GGLAk MUGI txarteleko tarifa berriak onartu ditu eta apirilean sartuko dira indarrean

2019.eko otsailak 14

  • Alternantzia sistemarekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzak presidentzia kargua hartu du eta Antonio Aiz izango da presidente berria

2019. urteko lehen Batzar Orokorra egin du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) eta bertan, besteen artean, lehendakaritza aldaketa gauzatu dute. Hori horrela, Antonio Aiz, Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordea, izango da GGLAko lehendakaria datozen bi urteetan. GGLAko estatutuetan jasotzen den bezala, alternantzia bi urtetik behin egiten da eta gaurtik aurrera zereginak trukatuko dituzte berak eta Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak. Garmendia lehendakariorde izango da.

Donostian egin den Ohiko Batzar Orokorrean izendatu duten presidente berriak ondorengoa adierazi du, “Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan aspalditik ari gara lanean Gipuzkoako bidaiarien beharrak asetzeko, modu eraginkorrean zein jasangarrian, eta bide hori indartzen jarraitu nahi dugu. Gure xedea da Gipuzkoako garraio sarea garraio sistema jasangarri bilakatzea da eta modu integratuan herritarren egungo eskaerei eta etorkizuneko mugikortasuneko erronkei erantzutea”.

Era berean, Euskadiko Interoperabilitatearen Master Planaren ezarpenarekin jarraituz, Gasteizko hiri autobusa kudeatzen duen TUVISA operadorearen eskaera onartu da eta hemendik aurrera, MUGI txartela bere lineatan erabiltzeko aukera balioztatu da.

Berrikuntzekin jarraituz, Oiartzun GGLAren txertatzea onartu dute. Hortaz, Oiartzun garraio agintaritzaren bazkide berria izango da gaurtik aurrera.

Tarifa berriak

Halaber, Batzar Orokorrean Gipuzkoako garraio publikoaren tarifa berriak onartu dira. Tarifa berriak apiriletik aurrera sartuko dira indarrean.

Tarifa-esparru berriak abantailak ekarriko dizkie MUGI txartelaren erabiltzaileei. Batetik, deskontu handiagoa izango da lehenengo hogei bidaiako prezioan; egun indarrean dagoen % 46tik % 47ra pasako da (hiri autobusetan igoera xentimo bakarrekoa izango da). Bestetik, nabarmentzekoa da “gazte” kolektiboak izango duen pizgarria. Txartela kargatzen duten aldiro aplikatzen zaien hobaria % 14tik % 25era igoko da eta hirugarren tartean, hau da, hileko 51. bidaiatik aurrera ez dute xentimorik ordainduko, doan bidaiatuko dute.

Prezio berrien arabera, hiri barnean noizean behin bidaiatzeko ordaindu behar den zenbatekoa (paperezko txartela) 5 zentimo igoko da salto bakoitzeko. Horrenbestez, eskudirutan ordaindu beharreko txartela 1,80 € izango da Donostian eta Arrasaten (orain 1,75 € ordaindu behar dira); Irunen eta Errenterian, berriz, 1,50 €; eta Eibarren, Zarautzen, Hernanin eta Lasarte-Orian, 1,30 €.

Antonio Aiz presidentearen esanetan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak orain arteko bidea jarraituz “garraio publikoa sustatzeko politikak bideratzen jarraituko du; gure erronka da politika hauekin garraio sistema publikoa bidezkoa, jasangarria eta erakargarria izatea”.

Pdf erantsian zehazten dira prezio berriak.