Eusko Jaurlaritzak gutun bat bidali dio Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzari (EPNF), ikurrina erakusteagatik Bixintxo Bilbaok jaso duen zigorra kentzea eskatuz

2019.eko otsailak 25

  • Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendari Jon Redondok neurriaren “legezkotasun bera” jarri du ezbaian, eta erabakiak kirol honetan “elkar ulertzea lortzen lagunduko ez duela” azpimarratu du.

 

Gasteiz, 2019/02/25

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren mende dagoen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzak gutun bat bidali dio Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzari (EPNF), EPNF erakundeak antolatu duen txapelketa batean ikurrina erakusteagatik Bixintxo Bilbao pilotari jaunak jaso duen zigorra gaitzetsiz. Ariketa Fisiko eta Kirol zuzendari Jon Redondok "zigorraren legezkotasun bera” ezbaian jarri du gutunean eta, halaber, adierazi du erabakiak “euskal pilotaren jardueran inplikaturiko eragile guztien -publiko zein pribatu- arteko harmonia eta elkar ulertzea lortzen lagunduko ez duela".

Eusko Jaurlaritzaren ikuspegitik, “harrigarria da kirolariaren egintza arau-hauste larritzat jotzea, ikurrina era orokorrean ofizialki aitortua dagoen lurralde baten banderari dagokion ikurra dela kontuan hartuta". “Kirolariak bat egiten duen lurralde baten bandera kirol-txapelketa baten podiumean agertzeak zer nolako eragin izan dezakeen EPNFren eta bere organoen irudi onean ulergaitza da guretzat. Izan ere, jakingo duzuenez, taldekako eta selekzioen arteko nazioarteko kirol-txapelketetan oso ohikoa da beraientzat pertsonalki kutuna den jaioterriaren edo lurraldearen bandera soinean edo eskuan daramatela kirolariak podiumera igotzea”, gaineratzen du gutunak.

Ildo horretan, zigorraren ebazpenak ikurrina bezalako ikurrak debekatzen duen EPNFren arautegi-xedapena aipatzen ez duela nabarmendu du Redondok: “Kezkagarria da ere sari-banaketa batean bandera edo ikur bat agertzea debekatu eta zigor hau oinarritu duen EPNFren arautegi-xedapena ebazpenean ez agertzea; existitzen ez delako izango da agian”.

Zigorraren legezkotasuna ezbaian jartzeaz haraindi, zigorraren proportziogabetasuna kritikatu du Eusko Jaurlaritzak. “Aplikaturiko zigorraren legezkotasunaz harago, dudarik ez dago ere proportziorik gabeko neurri baten aurrean gaudela, kirolariak kirol-txapelketetan hamabi hilez parte hartzeko debekua jaso baitu, arautegiak berak debekatzen omen ez duen egintza baten ondorioz”, adierazi du.

Horregatik guztiagatik, zigorra bertan behera uztea eskatu du Exekutiboak: “Aipatu kirolariari ezarritako zigorra bertan behera uztea, arren, eskatzen dizuegu. Arestian aipaturikoa bezalako egintzak zigortzea inori mesede egiten ez dion giro bat sortuko du, sentsibilitate ezberdinak baitaude, guztiak ere errespetagarriak, euskal pilotaren kirol-modalitatean inplikaturiko eragile ezberdinetan”.