Gerra Zibilean eta lehen frankismoan (1936-1945) izandako hildakoei buruzko txostenaren ondorioak aurkezten ditu Jaurlaritzak

Argitalpen-data: 

Elkarlanean egin da Eusko Jaurlaritzaren, Gogora Institutuaren, UPV/EHUko Giza Eskubideen Unesco Katedraren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artean. Ikerlan zabalago baten lehen faseari dagokio txostena, 1936 eta 1945 urteen artean, 19.998 hildakoen behin behineko datua eskaintzen duena.

  • Elkarlanean egin da Eusko Jaurlaritzaren, Gogora Institutuaren, UPV/EHUko Giza Eskubideen Unesco Katedraren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artean.
  • Ikerlan zabalago baten lehen faseari dagokio txostena, 1936 eta 1945 urteen artean, 19.998 hildakoen behin behineko datua eskaintzen duena.
  • Lortutako emaitzak herritarrek eskura izango duten datu-base batean irauli dira. Bertan kasu bakoitzari buruz dauden datuak jasotzen dira.
  • Biktimen kopuruari buruzko datuak nazioarteko zuzenbideak heriotzaren arrazoiari emandako kalifikazioarekin laguntzen dira, hauen zigor-motekin bat datozenean.

Gaur 1936-1945 urteen arteko oinarrizko eskubideen urraketen txostena aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Bertan, “Gerra Zibilean eta lehen frankismoan izandako hildakoak (1936-1945)” jasotzen dira. 2016ko uztailaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen, Gogora Institutuak, UPV-EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak eta Aranzadi Zientzien Elkarteak sinatutako hitzarmen baten bidez egin da lana.

Lehen fase honetan, txosten honek 1936tik 1945era, gerra zibilean eta gerraostean Euskadin eragindako hildakoen eta Euskaditik kanpo gerraren ondorioz hil ziren euskaldunen izenen zerrenda eskaintzen du. Lortutako emaitzak hildakoen 19.998 fitxa dituen datu-base batean irauli dira; hauetatik 698 identifikatu gabe daude.

Datu-base honek kasu bakoitzean eskuragarri dauden biktimen datu pertsonalak, heriotzaren zergatia, datuak atera diren artxibo edo/eta bibliografia iturriak eta baita erakundeek euren jardunean batu dituzten datu guztiak jaso dira; hala nola, desobiratzeak, gertukoek eskatutako banakako txostenak, familien DNA jasoketak eta beste ikerketa batzuk. Horrela, datu-base bakar batean gerra zibilean Euskadin hildako pertsona bakoitzari buruz dugun informazio guztia ikus dezakegu.

Lan-metodologia hauxe izan da: Euskadiko erregistro zibilen, parrokiako heriotza-liburuen eta hilerrietako liburuan ikerketa zorrotza egitea. Datu horiek beste artxibo-iturri batzuekin alderatu dira, baita orain arte egindako tokiko ikerketekin eta familiaren lekukotasunekin ere.

Ikerketan ikuspegi historikoa eta nazioarteko giza eskubideen nazioarteko ikuspegia uztartu dira, dira, eta kategoria historikoak Nazioarteko Zigor Zuzenbidekoekin gurutzatu ditu. Horrela, sortutako biktimen datu historikoak nazioarteko zigor zuzenbideak heriotzaren zergatiari emandako kalifikazioarekin batera azaltzen dira, baldin eta arrazoi hori nazioarteko giza eskubideen zuzenbidean islatzen bada. Borrokan hildakoak, adibidez, ez daukate kalifikaziorik nazioarteko giza eskubideen zuzenbidean.

Datu basean guztira jasotzen diren 19.547 fitxetatik; 998 emakumeak dira eta 18.507 gizonak. Gainerako 42en generoa ezin izan da zehaztu. Bildutako informazio multzoak honako datuen laburpena eskaintzen du:

Heriotzaren zergatia

Erregistro kopurua

Nazioarteko Zigor Zuzenbideak emandako kalifikazioa

Bombardaketak

1.363

Gizateriaren aurkako krimena, erailketarena

Borrokatik kanpoko bestelako zergati batzuk

247

Gizateriaren aurkako krimena, erailketarena

Judizioz kanpoko exekuzioak

1.130

Gizateriaren aurkako krimena, behartutako desagertzearena

Heriotza-zigorrak

895

Gizateriaren aurkako krimena, erailketarena

Kartzelan hildakoak

2.252

Gizateriaren aurkako krimena, erailketarena

Borrokan hildako gudari eta milizianoak

6.767

Borrokan hildako matxinatuak

5.479

Errepublikanoek borrokatik kanpoko ekintzetan eragindako hildakoak

955

Sailkatu gabe

910

GUZTIRA

19.998

Azpimarratu behar da ikerketa bizia dela, eta haren emaitzak behin-behinekoak direla, eta ekarpen berriak izan daitezkeela Gerra Zibilean Euskaditik kanpo hil ziren euskal jatorriko pertsonen kasu asko aurkitu gabe daudelako oraindik. Ikerketa honek antzeko beste proiektu batzuk kontsultatuz lortu­tako datuak bildu ditu, baina eskualde asko ikertzeko daude oraindik.

Era berean, erregistro zibiletan inskripzio batzuk askoz geroago egin zirela erreparatu da, 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran, eta, oraingoz, ezin izan dugu horietara jo.

Azkenik, Gera Zibileko hildako asko ez zituzten artxibo-erregistro bakar batean ere inskribatu, batez ere errepublikanoen aldeko exekutatuak eta borrokalariak. Dokumentu-hutsune hori ahozko eta familiako iturrien bitartez baino ezin da bete. Horrela sartu dira datu-base honetan 470 kasu. Arrazoi honengatik, Gerra Zibilean hildako senideren bat duten familia guztiei dei egiten die Eusko Jaurlaritzak horren lekukotasuna emateko eta ikerketa honetan informazioa emateko.

Txosten hau Eusko Jaurlaritzak eta Gogora Institutuak memoria historikoaren arloan duten lehentasunezko helburua betetzeko lehen pausoa da: Memoria Historikoaren egiaren aitzatespen instituzionala lortzen laguntzea. Gaur oinarri sendoa ezartzen da erakundearteko akordioa sustatzeko, babes zabalena eta plurala izango duen adierazpen baten inguruan, Memoria Historikoaren egia ofizialaren erreparazioa instituzionalizatuko duena eta, hala, itxi Euskadin Gerra Zibilaren biktimen erreparazio moralaren zikloa.

Jaitsi txostena hemen (PDF, 406 KB) (leiho berri batean irekitzen da).