Eusko Jaurlaritza aurten ere "Planetaren Ordua"ri atxiki zaio (Gobernu Bilera 2019-03-26)

fotoconsejo.jpg

2019.eko martxoak 26

Gobernu Kontseiluak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak proposatuta, Planetaren Ordua izeneko nazioarteko ekimenari atxikitzea erabaki du; ekimenaren helburua da herritarrak klima-aldaketaren ondorioen eta biodibertsitatearen galeraren gainean sentsibilizatzea. Hori dela eta, datorren larunbatean, martxoaren 30ean, 20:30aren eta 21:30aren bitartean, Lakuako (Vitoria-Gasteiz), Kale Nagusiko 85. zenbakiko (Bilbo) eta Andia kaleko (Donostia / San Sebastián) eraikin nagusietako kanpoko argiak itzaliko ditu. Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren mendeko bulegoak atxikiko zaizkio ekimenari, besteak beste, Ihobe - Ingurumen Kudeaketaren Sozietate Publikoa, Bilbon, eta Ekoetxea Urdaibai ingurumen-interpretazioko zentroa, Busturian (Bizkaia).  

‘Planetaren Ordua’ ekimena WWF elkarteak (Naturarako Mundu Funtsa) antolatzen du; Sidneyn (Australia) hasi zen, eta mundu osoan zehar zabaldu da eta, horrela, mundu-mailako ingurumen-mugimendu nagusienetakoa bilakatu da.

Egun arte, Estatu osoko 220 udalek, 110 enpresak eta 100 erakundek baino gehiagok egin dute bat ekimen horrekin, eta beren monumentu eta eraikin nagusiak itzaliko dituzte, klima-aldaketaren aurkako borrokaren sinbolo gisa. Gainera, hilaren 30ean, milioika pertsonak bat egingo dute berriro naturaren kontserbazioarekin duten konpromisoa erakusteko, sekula ez bezalako narriatze-prozedura bizi baitu.

Planetan Ordua ekimena sozietate zibiletik sortu da, eta, horrelako ekimenen bidez, ingurumen-erronkek zabalkunde handiagoa dute eta herritarrek aktiboki hartzen dute parte beraiengan zuzenean eragina duten gaietan. Eusko Jaurlaritzak, ekonomia lehiakorra eta karbono gutxikoa sustatzeko duen ingurumen-konpromisoan oinarrituta, aurten ere mugimendu hori bultzatzearen aldeko apustua egiten du; hori dela eta, ez du zalantzarik izan ekimenari atxikitzeko orduan.