Gobernuak "Euskal Enplegu Publikoaren Lege-Proiektua" onetsi du; Euskadiko hiru erakunde-mailetan lan egiten duten 110.000 profesionalen jarduera arautzen duen testu aitzindaria da (Gobernu Bilera 2019-01-29)

logoconsejo.jpg

2019.eko urtarrilak 29

Asmo handiko testua da, integrala eta berritzailea; gainera, urrats oso handia da, Euskadiko administrazio publikoetan lan egiten duten langileen familia-eredu berrien inguruko kontziliazioaren, berdintasunaren eta errespetuaren neurriei dagokienez

Lehenengo aldiz arautzen du langile publikoen lanbide-karrera eta enplegua finkatzeko prozesu bereziak sortzen ditu, dagoeneko sektore publikoan lanean urteak daramatzaten talentua aprobetxatzeko

Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektua” onetsi du; arau berriak asmo handiz eta osorik eguneratzen du egungo Funtzio Publikoaren Legea, 1989tik 30 urtez indarrean daramana. Horrela, euskal araudia erabat modernizatzen da, Euskadiko administrazio publikoetan lan egiten duten ia 110.000 pertsonen errealitate berrira egokitzeko. Euskadiko administrazio publikoen barruan daude honako hauek:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, bere erakunde-administrazioa eta berezko izaera juridikoa duten gainerako erakunde instrumentalak.
  • Lurralde historikoetako foru-administrazioak, beren erakunde-administrazioa eta berezko izaera juridikoa duten gainerako erakunde instrumentalak, aurretik aipatu den edozein administrazio publikoren mendekoak.
  • Tokiko administrazioak, beren erakunde-administrazioa eta berezko izaera juridikoa duten gainerako erakunde instrumentalak, aurretik aipatu den edozein administrazio publikoren mendekoak.
  • Euskal Herriko Unibertsitatea, administrazioko eta zerbitzuetako langileei dagokienez baino ez.
  • Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, Lan Harremanen Kontseilua, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, Datuak Babesteko Euskal Agentzia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa, bai eta beste edozein erakunde parte-hartzaile, kontsultakoa, aholkularitzakoa edo kontrolekoa ere, aurreko administrazioen mendekoa, eta hura sortzeko legearen arabera bere funtzioak garatzeko independentea dena.

Lege berriak arlo publikoan lan egiten duten pertsona guztien lanbide-ibilbidearen alderdi guztiak arautzen ditu: pertsona batek lan-eskaintza publikora aurkeztea erabakitzen duenetik, erretirora arte. Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia enplegu-sistema publikoa antolatzeko eta arautzeko moduan paradigma-aldaketa sustatzea da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiekin eta EUDELekin batera, gaur, 200 artikuluko testua onetsi du. Artikuluak honela banatzen dira: 14 titulu, 33 xedapen gehigarri, 20 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat, 5 azken xedapen eta 3 artikuluko eranskin bat.

Eusko Jaurlaritzak, aste honetan bertan, Lege Proiektu hau Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio, eta Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak hitz egiteko eskatuko du, berezko ekimenez, Legebiltzarreko taldeei xehetasunak emateko.  

EMAKUME ETA GIZONEN ERABATEKO BERDINTASUNA

Eusko Jaurlaritzak emakume eta gizonen erabateko berdintasun eraginkorraren alde egiten du eta, hori dela eta, Legebiltzarrari kontziliazio-baimenen sistema aitzindaria proposatzen dio (164. artikulua), berdina emakumeentzat eta gizonentzat, berdintasunean oinarritzen den gizartean aurrera egiteko urrats handia da. Helburua administrazio publikoek eginkizun gidaria izatea da eta, horretarako, gizonak etxeko lanaren erantzunkide ere izan daitezen sustatzea. Jakina da gizonek seme-alaben zainketan duten inplikazioa funtsezko elementua dela emakumeak ahalduntzeko, beren garapenerako eta ongizaterako; horrela, jaiotza-tasa sustatzen da eta gizonen beren ongizatea bultzatzen da. Gainera, funtsezko elementua da genero-indarkeriaren prebentzioan.

