Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultura-ondasun kalifikatu du Burdin Hesia, Monumentu Multzo kategorian

Argitalpen-data: 

Bingen Zupiria sailburuak, Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarrok eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusi Andoni Iturbek azpimarratu dute defentsa-azpiegitura honen garrantzia ondarearen eta historiaren ikuspegitik. Bingen Zupiria sailburuak, Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarrok eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusi Andoni Iturbek azpimarratu dute defentsa-azpiegitura honen garrantzia ondarearen eta historiaren ikuspegitik.

Burdin_H.jpg


  • Berangon azaldu dute proiektua eta bertan Memoriaren Ibilbide berri bat aurkeztu dute Udalak eta Gogorak.

  • Burdin Hesia mantentzeko eta balioesteko Eusko Jaurlaritzak, Araba eta Bizkaiko aldundiek, eta udalek sinatutako lankidetza protokoloan kokatzen da ekimena.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusi Andoni Iturbek Burdin Hesia eta Gerra Zibilari lotutako Bilboko defentsak babesteko dekretua aurkeztu dute gaur. Agiri honen bitartez, kultura-ondasun kalifikatu dute defentsa hori, Monumentu Multzo kategorian. Pauso honen helburua da defentsa horrek ondasun gisa duen balioa aldarrikatzea, bere esanahi historikoa gogora ekartzea eta, ikuspegi materialetik, egitura hori babestea. Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoan izan da ekitaldia, Berangon, eta bertan parte hartu dute, baita ere, Berangoko alkate Anabel Landak eta Museoko zuzendari Aitor Miñambresek. Adierazi dutenez, Gogora Institutuarekin izandako lankidetzari esker, herri honetan Memoria Ibilbide berri bat landu da eta hainbat ekimen bultzatzen ari dira ondare-elementu honek duen garrantzia nabarmentzeko.

Ondarearen ikuspegitik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ardura izan da Burdin Hesiaren eta Bilboko defentsen kalifikazioa kudeatzea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren bidez. Hala ere, elementu hori Memoria Historikoari hertsiki loturik dagoenez, garrantzi handikoa izan da prozesu guztian zehar Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Gogora Institutuaren lana. Burdin Hesia mantentzeko eta balioesteko Eusko Jaurlaritzak, Araba eta Bizkaiko aldundiek, eta udalek sinatutako lankidetza protokoloan kokatzen da kalifikazioa, bai eta multzoa balioestea helburu duten bestelako ekimenak ere. Iñigo Urkullu Lehendakariak aurkeztu zuen hitzarmen hori 2017ko uztailean.

Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu du duela aste batzuk Eusko Jaurlaritzak onetsitako kalifikazio honen garrantzia: “Burdin Hesia garrantzi handiko defentsa-azpiegitura militar bat da: planifikatu zen moduagatik, bere kostuagatik eta exekutatu zen moduagatik, bai eta bere inplikazio sozial, militar eta propagandistengatik ere. Oraindik ere historiaren eta ondasunaren ikuspegitik esanahi historikoz betetako aztarnak ditugu, oso baliagarriak gertatu zena azaltzeko eta iragana hobeto ulertzeko. Hala, gure ondare honen balio materiala ez ezik, ikuspegi kultural, historiko eta immaterialetik duen balioa ere aldarrikatu nahi dugu. Gainera, azpimarratu behar da ondare-elementu gisa duen esanahia izugarri handitu dela, neurri batean Berango bezalako udalerriek egindako apustuari esker. Izan ere, elementu honen inguruan seinaleak, erakusketak, ibilbideak edota jarduerak egin dituzte”, adierazi du Zupiriak.

Aintzane Ezenarrok, bere aldetik, Burdin Hesiak adierazten duen balio immaterial hori nabarmendu du, gogora ekarriz 33 udalerri zeharkatzen dituzten 80 kilometro baino gehiagoko defentsa-lerro horren eraikuntzan 14.000 herritarrek parte hartu zutela, “gehienak zibilak, eta haietako asko emakumeak eta adingabeak”: “Pertsonen talde-lan bat izan zen, gure herriaren balio demokratikoak, askatasuna eta eskubideak defendatzeko konpromisoan bat zetozen pertsonen lan kolektiboa, altxamendu antidemokratiko baten eta bidezkoa ez zen gerra baten aurrean”.

