Euskara Iparraldean sustatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000 euroko lankidetzarako funtsa eratuko dute aurten

2019.eko apirilak 03

  • 2017-2022 epealdirako hitzarmen-markoaren baitan, aurtengo eranskina sinatu dute gaur, lankidetzaren lan-ildoak eta diru-ekarpena zehaztuz.
  • Euskalgintzari loturiko eragile pribatuen lana diruz laguntzeaz gain, bi erakundeek elkarrekin egingo dute lan hizkuntza-ikerketan, terminologia gaietan edota egiaztagirien inguruan.

 

Baiona, 2019/04/03           

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Beñat Arrabit Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak euskara elkarlanean sustatzeko erakunde bien konpromisoa berretsi dute gaur, Baionan egindako ekitaldi batean. 2017-2022 epealdirako hitzarmen markoaren barruan, gaurko ekitaldian 2019rako lankidetzaren lan-ildoak ezagutzera eman dituzte eta, horrekin batera, erakunde bien diru-ekarpena zehaztu dute. Batetik, lankidetzarako lau arlo zehaztu dituzte; bestetik, erabaki dute 1.930.000 euro bideratzea Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana diruz laguntzera (iazko kopuru bera). Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro jarriko ditu xede horretarako.

Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan egindako aurkezpen honetan Bernadette Soulé EEPko zuzendaria ere izan da. Miren Dobaran sailburuordeak nabarmendu du bi erakundeen arteko elkarlanaren eraginkortasuna: “Sinatu dugun eranskinari esker, diruz lagunduko da euskarazko irakaskuntzan ari diren erakundeen lana, helduen euskalduntzean ari direnena, aisialdia euskaraz sustatzen duten eragileena edota euskarazko hedabideena. Argi dago dirua eta baliabideak jartzea ezinbestekoa dela hizkuntza politika eraginkorra aurrera eramateko, baina, nire iritziz, dirua baino garrantzitsuagoa da une honetan eratu dugun elkarlanerako gunea, elkarrekin egitasmo interesgarriak garatzeko oinarriak finkatzeko balio diguna”.

Bestalde, Beñat Arrabitek epe luzeko lankidetza honen izaera estrategikoa azpimarratu du, bai finantza-laguntzari dagokionez, bai hizkuntza arloetako estrategien eta proiektuen lankidetza teknikoen aldetik.

Hitzarmen markoa

Gaur aurkeztutako akordio berri hau posible izan da 2017an Baionan sinaturiko 2017-2022 epealdirako hitzarmen markoari esker. 2007an hizkuntza politika gaietan bi erakundeen arteko lankidetza jarraitua abian jarri zenetik hirugarren akordioa da hori (aurreko biak 2007-2010 eta 2011-2016 epealdietarako izan ziren). Lankidetza marko horren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berretsi zuten. Era berean, bi alderdiek zehaztu zuten hizkuntza politikaren arloan sustatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta elkarren arteko ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertu zuten.

Hitzarmen markoak elkarlanerako lau arlo zehaztu zituen: euskararen transmisioa; hizkuntzaren presentzia eta erabilera; hizkuntzaren kalitatea; eta, azkenik, euskararen aldeko jarrera. Hitzarmen markoak lankidetzarako testuinguru bat definitzen badu ere, lankidetza urtero-urtero zehaztu behar da eranskin baten bidez. Gaur 2019 urteari dagokion eranskina sinatu dute, lau lan-ildo nagusi zehaztuz:

