Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Hekimen elkarteak euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko hitzarmen berri bat aurkeztu dute

Hedabideak_2.jpg

2019.eko martxoak 04

  • Akordio honen bitartez, euskal erakundeek euskarazko komunikabideen garrantzi estrategikoa aitortzen dute eta sektorea egonkortzeko apustua berresten dute.

  • Erakundeek 10,5 milioi euro jarriko dituzte, urtero, komunikabide hauen lana laguntzeko, orain arte jartzen zutena baino 3,1 milioi euro gehiago.  

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Hekimen elkarteak euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko hitzarmen berri bat aurkeztu dute Donostian. Akordio honen bitartez, euskal erakundeek euskarazko komunikabideen garrantzi estrategikoa aitortzen dute eta sektorea egonkortzeko apustu sendoa egiten dute. Aurkeztutako eredu berri hau oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 10,5 milioi euro jarriko dituzte, urtero, euskarazko hedabideak laguntzeko, orain arte jartzen zutena baino 3,1 milioi euro gehiago.

Euskal erakundeetako eta euskarazko hedabide pribatuetako ordezkariak izan dira Tabakaleran egin den prentsaurrekoan. Erakundeetatik, parte hartu dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiak, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusiak eta Joseba Perez de Heredia Arabako Euskara, Kultura eta Kirol zuzendariak. Euskarazko komunikabideen aldetik honako ordezkariak izan dira: Igor Astibia, Hekimeneko koordinatzailea; Iban Arantzabal, Hekimeneko ordezkari eta Tokikomeko zuzendari nagusia; Iban Arregi, Hekimeneko ordezkari eta Berria Taldeko kontseilari ordezkaria; eta Lorea Agirre, Hekimeneko ordezkari eta Jakin aldizkariko zuzendaria.

Edukiak euskaraz

Akordioa bi urteko prozesuaren emaitza da. Jatorria 2017. urtearen hasieran dago, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak hedabide hauen etorkizunaren inguruko gogoeta bat abian jarri zutenean. Eusko Jaurlaritza bildu zen geroxeago, eta Araba eta Bizkaiko foru aldundiek ere bat egin dute gogoeta horretatik aterako planteamenduarekin. Adostutako hitzarmenaren lehen oinarria izan da euskararen sustapenean hedabide hauek daukaten garrantziaren aitortza. Hortik abiatuta, sektorea egonkortzeko eta sendotzeko eredu berri bat bilatu da, komunikabide hauek ahalik eta egokien bete dezaten euskaraz informatzeko eta eduki interesgarriak sortzeko beren zeregina.

“Eusko Jaurlaritzaren 2016-2020 Gobernu Programan komunikabideetan eta ekintza kulturaletan euskararen erabilera sustatzeaz hitz egiten da. Era berean, Euskararen Agenda Estrategikoan nabarmentzen da euskarazko hedabideek duten garrantzia euskararen erabilera sustatzeko. Euskarazko hedabide publikoen ekarpen garrantzitsuaz gain, estrategikotzat hartzen dugu hedabide pribatuen lana euskaraz informatzeko eta eduki interesgarri eta erakargarriak sortzeko bidean. Euskararen kalitatezko erabileraren ikuspegitik ere ekarpen nabarmena egiten dute. Hortaz, komunikabide hauen zereginaren aitortza horretatik abiatuta, ikusi genuen beharrezkoa zela orain arte genuen diru-laguntzen ereduan zenbait aldaketa sartzea. Gainontzeko euskal erakundeek diagnosia partekatu zutenez, adostasun bat bilatzeari ekin genion”, azaldu du Zupiria sailburuak.

Hala, bi urteko prozesuaren ostean, Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak eta Hekimen adostasun batera heldu dira. Orain arte bezala, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek diruz lagunduko dute euskarazko hedabideen jarduera, baina oraindik aurrera erakunde bakoitzak hedabide zehatz batzuk laguntzeko ardura hartuko du. Batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek beren lurraldeetako idatzizko hedabideak sustatzeko eta diruz laguntzeko ardura hartuko dute. Eusko Jaurlaritzak, bestetik, euskararen lurralde osoa hartzen duten izaera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializatuak babestuko ditu, bai eta lurraldeetako telebistak, irratiak eta Internet bidezko komunikabideak ere.