Ezenarrok azpimarratu duenez, “berreskuratu dugun memoria bat da”. “Memoria Bideen bitartez gure herriaren oroimen demokratikoa berreskuratzen ari gara. Horien bidez, altxamendu antidemokratiko horren ondorioak pairatu zituztenen memoria berreskuratu nahi dugu: hil zirenen oroimena, zauri larriak pairatu zituztenena, espetxean egon ziren horiena edota erbestera joan behar izan zutenen memoria”, adierazi du.

Andoni Iturbek nabarmendu du, lurraldearen kultura-ondarea babesteko beharrezkoa dela erakundeen arteko lana, eta garrantzitsua, halaber, Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen arteko koordinazioa. “Ondareaz ari garenean garrantzitsua da babestu beharra, baina, hori abiapuntua da, eta, kalifikazio horrekin, ondare-multzo hau babesteko behar diren neurriak aktibatzen dira. Izan ere, Burdin Hesia memoria kolektiboa bizirik mantentzen duen elementua da”, adierazi du

Onartutako babesa

Burdin Hesiak 80 kilometro baino gehiagoko defentsa-egitura hartzen du, kostaldean jaio eta hiltzen den eraztun bat eratzen duena. Hedadura horrek 33 udalerri hartzen ditu, bi lurralde historikotakoak (Bizkaia eta Araba), gehienak oraingo Bilbo Handian kokatuak. Defentsa-azpiegitura hau eraikitzeko lanak 1936ko urriaren 9an hasi ziren. Ingeniarien komandante Alberto Montaud Noguerolek diseinatu zuen, eta ingeniarien kapitain Pablo Murga eta Alejandro Goicoechea arduratu ziren proiektuaz; ondoren, berealdiko erantzukizuna izan zuten haiek defentsa honen erorketan, Burdin Hesiari buruzko informazioa eman ziotelako bando kolpistari. Burdin Hesia 1937ko ekainaren 12an hautsi zuten, eta bando frankistak berak goraipatu zuen Hesiaren garrantzia haien konkistaren ustezko egitandia areagotzearren; hala, erabakigarria izan zen gertaera propagandistiko hura bere esanahian.

Ondarearen babesaren ikuspegitik, bere handitasuna dela-eta, Euskadin Santiago Bidea edo Estazio Megalitikoak bezalako elementuekin alderatu daiteke bakarrik. Babes honen balorazio-txostenak berak dioenez, defentsaren 80 kilometro baino gehiagotan zehar defentsa-tipologia desberdinak elkar lotzen dira: lubakiak, babeslekuak (erasoetatik babesteko), metrailadoreen asentamenduak, baserri gotortuak, multzo gotortuak eta hormigoizko harresiak gezi-leihoekin.

Ikuspegi militarretik, Burdin Hesia bost sektoretan banandu zen: 1. sektorea, Barbadun ibaiaren bokaletik, Muskizen, eta Punta Lucerotik, Galdameseraino; 2. sektorea, Galdameseko Galindorako bideko mendi-lepotik Ganekogortaraino (Okondo); 3. sektorea, Ganekogortatik (Okondon) Artetaganeraino (Galdakao); 4. sektorea, Artaganetik (Galdakao) Gaztelumendiko gailurreraino (Larrabetzu); eta, azkenik, 5. sektorea, Gaztelumenditik (Larrabetzun) Getxo, Sopela eta Barrikako udalerrietako kostaraino. Hala ere, babes-eremuak Burdin Hesia berez den horretatik harago doazen bi elementu hartzen ditu: lerro ingelesa deitutakoa (Maruri-Jatabeko ingurunea) eta Artxandako lerroa (Bilbo). Horregatik, Burdin Hesiaren eta Bilboko defentsaren babesaz hitz egiten da espedientean.

