Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Athletic Fundazioak korridore-partida bat antolatu dute ospitaleratutako haurren eta Athletic Clubeko jokalarien artean

_HUC0076.JPG

2019.eko maiatzak 13

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Athletic Fundazioak korridore-partida bat antolatu dute gaur goizean Pediatriako bosgarren solairuan. Ospitaleratutako zenbait haurrek, erizainek, medikuek eta Iñigo Córdoba, Unai López, Óscar de Marcos, Ainhoa Tirapu, Oihane Hernández, Carlos Gurpegui eta Andoni Lakabeg jokalariek jokatu dute partida. Bi erakundeek osasun-arreta humanizatzen laguntzeko egindako akordioari esker egin izan da.

Ez da atsegina ospitalera joan behar izatea, ezta ospitaleratuta egon behar izatea ere. Inork ez du gustuko bere familia-bizitzaren dinamika eten eta ospitale batera joan behar izatea, dela haurrak sukarra duelako, erori egin delako edo bestelako osasun-arazo bat duelako. Haur eta nerabeek ere ez dute gustuko.

Une horietan areagotu egiten dira antsietatea, kezka eta are beldurra ere. Pentsa dezagun nolako aurpegia ipini ohi duten medikua hurbiltzen zaienean (edo haiek auskultatzen saiatzen denean), odola ateratzen dietenean edo zauri bat sendatzen dietenean... Eta ez ditzagun ahaztu haur horiei bururatuko zaizkien baina ahoz adierazten ez dituzten gauzak.

Egoera hori ahal bezain beste arintzeko hasi ziren lankidetzan 2016an Athletic Fundazioa eta Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESI. Harrezkero, zenbait jarduketa egin dituzte: 

 

Pediatriako Larrialdiak

Larrialdietako esperientzia ahalik eta atseginena izan dadin, Athletic Fundazioak eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak geletako eta korridoreetako dekorazioa egokitzea erabaki zuten; horretarako, irudi edo marrazki hezigarriak eta alaiak erabili ditugu, kolore atseginetakoak eta kirola sustatzen dutenak. Ildo horretan, eta haurra entretenitzeko asmoz, sabaian irudiak proiektatzen dituzten DVD irakurgailu batzuk instalatu genituen, pazienteak ikusi ahal izan ditzan ohatilan etzanda dagoen bitartean.

 

Material sanitarioa kustomizatzea eta sariak.

Zergatik ez kirolaren balioak txertatu ospitaleko eguneroko jardueretan? Horra hor, ideia horren atzean, osasun-arloko profesionalek egunero erabiltzen dituzten estrategiak haurrei jostura bat egin behar dietenean, bide bat ireki, txerto bat ziztatu, odola atera... euren parte-hartzea eta laguntza lortzeko.

Tresneria sanitarioak (orratzak, serumak, aposituak, bendajeak eta ferulak), nahiz eta erruz erabiltzen den pediatria-arloetan, beldurra eta herstura sorrarazi ohi ditu haurrengan. Tresneria horren itxura aldatu eta atseginagoa bihurtuz, haurrek une hori iritsitakoan gehiago laguntzea lortuko dugu, eta nota altuarekin gainditzen lagunduko diegu.

Eta, gainera, esku-hartze sanitarioaren ostean sari txiki bat ematen badiegu (pegatina bat, tatuaje bat...), haien arreta sarian biltzen saiatzen gara, eta une horretan beharbada sentituko duten minetik desbideratuko dugu haien gogoa. Zer esanik ez, gainera, sari hori Athleticekoa bada... Pozarren egongo dira!

Hori dela eta, Athletic Fundazioaren ekarpenari esker, pauso bat gehiago ematea erabaki dugu: laster, ospitaleko pediatria-arloetan gehien erabiltzen den material sanitarioa (xiringak, aposituak, serumak, ponpak, bendajeak, ferulak eta abar) kustomizatu egingo dugu, kirol gaiak erabilita.  Intsignia formako pegatinak sortuko ditugu, baita errefortzu positiboko mezuak dituzten tatuajeak ere, sari gisa emateko haurrei, osasun-langileak esku hartzean agertu duten ausardiagatik.

Gure erakunde barruko pediatria-arloak 819.287 pazienteko populazio bati ematen die zerbitzua; izan ere, Ezkerraldea-Enkarterri arloetako pazienteei arreta ematea ez ezik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzua Uribe eta Barrualde eskualdeetarako erreferentzia-zentroa ere bada. Gainera, espezialitate batzuetan (esate baterako, giltzurrunaren transplanteak, sortzetiko kardiopatiak, metabolismoaren sortzetiko hutsegiteak edo haurren minbizia), Euskal Autonomia Erkidego osoko eta hurbileko beste erkidego batzuetako pazienteak ere artatzen ditu. 

Nabarmendu behar da irekitako ikerketa-ildo estrategikoari esker osasun-zentroa harremanetan jarri zela Athletic Fundazioarekin eta, Pediatriaren arloan egin zen sorkuntza-tailer baten bidez, bi erakundeak lankidetzan aritzeko eredu bat garatu zela.

Gainera, azken urteetan, hainbat ekimenetan lanean dihardugu gure erakundean, egunero artatzen ditugun haur eta nerabeei eskaintzen diegun arreta humanizatzeko. Pertsonak osasun-sistemako ardatz nagusi bihurtzeko Osakidetzak diseinatua duen estrategiarekin ere bat egiten dugu.