Eredu berri honek aldaketak ekarriko ditu erakundeek hedabideak laguntzeko egingo dituzten ekarpenen aldetik. Hitzarmenak diru-kopururik zehazten ez badu ere, erakundeek urtero 10,5 milioi euro jartzeko konpromisoa hartu dute 2019-2021 epealdirako, horietatik Jaurlaritzak 7,8 milioi euro jarriko ditu. Erakundeek bideratuko dituzten diru-laguntza deialdiez gain, eredu berri honi jarraikiz Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du Berria euskarazko egunkariarekin. Bestalde, gaurko prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, Jarraipen Batzorde bat eratuko da eredu berri honen funtzionamendu egokia zainduko duena.

Laguntzen estaldura

Hitzarmena euskararen sustapenean hedabideek duten garrantziaren aitortzatik abiatzen den heinean, erakundeek berresten dute komunikazio proiektu hauek diruz laguntzeko egokitasuna eta beharra. Hala ere, Zupiria sailburuak adierazi duenez, hedabideen bideragarritasuna ez da erakundeen ardura izango, baizik eta proiektu bakoitzarena. Hori dela eta, irizpide orokor gisa ezarri da diru-laguntza bidezko estaldura aurrekontuaren % 30era hel daitekeela. “Herri administraziook ahalegin azpimarragarria egingo dugu euskarazko hedabide pribatuen jarduera laguntzeko, baina hedabideen esku geratzen da beren komunikazio proiektuen bideragarritasuna”, azaldu du Zupiria sailburuak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Ana de Castrok nabarmendu du urtetan zehar egin diren ahaleginak euskarazko hedabideak laguntzeko: “Bizkaiko Foru Aldundia ados dago urteetan zehar egin diren ahaleginekin, akordio honen atzean dagoen euskarazko hedabideak bideragarriago egin eta sendotzeko asmoarekin”. Era berean, prozesuan zehar Bizkaiko Foru Aldundiak egin dituen ekarpenak azaldu ditu: “Akordioaren asmoarekin ados egon arren, zenbait ñabardura egin ditugu prozesu honetan zehar. Batetik, babes berezia adierazi gura diogu Bizkaiko gure euskalkia lantzen eta erabiltzen duten proiektuei. Bestetik, kontuan hartu gura dugu nork sustengatzen dituen gure lurraldeko tokiko eta eskualdeko hedabide gehientsuenak. Izan ere, ‘gure’ hedabideon —betidanik babestu izan ditugun hedabideon— atzean daudenak ez dira proiektu enpresarialak, herrietako edo eskualdeetako elkarteak baizik, baita norbanakoren bat ere. Azkenik, kontuan hartu gura dugu herritarrek ematen duten erantzuna ere, hau da, irismena”.

Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldunditik, eta Joseba Perez de Heredia, Arabako Foru Aldunditik, ere azpimarratu dute akordioaren garrantzia. Mendizabalek nabarmendu du hitzarmenaren “oinarri-oinarrian dagoen elkarlana” eta “laneko moldea”. “Erakunde guztien eta sektorearekin batera egindako prozesuaren ondorioz, adostasunez iritsi gara honetara. Euskararen biziberritzea bidegurutzean dagoen honetan, lankidetza esparruak jorratzea ezinbestekoa da erakunde eta euskalgintzako eragileen artean”, gaineratu du..

Hekimen elkartetik, Igor Astibiak adierazi du akordioa dela “norabide egokian emandako lehen pauso bat”: “Pauso garrantzitsua eta, sektoreak bestelako erronkei ekin ahal izateko ezinbestekoa; baina, esan bezala, sektoreak erronka gehiago ere baditu eta horiek ere ez dira nolanahikoak”.