Gobernuak EH-Bilduri ohartarazi dio Euskadira inbertsioak erakartzeko laguntza publikoak oso tasatuta eta mugatuta daudela Europar Batasunaren aldetik (Gobernu Bilera 26-03-2019)

fotoconsejo.jpg

2019.eko martxoak 26

  • Ekimenaren kontrako irizpena eman du; izan ere, gainera, Eusko Jaurlaritza lege-proiektua prestatzen ari da eta, bertan, Legebiltzarreko taldeak proposatzen dituen gai nagusiak aztertuko dira, besteak beste, enpresa-deslokalizazioagatiko laguntzak bueltatzea

Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskal Ganberak Enpresen deslokalizazioari aurre egiteko neurriei buruzko EH-Bilduren lege-proposamena kontuan hartzearen aurkako irizpena eman du.

Lehenengo eta behin, Eusko Jaurlaritzak EH-Bilduri gogorarazi dio Eusko Jaurlaritza, dagoeneko, Dirulaguntzen erregimena arautzeko lege-proiektua prestatzen ari dela, XI. Legegintzaldi honen Legegintza Programan jaso den bezala. Araudi berri horrek Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzako jarduera oro berrantolatuko du eta, zehazki, enpresa-deslokalizazioagatiko laguntzen itzulerari helduko dio.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak proposamena egin duen Legebiltzarreko taldea ohartarazi du Europako erregelamenduan inbertsioak erakartzeko pizgarri publikoak estatu eta eskualdeen artean laguntzen inflaziorik ez egoteko antolatuta eta araututa daudela. Muga zehatzak daude, eta erregelamenduaren esparrua gaindituz gero, euskal enpresek inguruko enpresek baino baldintza lehiakor kaskarragoak izango lituzkete.

Gainera, kontuan izan behar da bizi dugun errealitatea: mundu globalizatuan bizi gara eta, bertan, enpresek, lehiakorrak izateko, berritzaileak izan behar dute eta etengabe bilakatzen ari den ingurunera egokitu, eta merkatu irekiak, etengabe berrikuntza-prozesuan dauden teknologiak eta logistika eta lehia bizia izan behar dituzte. Euskadiko eta eskualdeetako enpresak, lehiakorrak izateko, mugaz haraindiko inbertsio gurutzatuetara, jabetza eta eginkizunen lokalizazio-aldaketetara eta informazioaren teknologien erabilerara ere egokitu behar dira, horiek guztiak globalizazioaren parte dira eta. Jarduera, jasangarria izango da, egokitzapen-prozesu horretan duen arrakastaren arabera.