Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bizitzaren amaieran pertsonen duintasuna babesten duen legearen betearazpen maila altua dela jakinarazi du

2019.eko otsailak 26

Jon Darpón Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarraren Batzordean honako hau nabarmendu du: “Osasun Sailak pazienteen bizi-ibilbideko fase guztietan eta, bereziki, ibilbide horren azken fasean beren ongizaterako eta erosotasunerako duen konpromisoa”

 

Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur, Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordean hitz egin du, “Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzko 11/2016 Legea”ren lehen ebaluazioaren eta legearen betearazpenaren inguruko segimenduaren berri emateko, legeak berak bigarren xedapen gehigarrian ezartzen duen bezala. Berak eskatuta egin du agerraldia sailburuak, Fátima Ansotegi Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordearekin eta Pepe Quintas Osasun Saileko Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariarekin batera.

Osasun sailburuaren hitzen arabera: “Ez gara hutsetik hasi. 90eko hamarkadan, zainketa aringarrien lehen unitateak sortu ziren. Harrezkero, Euskadiko osasun-sisteman zenbait baliabide daude. Gaur egun, bizitzaren amaieran dauden pertsonak 2017-2020rako Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoetan (ASLSS) aurreikusten diren kolektiboetako bat da. Bizitzako ibilbidearen funtsezko une hori gaur egun Euskadin ahalik eta ondoen artatzen da”.

Bizitzaren amaiera arautzen duen lehen euskal legea egotea, era berean, gai horretan izan den gizarte-aurrerapenaren isla da. Hura indarrean sartu zenetik, duela bi urte, Osasun Sailak eta Osakidetzak 46 ekintza berri planifikatu dituzte eta, horietatik, dagoeneko % 94 hasi edo ezarri dira.

Besteak beste, honako hauek dira nabarmentzekoak:

  • 2016-2020rako Zainketa Aringarrien Planaren garapena; planak arretaren zuzentasuna eta kalitatea bermatzen ditu.
  • Historia Kliniko Elektronikoa, integrazio klinikorako funtzionaltasun berriekin.
  • Arreta Plan Indibidualizatuen hedapena, bai helduetan, bai adingabeetan.
  • Aurretiazko borondateen hedapena. 2004tik, 24.000 dokumentu baino gehiago erregistratu dira Euskadin, Estatuko batez bestekoaren bikoitza ehunekotan.
  • Profesionalen artean metodologia berritzaileen bidez –besteak beste, desing thinkinen bidez– elkarlanean jarduteko bide berriak.
  • Pertsona horiek eta beren familiak osasun-arloko eta arlo soziosanitarioko erakundeen artean sortutako ibilbide eta planetan integratzea.
  • Prestakuntza bereziko planak eta beka eta laguntzen eskabide berriak.
  • Ad hoc ebaluazioa eta ikerketa.

Jon Darpón Osasun sailburuak honako hau esan du: “Eusko Jaurlaritzak egiten duen herrialdeko apustuari esker, Euskadin ondo bizi gara eta, ondorioz, hil ere ondo hil behar dugu. Pozik gaude orain arte lortu dugunarekin, baina ez gara horrekin konformatzen. Lanean jarraituko dugu, eta ahaleginetan jarraituko dugu aurtengo eta hurrengo urteko helburu berrietarako”.

Azkenik, Darpónek jendaurrean adierazi du Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-arloko eta arlo soziosanitarioko profesionalen aintzatespena, “egunero gure arreta jasotzen duten pertsonen eskubideak eta ongizatea bermatzeko egiten duten lan bikainagatik”.

 

Dokumentu osoa

           

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 26a