Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Izendegi Geografikoa aurkeztu du gaur, toponimiaz eta kartografiaz informazio baliotsua batzen duen tresna berritzaile bat

Argitalpen-data: 

Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu duenez, Euskadi.eus atariaren baitan sortutako tresna berri honek 81.248 fitxa jasotzen ditu toponimo ofizial eta lehenetsitakoen inguruan Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu duenez, Euskadi.eus atariaren baitan sortutako tresna berri honek 81.248 fitxa jasotzen ditu toponimo ofizial eta lehenetsitakoen inguruan

  • Izendegi Geografikoan jasotzen den toponimia izango da IGNren ‘Nomenclátor Geográfico Nacional’-era joango dena, eta izen horiek izango dira, hain zuzen, nazioartean ageriko direnak    

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadiko Izendegi Geografikoa aurkeztu du gaur, toponimiaz eta kartografiaz informazio baliotsua batzen duen tresna berritzaile bat. Euskadi.eus atariaren baitan sortutako tresna berri honek 81.248 fitxa jasotzen ditu toponimo ofizial eta lehenetsitakoen inguruan, eta horietan informazio ugari bildu da hauen bilakaera eta erabileraren inguruan. GeoEuskadiri esker, halaber, toponimoak geografikoki erreferentziatuta agertzen dira eta beste garai batzuetako mapetan kontsultatzeko aukera ere eskaintzen da. Informazio guztia www.euskadi.eus/izendegigeografikoa atarian kontsultatu daiteke.

Zupiria sailburuarekin batera, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak ere parte hartu du Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egindako aurkezpenean. Nabarmendu dutenez, Izendegia Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) 1986tik aurrera osatutako datu-basearen gainean eraiki da, hainbat urtetako lanaren ondoren. Azaldu dutenaren arabera, Euskadiko Izendegia Geografikoan jasotako toponimo ofizial eta lehenetsiak izango dira nazioartean erabiliko direnak.

“Orain urte batzuk, Institutu Geografiko Nazionalak (IGN), Estatuan Kartografia eta Toponimia alorretan eskumena duen entitateak (nazioartean ere ordezkari ofiziala da), autonomia-erkidegoi aukera eman zigun gure izendegi geografikoak egiteko, geroago ‘Nomenclátor Geográfico Nacional’-ean integratzeko. Bide garrantzitsua da hori, Izendegi Geografikoan jasotzen den toponimia ofizial eta lehenetsia izango delako nazioartean agertuko dena. Horrela, Eusko Jaurlaritzak 2010ean ekin zion bere toponimiako datu-baseko datuak prestatzeari, Europar Batasunak finkatutako ereduari jarraituz. Izendegi-ereduak nahitaezko informazioa eskatzen zuen (toponimo ofizialak, lehenetsiak, alonimoak, historikoak, aldaerak…), eta, era berean, toponimoei geometria jartzea eskatzen zen. Hori dela eta, 2015etik Ingurumen eta Lurralde Antolamendua Sailarekin elkarlanean ari gara, eta lan guztiaren emaitza gaurtik aurrera herritar guztien eskura dago”, azaldu du Zupiriak.

Informazio ugari

Izendegi geografikoa informazio-erregistro dinamikoa da, kartografia ofizialean erabili behar diren izendapen ofizialak, geografikoki erreferentziatuta, jasotzen dituena. Toponimo baten inguruko bilaketa egiten denean, Izendegi Geografikoak era askotako informazioa eskaintzen du bere 81.248 fitxetan jasota:

  • Izen-motak: Izen ofizialak (administrazioak ofizialdutakoak), lehenetsiak (zenbait aldaeren artean lehenetsi direnak; kasu gehienetan Euskaltzaindiak proposatutakoak), aldaerak (ahozko alderak, dokumentutakoak, kartografikoak...) edo alonimoak (leku bat izendatzeko desberdinak). Desagertutako toponimo batzuk ere badaude. Guztira, 1.500.000 toponimo inguru jasota daude datu basean (fitxak toponimo ofizial eta lehenetsitakoen inguruan egin dir,; baina horiekin erlazionatutakoak ere jaso dira).
  • Dokumentazio historikoa: Toponimoei lotutako ikerketen gaineko informazio iturriak jaso dira fitxetan.
  • Ahoskeraren inguruko aholkuak: Hainbat fitxek toponimoak ahoskatzeko moduaren inguruko aholkuak jaso dituzte, idatziz zein audioz (kasu batzuetan).
  • Geolokalizazioa: Toponimoak geografikoki lokalizatuta agertzen dira, GeoEuskadirekin burututako lankidetzari esker. Toponimo ezberdinak garai ezberdinetako mapetan ikus daitezke, bai eta ezaugarri ezberdinetako kartografietan ere.

Kontsultak egiteko aukera

Izendegi geografikoak ‘oharrak eta iradokizunak’ egiteko atal bat dauka, eta horren bitartez, herritarrek toponimiaren inguruko zalantzak, oharrak, eskariak eta iradokizunak helarazteko aukera izango dute. “Toponimiarena gai konplexua da eta batzuetan zalantzak sortzen ditu herritarrengan. Tresna honen bitartez hainbat urtetan jasotako informazioa herritarren esku jarri nahi izan dugu, beren zalantzak eta interesak asetzeko. Horrez gain, ‘Oharrak eta iradokizunak’ deitutako atala jaso du Izendegi Geografikoak, herritarrei beren oharrak, eskariak, iradokizunak eta zalantzak administrazioari helarazteko aukera emanez”, aipatu du Zupiriak.

Bestalde, Izendegi Geografikoa etengabe osatzen eta aberasten joango den tresna bat dela nabarmendu du Estibaliz Alkortak: “Azken urteotan udaletatik etorritako datu asko eta asko Izendegian kargatu behar ditugu, eta lan hori apurka-apurka joango gara egiten. Momentu honetan egindako kontsulten deskargak egin daitezke, eta aplikazioa hobetzen eta funtzionalitate berriak gehitzen jarraituko dugu. Izendegia zuzendu, osatu eta eguneratuko da udalekin batera”.

Azkenik, Alkortak nabarmendu duenez, aurrerantzean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak landu eta Euskararen Aholku Batzordearen Toponimia Batzorde-atal Bereziak onartutako ‘Euskal Autonomia Erkidegoko Toponimia-lanerako metodologia’ eskainiko zaie udal eta foru-aldundi guztiei, hain zuzen, guztion artean, bakoitzak duen eskumenen barruan, EAEko Izendegi Geografikoa eguneratzeko.