondoren, bi gobernuetako arduradunek zenbait edukitan elkarlanean jarduteko interesa erakutsi dute. Frantziako Hezkuntza Ministerioko arduradunek, ikasleen hezkuntza beharren eta aniztasunaren alorrean bultzatzen diren politiken inguruko Europako proiektu batean elkarrekin parte hartzeko aukera planteatu dute.