Baina, gainera, Eusko Jaurlaritzak lehenengoz sartzen du arau batean gure gizartean dauden familia-eredu guztiekin errespetuzkoa den sistema, eta, aldi berean, LGTBI kolektiboarentzat erabat integratzailea eta inklusiboa den hizkera erabiltzea proposatzen du, pertsonaren sexua edo generoa alde batera utzita eta berdin legeztatzen duelako:

  • Gurasoen baimenak; berdin emango zaizkie bikotea eratzen duten bi pertsonei, sexua eta eratzen duten familia-mota gorabehera. % 100ean ordaindutako baimenak dira, eta besterenezinak. 16 astekoak izango dira. Lehenengo 4rak aldi berean izan ahalko dira, baina gainerakoak bata bestearen ondoren hartu beharko dira; horrela, semea edo alaba gutxienez 28 astez eta gehienez 32 astez egon ahalko da gurasoen zaintzapean. Baimen horien “jaiotza, adopzio, adopziorako zaintza, enplegu publikoaren oinarrizko araudian edo lan-araudian araututako harrera eta ordezkapenezko haurdunaldi kasuetan” aplikatuko da. Baimen horrek aurretik “aitatasun” edo “amatasun” izenekoak subsumituko ditu; izan ere, bazterketa zekarten izendapen horiek, egungo familia-eredu berriei dagokienez.
  • Hamabi hiletik beherako alaba edo seme adingabeak zaintzeko baimenak. Baimen hori 150 ordukoa da, eta gurasoen baimenari gehituko zaio. Bikotea eratzen duen bi kideetako edozeinek eskatu ahalko du, eta orduka edo lanaldi osoan hartu ahalko da. Era berean, baimena partekatu ahalko da, baina ez aldi berean. Baimen horrek orain arte “edoskitze-baimen” izenez ezagutzen zena ordezkatzen du; izendapen hori desagertu egingo da, ez baita familia-eredu guztietarako inklusiboa.
  • Minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen seme edo alaba adingabea zaintzeko baimena; horren bidez, enplegatu publikoek lanaldia % 50 eta % 99 bitartean murriztu ahalko dute, erabakitzen dutenaren eta behar dutenaren arabera.
  • Lehen mailako familiartekoak medikuarenera laguntzeko baimena; zuzeneko familiartekoei kontsulta, tratamendu eta miaketa medikoetara lagundu behar dietenei emango zaie, edo gaixotasun larriak dituzten adingabeak zaindu behar dituztenei. Baimen berri horiek “gutxienez 8 orduko ordu-kreditua izango dute”. 

ENPLEGU PUBLIKOA FINKATZEA

Enplegu Publikoaren Lege Proiektuaren bidez, halaber, bitarteko langileek administrazioan lanean urteak eman ondoren enplegua finkatu ahal izateko formulak sortzeko erronkari heldu nahi zaio. Eusko Jaurlaritzaren helburua da dagoeneko euskal administrazioetarako lan egiten duten milaka pertsonaren talentua aprobetxatzea eta, indarrean dagoen lege-esparruaren barruan, erakundeetan egonkortasuna bultzatzea. Horretarako, zenbait kolektiboren bitartekotasun-tasa altua murrizteko, Gobernuak atea ireki die enplegu publikoa finkatzeko prozesu bereziei; horrela, administrazio publikoetan lanean ari diren pertsonek urte hauetan lanean eta prestakuntzan berenganatu duten ezagutza aprobetxatu nahi da.

