Hezkuntza Sailak eskoletako jantoki zerbitzuaren inguruko berritasunak azaldu ditu, eta jantoki hauen kudeaketarako elkarrizketaren aldeko apustua berretsi du

2019.eko martxoak 08

  • Hezkuntza Sailak eskola jantokien zirkular berria argitaratu du; eskola menuen edo ratioen inguruko jarraibideak emateaz gain, ohiko bazkaltiarraren kontzeptua zabaltzen du
  • Une hauetan kontrataziorako plegu berriak izapidetan daude; ingurumen ikuspegitik produktu hobeak barneratuko dira, lote kopurua ugarituko, edo Osasun Sailaren Elikadura Osasungarriaren aldeko Planean jasotzen diren proposamenak gehituko.
  • Hezkuntza Sailak debatea eta kontsentsua lehenetsi du, epeen aurretik; eskola jantokien kudeaketaren inguruko eztabaida bultzatzea proposatzen du, behin betiko edozein aldaketa bultzatu arreko urrats gisa

Aste honetan, Hezkuntza Sailak eta Ehigek –sare publikoko familien elkarteak- Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan bilera izan dute, eskola jantokien inguruko debateari heltzeko.

Bilera horretan, Hezkuntza Sailak jantokietako zirkular berria azaldu die Ehigeko arduradunei. Dokumentu honek familia elkarteen federazioak egindako ekarpenak jasotzen ditu. Era berean, otsailean egin zuten bileran adostutakoari jarraituz, eskola jantokien kudeaketa ereduaren inguruko debateari heldu diote berriro.

Kudeaketari dagokionez, alde biek adostu dute batetik, eskola jantokien jarraipen batzordea aktibatzea (urtarrilaren 10eko bileran Ehige-k eskatua), eta bestetik, batzorde horretan eragileek ekarpenak egin ahal izatea Hezkuntza Sailak aurreragokoan iragarri zuen guraso elkarteen bidezko kudeaketa ereduaren inguruan. Aipaturiko kudeaketa eredu hau, guraso elkarteen bidezkoa, borondatezkoa da betiere. Jarraipen batzorde horretan zerbitzuaren kudeaketarako bestelako proposamenak egin ahal izango dira, horien bideragarritasunaren inguruko hausnarketa, eztabaida eta analisi juridikoa egiteko. Hezkuntza Sailak garrantzitsu deritzo eztabaida lehenesteari, egutegiaren zurruntasunaren aurretik. Horregatik, eztabaidan jarraitzeko beharra berresten du, jarrera partekatu bat lortzeko, aurretik iragarritako epeak epe.

Zirkular berria eta kontrataziorako baldintza agiri berriak

2012ko dokumentua eguneratzen duen zirkular berriari dagokionez, Hezkuntza Saileko arduradunek dokumentu honen alderdirik esanguratsuenak azaldu dizkiete. Testu berriak, besteak beste, eskola menuen nahiz ratio berrien inguruko aldaketak jasotzen ditu. Era berean, zirkular berriak ohiko bazkaltiarra kontzeptua ere aldatu du, eta aurrerantzean halakotzat hartuko da jangela zerbitzua astean behin gutxienik erabiltzen duen ikaslea. Neurri hau, batez ere, familia bizitzaren kontziliazioa errazteko hartu da.

Kontrataziorako plegu berriak ere hizpide izan dira bileran. Une honetan izapidetan dauden (eta kolektiboentzako sukaldaritza enpresek bete beharreko baldintzak jasotzen dituzten) plegu hauen berritasun esanguratsuenen artean, hauek daude: ingurumen ikuspegitik produktu hobeen aldeko apustua; Osasun Sailak bultzatu duen Elikadura Osasungarriaren aldeko Planeko lan taldeak eginiko proposamen guztiak barneratzea; edo lote kopurua handitzea lehiaketan, Enpresa Txiki eta Ertainen parte-hertzea ahalbidetzeko.