Gobernuak uko egin dio Elkarrekin-Podemosek ustezko delitu edo arau hausteak salatzen dituzten pertsonak babesteko aurkeztu duen ekimenari, erredundantea delako (Gobernu Bilera 2019-02-19)

fotoconsejo.jpg

2019.eko otsailak 19

  • Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du dagoeneko Eusko Legebiltzarrean ari direla bi lege izapidetzen eta, horietan, Elkarrekin-Podemosen ustelkeriaren aurkako proposamen guztiak sar litezkeela
  • Gainera, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du “Euskadiko Herritarren Alerten Bulegoa”ren proposamena gainjarri egiten zaiola dagoeneko Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den “Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa”ri 

Gobernu Kontseiluak, gaur, Legezko arau-hausteen, eskubide-abusuen eta Euskadin ondasun erkidearen aurkako jardunbide desegokien berri ematen duten pertsonak babesteko lege-proposamena” izapidetzearen aurkako irizpidea eman du. Lege-proposamena Elkarrekin-Podemos Legebiltzarreko taldeak aurkeztu du.

Eusko Jaurlaritza administrazio publikoaren aurkako ustezko arau-hausteak eta delituak salatzen dituzten pertsonentzako bide seguruak ezartzearen aldekoa da, bai eta zentzu berean informazioa ematen duten pertsonen babesa bermatzearen aldekoa ere. Hala ere, ez du beharrezkotzat jotzen lege berria prestatzea; Eusko Jaurlaritzaren iritziz, gai hori arautzeko tresna juridiko egokiak “Gardentasunari eta herritarren parte-hartzeari buruzko lege-proposamena” edo “Jardunbide egokien eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko lege-proposamena” dira. Bi ekimen horiek, dagoeneko, izapidetzen ari dira Euskal Ganberan. 

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du panorama erkatuko lege guztiek gai hori sektore publikoaren gardentasunari, erakunde-osotasunari edo ustelkeriaren aurka borrokatzeko ezarri beharreko neurri edo tresnei buruzko araudi orokorraren esparruan arautzen dutela.

BIKOIZTASUNA

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du erakunde publiko berriak sortzeak, aurretik Euskadin erakunde-osotasuna monitorizatzeko eta ustelkeriaren aurkako borroka antolatzeko dauden erakundeen funtzionamendua eta etekina ebaluatu gabe, nolako arriskua ekar dezakeen. Horrela, bere ustez, zorroztasun osoz aztertu behar da ustelkeriaren aurka borrokatzeko ereduak erredundanteak diren eta bikoiztu eta gainjarri egiten ote diren, bestela koherentziaren eta eraginkortasunaren kalterako izango bailitzateke. Gainera, “Euskadiko Herritarren Alerten Bulegoa”ren eginkizunak gainjarri egingo litzaizkieke, nabarmen, dagoeneko Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den “Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa”ren eginkizun batzuei.