Kontuan hartuta obra osoa ez dela uniformea, eta badirela zenbait leku non handia den elementuen dentsitatea (Larrabetzu); beste batzuk non badiren tramu osoak gotortutako elementu handirik behar ez dutenak akzidente naturalak agertzen direlako (Gueñeseko gune menditsuak); edo beste batzuk non ez zen inolako obrarik egin, multzo osoa ondare-elementu bakar bat bezala deklaratzea erabaki da. Hortaz, Burdin Hesia ondare materialetik harago doan ondare-material gisa aldarrikatzeko premia ikusten dela kontuan hartuta, elementu deklaratu gisa hartu da 0 lerroa deitu zaiona, hau da, Burdin Hesiaren irudizko lerroa. Balio erreferentziala duen lerro bat da, nahiz eta, berez, ez duen adierazten inolako kargarik ezta babes berezirik ere.

Ondare Kulturalaren 7/1990 Legearen arabera Monumentu Multzo izendatu den heinean, babeserako hiru gune ezarri dira:

  • 1 Guneak edo babes berezikoak: Burdin Hesia ulertzeko funtsezko mugarritzat hartzen diren inguruak dira. Babestutako 300 elementu dira, horietako batzuk 16 gunetan multzokatu dira aztarna horien dentsitate handia egon delako edo garrantzi handikoak direlako. Mendibe-Areneburu (Berango-Sopela) horrelako guneetako bat da, hainbat elementu pilatzen direlako. Babes hauen baitan sartu dira: bunkerrak, aterpeak, jaurtitzaileen guneak edota gotorturiko baserriak. Babesek itzulinguruan bost metro hartzen dituzte. Elementu horiek hartzen dute babesik handiena, eta aldundiaen baimena behar izango da edozein interbentziorako.
  • 2 Guneak edo bigarren mailako babesekoak: Entitate-hondakinak egon direnaren aztarrenak suposatzen dugun edo argi dugun lekuak dira, baina beren oraingo egoerak edo beste arrazoiren batek eragotzi egiten du interpretazio eta balorazio egoki bat egitea. Oso elementu gutxi dira eta ikerketen ostean 1 Guneetan sartuko dira edo ez dira babestuko.
  • 3 Guneak, edo oinarrizko babesekoak: Burdin Hesiaren mugen inguruan dauden gune batzuk dira, 0 lerro horren inguruan. Zerrenda bat ezartzen da, 5 metrotara irudizko lerro horren bi aldeekiko paraleloa, Gamiz-Fikako eta Larrabetzuko ingurunean izan ezik, non 30 metroko zerrenda ezartzen den. Babes-maila txikiagoa ezartzen da, era guztietako jarduerak har ditzakeena, nahiz eta dokumentatu beharra dagoen. Gainontzeko guneetan bezala, zehaztu da babestutako inguru guztian debekatu egiten direla metalak aurkitzeko gailuak.

Hedapena eta sentsibilizazioa

Zupiria sailburuak adierazi duenez, arrazoi ugarik eraman dute proiektu hau bultzatzera, eta horien artean hauexek aipatu ditu: bere balio historikoa, hainbat herritarrentzat ingurune honek duen inplikazio emozionala eta bere balioa askatasun ikur gisa, aztarnetako batzuen kontserbazio ona, edota balio historikoa eta antzeko egitura gutxi egotea. Gainera, sailburuak nabarmendu egin du zona horren garrantzia memoria berreskuratzearen ikuspegitik, baita bizikidetzaren eta giza eskubideen balioen inguruko kontzientziazioaren ikuspegitik ere.

Aintzane Ezenarrok azken ideia hori azpimarratu du eta Burdin Hesiaren inguruan Gogoratik aurrera eramaten ari diren ekintzak azaldu ditu. Hala, Berangoko alkate Anabel Landarekin batera, Berangoko Memoriaren Ibilbidea aurkeztu du; 2018an berreskuratu eta seinaleztatu diren 10 ibilbideekin batera "Arrankudiaga, Barrika, Berango, Bilbao, Galdakao, Gamiz-Fika, Güeñes, Maruri-Jatabe, Ugao-Miraballes eta Zeberio", hau ere herritarrei erakusteko txukundu da. Horrez gain, Burdin Hesia babesteko, seinaleztatzeko eta bere garrantzia nabarmentzeko instituzioen artean lortutako akordioaren testuinguruan, indusketa arkeologikoak egin dira zenbait udalerritan: Arrankudiaga-Zollo, Barrika, Gamiz-Fika, Larrabetzu, Urduliz edota Zeberio.