Eusko Jaurlaritzak 54.000 euro bideratuko ditu Gure Artea sarietako hiru modalitateetako irabazleak saritzera (Gobernu Bilera 2019-04-02)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg
  • Sari hauen helburua da euskal arte garaikidearen hedapena sustatzea, arte plastiko eta ikusizkoen arloa jomugan jarriz

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Gure Artea sariak arautu eta horietarako deialdia egiten duen agindua onartu du bere gaurko saioan. Guztira, 54.000 euro bideratuko dira ekimen honek saritzen dituen modalitate ezberdinetara, eta irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatzen dituen ekimen honetan hiru modalitate daude: ibilbide artistikoa saritzen duena, sorkuntza-lana aitortzen duena eta arte plastiko zein ikusizkoen eragileen sustapenaren ingurukoa.

Sari hauek sormenaren garapena bultzatzea dute helburu, arte-sorkuntzarako pizgarriak erraztuz eta aitortza eskainiz arte sorkuntzari. Horrez gain, euskal arte garaikidearen hedapena errazteko xedea dute, arte plastiko eta ikusizkoen arloan gizartearen aitortza bideratuz.

Lehenengo modalitateak, lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta “egindako lan sortzaileagatik eta kulturari zein arte garaikideei egindako ekarpenagatik” nabarmentzen den artisten lana saritzen du. Bigarren modalitateak azken urteak hartzen ditu kontuan, eta “bere jarduera artistikoagatik zein sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea” saritzen du. Azkenik, hirugarren modalitateak arte plastiko eta ikusizkoen arloan eragileek egindako sustapen lana saritzen du. Hortaz, sari hauen baitan bai sortzailean, bai bestelako agentean saritu daitezke.

Gure Artea sarietako irabazleak udaberrian zehar emango dira ezagutzera, eta sariak emateko gala udazkenean egingo da. Gema Intxausti, Erlea Maneros eta Bulegoa z/g izan ziren iazko irabazleak.