Hemeretzigarren eta hogeigarren xedapen iragankorrak ezartzen duten bezala, langile publikoen bitartekotasun-izaerak % 40 gainditzen duenean, euskal administrazio publikoek “sartzeko txanda bereizia" sortu ahalko dute, "deialdia egiten duten administrazioaren kidego, eskala, azpieskala, talde profesional, aukera edo espezialitateetan" gutxienez bitarteko esperientzian 8 urte egiaztatzen duten pertsonentzat. Horrela, administrazioek “behin eta salbuespen gisa deitu ahalko dute (…) beren kidego, eskala, espezialitate edo kategoriei dagozkien postu edo plazetan enplegu publikora sartzeko hautaketa-prozesuak egiteko, egiturazko plazetan aldi baterako enplegua finkatzeko beharrezko neurri gisa”.  “Proba bakarra izango da, praktikoa, deialdi bakoitzeko postuen prozedura, eginkizun eta ohiko zereginekin zerikusia duena”. Proba baztertzailea izango da, lehiaketa-oposizioaren prozesuetan. 

LANBIDE-KARRERA 

Euskal Enplegu Publikoaren Legeak, halaber, langile publikoen eta lanbide-karreraren alderdi oso garrantzitsuak arautuko ditu. Helburua da postuaren lanbide-eginkizuna aitortu eta ordaintzea, langile publikoek gogobetetasunez egiteko bere lana eta, horrela, administrazioek ematen dituzten zerbitzu publikoen funtzionamendua ere eraginkorragoa eta efizienteagoa izateko. Horrela, legeak langile funtzionarioen lanbide-karreren modalitateak proposatzen ditu (85. artikulutik 93. artikulura):

  • Lanbide-karrera bertikala: artikuluak lanpostuak hornitzeko prozedura sortzen du eta, horren bidez, langile funtzionarioek egituran gora egin dezakete.
  • Lanbide-karrera horizontala: artikuluak bilakaera arautzen du karrerako langile funtzionarioen lanbide-garapenaren eta ordainsariaren mailan, lanpostua aldatzeko beharrik izan gabe.
  • Lanbide-karrera mistoa: artikuluak sistema aitzindaria ezartzen du; horren bidez, konbinatu egiten dira lanbide-karrera bertikalaren eta horizontalaren modalitateak.

Era berean, lehen aldiz, testuak “Zuzendaritza Publiko Profesionala” aitortzen du, prozedura publikoaren bidez eta merezimenduak eta gaitasunak balioetsita, langile publikoek zuzendaritzako postuak bete ahal izateko.

KODE ETIKOA 

Eusko Jaurlaritzak Euskal Enplegu Publikoaren Legea izango dena prestatu du, “Gobernamendu Ona”ren irizpide berriak eta zorrotzak aintzat hartuta, besteak beste, etika publikoarekin bat datozen balio eta jokabide batzuen bidez administrazio publikoen lana arautzeko gomendioa. Horrela, testuak ezartzen du arlo publikoetako langileek Eusko Jaurlaritzak onetsitako Langile Publikoen Etika eta Gobernu Onaren Kodearen oinarri diren printzipioak errespetatu beharko dituztela. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak “Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sektore Publikoko Enplegatuentzako Jokabide Kodea” onetsiko du, 167. artikuluak ezartzen duen bezala. 

ENPLEGU PUBLIKOAREN KOORDINAZIO-BATZORDEA 

Azkenik, eta nobedade gisa, Gobernuak proposatzen du “Euskadiko Enplegu Publikoaren Koordinazio Batzordea” eratzea, administrazio publikoen enplegu publikoaren arloan esperientziak trukatu eta irizpideak bateratzeko. Helburua irizpideak bateratzea da, euskal enplegatu publikoarentzat baterako politikak sustatzea eta Euskal Enplegu Publikoaren Behatokia sor dadin sustatzea.

  1. artikulutik 12ra bitartekoek ezartzen duten bezala, “Euskadiko Enplegu Publikoaren Koordinazio Batzorde” hori honako 12 kide hauek eratuko dute: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko 5 ordezkari, foru-administrazioetako 3 ordezkari (1 lurralde historiko bakoitzeko), toki-administrazioetako 3 ordezkari eta Euskal Herriko Unibertsitateko 1 ordezkari.