  • Lehen lan-ildoa: Helduen euskalduntzea. Hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzaren definizioa eta antolaketa gauzatu. 2010ean C1 mailako EGA agiriarekin egin zen gisan, 2019an EEPko zerbitzuek Eusko Jaurlaritzako zerbitzuekin lankidetzan ariko dira B1 mailako agiriaren baliokidetza gauzatzeko. Bestalde, 2019ko martxoaren 29ko EEPren Biltzar Nagusiak erabaki ondoren B2 mailako agiri berriaren sortze lanak abiatzea, Eusko Jaurlaritzako HABEko zerbitzuekin elkarlanean eginen da lan hori 2019an. Agiri hau publiko zabalari orain arteko baldintzetan irekitzeko xedeaz gain, ikasleentzat azterketa forma digitalean plantan ezartzeko helburuarekin, EEPk, Eusko Jaurlaritzako zerbitzuek garatutako Azternet aplikazioa egokitzeko aukerak eta egingarritasuna aztertuko ditu. Bestetik, EAEn egiten ari diren ikerketak baliatuz, EEPk dauden laguntza dispositiboen diagnosia egingo du, ikasleen ikasketa prozesuaren jarraipena egiteko tresnak landuko ditu eta, hirugarrenik, ikasketa prozesuaren kalitatea zaintzeko dispositibo bat landuko du.
  • Bigarren lan-ildoa: EAS - Euskararen Adierazle Sistemaren proiektua sustatu. 2019rako partaideek adostu dute elkarrekin sortutako adierazle sistemaren garapena elkarrekin jarraitzea, eta proiektuaren garapenarekin sistemaren eta adierazle egokitzapen lanetan aritzea, lurralde bakoitzaren errealitateak hobeki kontuan hartuz. Bestalde, EAS webgunea elikatzeko lanek ere jarraituko dute.
  • Hirugarren lan-ildoa: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatzea. Hizkuntza baieztapena eta terminologiari dagokienez, Ipar Euskal Herrian euskaraz ekoizten duten profesionalei, EEPren kide diren erakundeei eta bizitza sozialaren alorreko EEPren partaideei hizkuntza aholkularitza zerbitzua eta hizkuntza-baliabideak eskaintzen dizkie EEPk. EEPk eskainitako zerbitzua optimizatzeko helburuarekin, 2019an Eusko Jaurlaritzako zerbitzuekiko lankidetza jarraituko da:
    • Itzulpenen kudeaketarako tresnak aztertuz.
    • Terminologia adituekin lankidetza egituratzeko eta egonkortzeko, Iparraldeko termino bereziak finkatzea helburu izanez.
    • Terminologia lanetarako Iparraldeari berezituak zaizkion terminoak Euskaltermen sartzeko.
    • Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzorde Iraunkorreko Batzorde teknikoetan iparraldeko adituak integratuz, EEPk adituak proposatuz gaiaren arabera.

Era berean, HABE Liburutegia, Euskararen Erakunde Publikoan diharduten teknikarien dokumentu-hornitzaile izango da. teknikariek dituzten dokumentazio-beharrei erantzungo die HABE Liburutegiak. Alertak izeneko zerbitzu pertsonalizatua ere eskainiko zaie. Azkenik, 2019rako erabaki da Eusko Jaurlaritzak hedabideen arloko laguntza dispositiboetaz egin duen azterketa, eta plantan eman duen laguntza dispositibo berriari buruzko informazioa EEPren esku uztea. 

  • Laugarren lan-ildoa: Inkesta Soziolinguistikoa. 2018an VI. Inkesta Soziolinguistikoaren behin betiko txostenak egin ostean, 2019an, hedapenerako euskarri osatuak lau hizkuntzetan argitaratuko dira: euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez.

Bestetik, eranskinean Ipar Euskal Herriko euskalgintzari loturiko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko diru-ekarpena zehaztu da. Iaz bezala, 1.930.000 euro izango dira horretarako; Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro. Lankidetzarako aurrekontu hori bi multzotan banatuko da:

  • Hitzarmen baten bermea duten erakundeen artean 1.550.000 euro banatuko dira. Multzo honetan sar daitezkeen eragile pribatuek beren urteko jarduerari loturiko diru-laguntza bat jasoko dute, hitzarmen baten bitartez.
  • Bigarrenik, 380.000 euro jarriko dira diru-laguntza deialdi baten bitartez eragile pribatuen euskarari loturiko proiektuak laguntzeko.

Diru-laguntzen banaketaren inguruko xehetasun guztiak udan emango dira aditzera. Iaz, hitzarmen baten bermea duten zortzi eragile pribaturen lana diruz lagundu zen; horrekin batera, 63 proiektu diruz lagundu ziren diru-laguntza deialdiaren bidez.

Eusko Jaurlaritzaren eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko euskara sustatzeko elkarlanak mugarri bat izan zuen 2007an, hizkuntza politikako gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmen markoa lehen aldiz sinatu baitzen. Lankidetza horren balantzea oso positibotzat jo da urte hauetan zehar eta hitzarmen markoa epealdiz epealdi  gaurkotzen joan da. Halaber, 2017ko uztailaren 3an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEPk sinatu zuten Hiruko Itunaren bidez erakunde hauek nabarmendu zuten beren borondatea hizkuntza politika gaietan elkarrekin lan egiteko. Hiruko Itunaren ostean hainbat izan dira hiru erakundeen artean aurrera atera diren proiektuak.