Eusko jaurlaritzak 300.000 euroko inbertsioa egin du kultura eta sormen industriak (KSI) bultzatzeko, Euskalit Fundazioari eta Tabakalerari zuzendutako bi dirulaguntzaren bitartez (Gobernu Bilera 2019-06-04)

logoconsejo.jpg

2019.eko ekainak 04

KSI Berritzaile programaren ardatzetako bat garatuko du Euskalit Fundazioak, eta KSIen nazioartekotze-proiektu baten exekuzioa bultzatuko du Tabakalerak

Euskadin Kultura eta Sormen Industriak (KSI) bultzatzeko bi dirulaguntza zuzen onetsi ditu Gobernu Kontseiluak bere gaurko bileran. Batetik, 120.000 euroko dirulaguntza onetsi du, Euskalit Fundazioari zuzendua (Bikaintasunerako Euskal Fundazioa), KSI Berritzaile programaren antolamendu-eredua berritzeko jardute-ardatza garatu dezan. Bestetik, Jaurlaritzak 180.000 euroko diru-laguntza onetsi du Tabakalera Nazioarteko Kultura Garaikideko Zentroarentzat, 'Kultura eta Sormen Industriak Nazioartekotzeko Proiektu Pilotua' burutu dezan.

Azken urte hauetan Eusko Jaurlaritzak hainbat proiektu garatzen dihardu Kultura eta Sormen Industriak bultzatzeko. Ikuspegi horren bitartez, kulturaren arloari sormenari lotutako esparruak gehitzen baitzaizkio, hain zuzen, tradizioz kulturaren ertzetan kokatu izan ohi diren esparruak: diseinua, arkitektura, moda, ikus-entzunezkoak, hizkuntzaren industriak edota bideo-jokoak.

KSIak bultzatzeko ekintzen artean, nabarmentzekoa da KSI Berritzaile programa, Euskadiko KSIen eremuko enpresei zuzendua, hemen adierazten diren hiru jardute-ardatzetan proiektu berriak aurrera eramateko aukera emango duten espazioak sortu eta garatzeko helburuz:

  1. Berrikuntza teknologikoa.
  2. Antolamendu-ereduaren berrikuntza.
  3. Enpresen finantzazio-ahalmena.

Sailen arteko lankidetzari esker (Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Lehendakaritza eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila) atera da programa, eta bere bigarren ardatzean Euskaliten lanari esker garatzen da.

Euskal erakunde ugari dira fundazio horretan partaide, Euskalitek bultzatutako Kudeaketa Aurreratuarekin konpromisoa hartua dutenak (700 enpresa eta erakunde dira bertan bazkide kolaboratzaile).

Dirulaguntza Tabakalerarentzat

Bestalde, 2019an, 'Kultura eta Sormen Industriak Nazioartekotzeko Proiektu Pilotua' garatuko du Tabakalerak, KSIen eremuan Euskadin garatuko diren proiektuei nazioarteko proiekzioa emateko helburuz. Kultura garaikideko zentro bat da Tabakalera, eta bikoitza da bere bokazioa: produkzio-zentro bat izatea eta jardueren programazio publiko bat eskaintzea. Bi ardatz horiek zeharkatzen dituzte proiektuaren arlo guztiak, sormena, hausnarketatik abiatutako prestakuntza eta erakusketa gidalerrotzat hartuta. Artisten eta sortzaileen profesionalizazioan laguntzeko leku bat izateaz gainera, publiko desberdinentzako programazioa sortzen du, eta publiko orokorraren eskueran jartzen ditu kultura garaikidera eta sorkuntzara sarbidea izateko eta hurbiltzeko tresnak.

Ezaugarri horiekin, Eusko Jaurlaritzak ulertzen du erakunde egokia dela Tabakalera KSIen inguruko Nazioartekotze Proiektu Pilotua garatzeko.