Eusko Jaurlaritzak sindikatuei proposatu die 18 astera igotzea gurasotasun baimenak, bikotekide bientzat

2019.eko apirilak 05

  • Helburua da dagoeneko euskal administrazio publikoan lanean ari diren 70.000 pertsonak gurasotasun-baimenerako 18 asteak hartu ahal izatea, % 100ean ordainduta eta besterentzeko aukerarik gabe
  • Baimenak berdin emango zaizkie bikotea eratzen duten bi pertsonei, sexua edo gurasotasunaren motiboa edozein dela ere

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak iragarri du Funtzio Publikoaren zentral sindikalei proposatuko diela gurasotasun-baimen berriak abian jartzea, % 100ean ordainduta, euskal administrazio publikoan lan egiten duten bikotekide bien artean transferiezinak eta parekatuak. Gainera iragarri du Eusko Jaurlaritza 18 asteko proposamenean ari dela lanean, iaz Euskal Ganberari bidalitako Enplegu Publikoaren Lege Proiektuan hasieran egindako eta oraindik izapidetzeko fasean dagoen proposamenak baino 2 aste gehiago dituen proposamenean.

Josu Erkorekak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarraren Kontrol Saioan azaldu du Eusko Jaurlaritzak ekimen hori hurrengo Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrera eramango duela, xehetasunak negoziatzeko eta zentral sindikalekin hitzartzeko eta, horrela, ahalik eta lasterren abian jarri ahal izateko, etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legea Legebiltzarrean izapidetzera itxaron gabe.

Abian jarri ondoren, neurriak Euskadiko administrazio orokorrean, Segurtasunean, Osakidetzan, Hezkuntzan eta Justizia Administrazioan lan egiten duten 70.000 pertsona ingururengan izango du eragina.

18 ASTE

Eusko Jaurlaritzak zentral sindikalei eginiko proposamenaren bidez, lehenengo eta behin, langile publikoen kontziliazioari eman nahi zaio bide. Jauzi kualitatiboa eman nahi du emakume eta gizonen erabateko berdintasunaren arloan, eta, horrela, bi sexuen artean seme-alabak zaintzeko lanek duten banaketa desparekoak dakarren desoreka zuzentzen lagundu. Horren harira Emakundek esan duenez, askotan, administrazio publikoek eginkizun gidaria izan behar dute eta gizonak etxeko lanean erantzunkide izan daitezen sustatu behar dute. Jakina da gizonek seme-alaben zainketan duten inplikazioa funtsezko elementua dela emakumeak ahalduntzeko, beren garapenerako eta ongizaterako; horrela, jaiotza-tasa sustatzen da eta gizonen beren ongizate emozionala bultzatzen da. Gainera, funtsezko elementua da genero-indarkeriaren prebentzioan. 

Bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak errespetuzkoa eta integratzailea izan nahi du familia-eredu guztiekin eta, horrela, baimen horiek berdin eman nahi dizkie bikotekide biei, sexua edo gurasotasunaren motiboa gorabehera: jaiotza, adopzioa, familia-harrera,...