G-7ren goi-bileraren egunetan mugako pasabidean auto-ilararik sortu gabe amaitu da Euskadiko irteera-itzulera operazioa

2019.eko irailak 02

Txurdinaga. 2019.09.02 

Udako bi hilabeteetan 6 pertsona hil dira Euskadin, iaz baino bi gutxiago

Euskadiko errepideetako udako operazio berezia amaitu da, eta uztailean eta abuztuan % 1 egin dute behera nazioarteko joan-etorriek iazko hilabete berekoekin alderatuta. Biarritzeko G-7ren goi-bilera zela-eta abuztuaren 23tik 26ra bitartean Biriatuko pasabidea saihesteko herritarrei egindako gomendioei esker eta Biriatuko mugan gorabeherarik eta trafiko-etenik sortu ez zelako, asteburu horretan ez zen ia batere auto-ilararik sortu. Bestalde, bi hilabete hauetan, zoritxarrez, 6 pertsona hil dira, 4 Gipuzkoan eta 2 Bizkaian, eta 2018ko udan 8 pertsona hil ziren; ez da hildakorik izan Arabako errepideetan.

Iraileko datuak erregistratzea falta bada ere, lehenengo balantze baten arabera Euskadiko errepideetatik 1.182.000 ibilgailu igaro dira uztailean eta abuztuan, eta horrek adierazten du uda amaierarako Euskadiko errepide-sareak ibilbide luzeko ia 2 milioi joan-etorri erregistratuko dituela.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak Armiñongo lotunean eta N-622 errepideko lotunean, Gasteizerako noranzkoan, eta A-1 eta AP-1 errepideak, Madrilerako noranzkoan, lotzen diren lekuan abian jarritako operazio bereziei eta Ertzaintzako agenteen kontrol eta zaintza lanari esker, trafikoa arina izan da joan-etorri asko izan diren aldi horretan.

Irteera-operazioa, ohiko auto-ilarak

Irteera-operazioa nahiko metatuta egin zen, eta auto-ilarak ohiko puntuetan sortu ziren: A-8 errepidean Kantabriarako noranzkoan, Biriatun eta N-622 errepidean, A-1 eta AP-1 lotzen diren puntuan, Madrilerako noranzkoan.

Araban egunik zailena abuztuaren 3a izan zen, eta A-1 eta AP-1 lotzen diren puntuan, Armiñonen, Madrilerako noranzkoan, 7 kilometroko auto-ilarak sortu ziren. Puntu horretan bertan 6 kilometroko ilarak sortu ziren uztailaren 27an, Europa iparraldetik Afrika iparralderako eta Portugalerako nazioarteko trafikoaren baitan ibilgailuen kopurua areagotu egin baitzen.

Bizkaian, bestalde, trafiko astuna ohiko irteera-puntuetan izan zen, ia asteburu guztietan eta Bilbotik Kantabriako kostalderako irteeretan. Horrela, uztailaren 12an, ostiralean, 16 kilometroko auto-ilarak sortu ziren A-8an, Barakaldon, Kantabriarako noranzkoan. Berriz ere 12 kilometroko ilarak sortu ziren uztailaren 25ean eta abuztuaren 3an ere.

Gipuzkoan, berriz, auto-ilararik esanguratsuenak Irungo ordainlekuan, AP-8an, Bilborako noranzkoan, sortu ziren, eta trafiko astunaren ondorioz 6 kilometrokoak izan ziren uztailaren 26an eta 5 kilometrokoak abuztuaren 2an.

Itzulera-operazioa, G-7ren goi-bileraren itzalean

“Aurtengo itzulera-operazioaren berezitasuna Biarritzen egindako G-7ren goi-bilera izan da. Abuztuaren 23tik 26ra bitartean mugako pasabidea saihesteko Trafiko Zuzendaritzak egindako gomendioei, goi-bilera egin zen egunetan mugan gorabeherarik gertatu ez izanari eta Frantziako agintariek ibilgailu astunei ezarritako murrizketei esker zirkulazioa arina izan da, adierazitako goi-bilera hori itzulera-operazioaren egunik kritikoenetan egin zen arren”, adierazi du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak, eta berretsi du G-7ren goi-bilerak eragin moderatua izan duela itzulera-operazioan.

