Eusko Jaurlaritzak eta gehiengo sindikalak amaiera eman diote EUSTATen lan-gatazkari, bertako lanpostuak bermatuko dituen akordioaren bidez

iREKIA.jpg

2019.eko otsailak 13

  • 80 pertsona inguru izango dira akordio horren onuradun; akordioaren bidez, aurrerantzean, beren egonkortasuna bermatu egingo da eta lan-baldintzak hobetu
  • Horrela, amaitu egiten da duela ia 10 urte Euskal Estatistika Erakundean elkarrizketak eta ikuskaritza-lanak egiten dituzten eragileekin irekitako lan-gatazka

Eusko Jaurlaritzak eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek “EUSTATen zerbitzuak ematen dituzten administrazio orokorreko aldizkako mugagabe aitortutako langileei buruzko akordioa sinatu dute; horrela, amaiera ematen zaio duela ia 10 urte lanbide-kolektibo horrekin irekitako lan-gatazkari. Akordioa Funtzio Publikoan ordezkaritza duten sindikatu guztiek sinatu dute, ELAk izan ezik, gaur goizeko “Euskadiko administrazio orokorraren mahai sektorialean”. Akordioak langileen ehuneko 86-aren onespena du. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Izaskun Urien Lan Harremanen zuzendariak eta Josu Iradi EUSTATeko zuzendariak sinatu dute akordioa.

Euskal Estatistika Erakundean elkarrizketak eta ikuskaritza-lanak egiten dituzten 80 bat pertsona izango dira akordio horren onuradun; auzitegiek, 2010aren eta 2012aren artean, “aldizkako lan-kontratudun mugagabe” izaera aitortu zieten.

LAN-EGONKORTASUNA

Gaur sinatutako dokumentuari esker, Eusko Jaurlaritzak lanbide-kolektibo horri urtean, gutxienez, 10 hileko lana bermatuko dio. Gainera, deialdia egiten den unetik aurrera, lan-karga eta lana zer hiletan egingo duten jakingo dute; horrela, antolatu ahalko dira eta beren lan-bizitza eta bizitza pertsonala hobeto uztartu ahalko dute.

Eusko Jaurlaritzak akordio hau goraipatu eta oso positibotzat balioesten du, 80 bat pertsonaren lanbide-egonkortasuna bait dakar; akordioaren arabera, pertsona horiek dauden lanpostuetan egingo dute lan, borondatez uko egin arte, erretirora arte edo heriotza arte.

Modu berean, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du, Eustaten lanpostuak amortizatu ahala, Euskal Estatistika Erakundearen beharren arabera postu berriak sortzen joateko.

 

ITUNAREN BATZORDEA ETA SEGIMENDUA

 

Gobernuak eta sindikatuek, gainera, ordezkaritza parekidea duen batzordea sortzea erabaki dute, zerbitzuaren prestazioa kudeatzeko eta, sortzen diren nobedadeen arabera, eguneratzeko.