Eusko Jaurlaritzak 405.000 euro onartu ditu euskara ingurune digitalean sustatzea helburu duten proiektuak diruz laguntzeko (Gobernu Bilera 2019-05-14)

fotoconsejo.jpg

2019.eko maiatzak 14

  • Deialdiak bi modalitate izango ditu aurten; izan ere, komunikazio proiektuak eta ‘app’-ak beste bidetatik lagunduko dira

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak euskara ingurune digitalean sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak onartu ditu bere gaurko saioan. Aurten, 405.000 euro bideratuko dira zeregin honetara deialdi honen bitartez. Deialdiak bi modalitate izango ditu 2019an: batetik, Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten egitasmo ez komertzialak lagunduko dira; bestetik, Interneten euskaraz gain beste hizkuntza batean edo batzuetan zabaltzen diren egitasmo ez komertzialetako euskarazko bertsioak diruz lagunduko dira.

Aurtengo deialdiak berritasun aipagarriak dakartza. Alde batetik, ingurune digitaleko komunikazio-proiektuak aurten indartu eta berritu diren hedabideentzako diru-laguntza deialdien bidez lagunduko dira beren-beregi; ondorioz, komunikabide digitalak ez dira deialdi honen bitartez lagunduko. Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiekin batera, euskarazko hedabideak diruz laguntzeko eredua berritu du aurten. Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 10,5 milioi euro jarriko dituzte, urtero, euskarazko hedabideak laguntzeko (horietatik Jaurlaritzak 7,8 milioi euro jarriko ditu), orain arte jartzen zutena baino 3,1 milioi euro gehiago. Igoera horren ondorioz, Internet bidezko komunikabide guztiak hedabideen deialditik diruz lagunduko dira. Bestetik, lehen laguntzen ziren ‘app’-en ebaluazioa egin ondoren, erabaki da horiek beste bide batzuetatik diruz laguntzea.

Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen egitasmoak:

  • Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten egitasmo ez komertzialak (300.000 euro): Alde batetik, modalitate honen bitartez lagunduko dira 2019an abian jarriko diren egitasmo berrien garapena eta horiek hornitzeko euskarazko edukiak. Era berean, diruz lagundu daitezke lehendik abian dauden egitasmoetan funtzionalitateak hobetzea edo gehitzea, edota egitasmoak hornitzeko euskarazko edukiak.
  • Interneten euskaraz gain beste hizkuntza batean edo batzuetan zabaltzen diren egitasmo ez komertzialetako euskarazko bertsioak (150.000 euro): Bigarren modalitate honen bitartez ere 2019an abian jarriko diren egitasmoen garapena eta horiek hornitzeko euskarazko edukiak diruz lagunduko dira. Horrez gain, lagunduko dira lehendik abian dauden egitasmoetan funtzionalitateak hobetzea edo gehitzea, edota egitasmoak hornitzeko euskarazko edukiak.