Abuztuaren 19tik 22ra % 5 egin zuen gora hurbileko trafikoak, gidari askok itzulera aurreratzea erabaki baitzuten muga igarotzeko arazorik ez izateko. Mugako pasabidea saihesteko gomendioa egin zen egunetan, abuztuaren 23tik 26ra, alegia, Frantziarako noranzkoan trafikoa % 10 inguru murriztu zen. Itzulerako trafikoa abuztuko azken astean pilatu da, eta asteartean, hilaren 27an, 12 kilometroko ilarak sortu ziren; abuztuaren 19an, ostegunean, 10 kilometrokoak; eta abuztuaren 30ean, ostiralean, 12 kilometrokoak. Itzulera-operazio batean ohikoak izaten direnak baino handiagoak izan ziren, beraz, auto-ilarak, eta goi-bileraren ondorengo aste osoan zehar sortu ziren.

Araban, auto-ilararik handienak A-1 eta N-622 errepideen arteko lotunean sortu ziren, Irunerako noranzkoan. Abuztuaren 22an 12 kilometroraino iritsi ziren, eta 17an eta 30ean, berriz, 7 kilometrokoak izan ziren. Bizkaian, bestalde, ez da aparteko auto-ilararik sortu atzerriko ibilgailuen oporretako itzuleraren ondorioz.

2018an baino hildako gutxiago

Guztira 6 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan uztailean eta abuztuan: 4 Gipuzkoan eta 2 Bizkaian, eta Araban ez da hildakorik izan. Hildako horietako hiru motor-gidariak ziren, eta gainerakoak auto-gidariak.

Ertzaintzak erregistratutako datuen arabera, aurtengo udan Euskadin % 3,6 murriztu dira istripuak. Guztira 1.209 istripu gertatu dira: 488 Gipuzkoan, 444 Bizkaian eta 277 Araban.

Aurten, urtea hasi zenetik, guztira, 29 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan, eta horietatik 12 auto-gidariak ziren, 10 motor-gidariak, 4 oinezkoak, 2 bidaiariak eta 1 txirrindularia.

Komunikazio-kanpaina

Udako irteera eta itzulera operazioaren baitan Euskadiko errepide-sarean istripuei aurrea hartzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak kontzientziazio-kanpaina areagotu du uda osoan bai hedabideetan bai bere komunikazio-kanaletan, webgunean eta twitterren. ‘Gidatu, besterik ez / Elige conducir’ kanpainaren bigarren fasean prebentzioa azpimarratu da errepideko ezbeharren hiru faktore nagusiei aurre egiteko. Faktore horiek abiadura desegokia edo handiegia, alkoholaren eta drogen kontsumoa eta arreta galtzeak dira. Horrez gainera, motor-gidarien kolektiboari zuzendutako prebentzio, sentsibilizazio eta kontzientziazio mezuak ere areagotu dira ‘Nire gurpiletan jar zaitez’ programaren baitan.

Ikasturteari hasiera ematearekin batera, Trafiko Zuzendaritzak ‘Don´t be Dummy-Para ti no hay repuestos’ programaren beste edizio bat jarriko du abian, prebentzio eta sentsibilizazio mezuekin oraindik gidariak ez diren ikasleengana iristeko.

Bestalde, irailerako beste bi prestakuntza-ikastaro daude aurreikusita Nafarroako Los Arcoseko zirkuituan, bereziki motor-gidariei zuzenduta eta Nafarroako Gobernuarekin izenpetutako hitzarmenaren baitan. Lehenengoa asteburu honetan, larunbatean eta igandean, egingo da. Bi ikastaroak urrian egingo den hirugarren batekin osatuko dira. Eta ekintza horiek guztiak ‘Nire gurpiletan jar zaitez’ programako ekimenen baitan antolatuko dira.