Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Gobernuak indarrak batzea adostu dute berezko eskumenak defendatzeko, Gobernantza Digitalaren arloan, estatuaren eskumen-inbasioaren aurrean

2019.eko urtarrilak 24

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua eta Jordi Puigneró Kataluniako Generalitateko Polítiques Digitals-eko Consellerra gaur Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan bildu dira. Bileraren motiboa izan da bi gobernuek Gobernu Zentraletik ekartzen diren etorkizuneko Europako arauketen aurrean eta Espainiako Gobernutik bertatik sustatzen diren eta zenbait arlotan, besteak beste administrazio elektronikoan, telekomunikazioetan edo zibersegurtasunean eskumen sektorialen inbasioa ekar dezaketen arauketa eta legeen aurrean baterako estrategia koordinatua ezartzeko duten borondatea.

Besteak beste, 39/2015 Legea eta Administrazio Prozedura Erkidearen 40/2015 Legea aztertu dira, zeina partzialki eten baitu Konstituzio Auzitegiak. Kataluniako Gobernuak konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa planteatu zuen, aurreikusitako arauketaren irismena mugatzeko eta administrazio-prozedura erkidea arautu behar duten printzipio orokorrak ez gainditzeko eta, horrela, autonomia-erkidegoetako administrazio publiko guztietarako betebeharrak ez ezartzeko eta Estatuko tresnen eta plataformen erabilera ez inposatzeko.

TELEKOMUNIKAZIOEN ETA ZIBERSEGURTASUNAREN INGURUKO TRUKEAK

Jordi Puigneró Kataluniako Generalitateko Polítiques Digitals-eko Consellerrak Euskadira egingo duen bisitan Eusko Jaurlaritzak zibersegurtasunaren, telekomunikazioen eta digitalizazioaren arloan dituen funtzionamendua eta politika ezagutuko ditu. Puignerók aurreikusi du ostiralean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarekin bilera izatea eta Basque CyberSecurity Center eta, Alex Etxebarria EJIEko zuzendari nagusiaren eskutik, EJIE - Eusko Jaurlaritzako Sozietate Informatikoaren egoitza bisitatzea.

Mehatxupean dagoen eskumen berezietako bat zibersegurtasunaren ingurukoa da, NIS “Network Information Systems” Europako zuzentaraua Espainiara eramateak eragingo duena; izan ere, horrek ekarriko du Kataluniako CESICAT eta Euskadiko Basque Cybersecurity Center zibersegurtasuneko zentroetako eskumenak, besteak beste, berriro ere zentralizatzea.

Arauketa-esparru horren aurrean, Kataluniako Gobernua etorkizuneko “Kataluniako Zibersegurtasuneko Agentzia” garatzen ari da, Konstituzio Auzitegiak (KA) Estatuko eskumen esklusiboak urratzen dituela epaitu eta artikuluetako atal batzuk baliogabetu ondoren.