Euskalmetek egiaztatu du azken zazpi udak beroagoak izan direla EAEn

Argitalpen-data: 

1981-2010 aldiarekin alderatuta

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak egiaztatu du 2012tik 2018ra uda meteorologikoak (ekaina, uztaila eta abuztua kontuan hartuta) beroagoak izan direla EAEn, 1981-2010 aldiarekin alderatuta.

Euskalmeten arabera, datuek adierazten dute azken 16 urteetako 12tan tenperatura aldi horretako batez besteko tenperaturaren gainetik egon dela, eta azpimarragarriena 2003ko uda meteorologikoa izan zen, ia 3 graduko anomalia positiboa erregistratu baitzen.

Euskalmeten ustez, EAEn neurtutako datuak planetan ematen ari den berotzearekin bat datoz.

(Anomalia positiboak, grafikoan barra gorrien bidez adieraziak)

Udaberri normala

Amaitu berri den 2019ko udaberri meteorologikoari dagokionez (martxoa, apirila eta maiatza), datuek adierazten dute portaera guztiz normala izan dela; izan ere, martxoa eta apirila beroak izan ziren arren, maiatzeko tenperatura baxuek orekatu egin dute urtaro osoaren kalifikazioa.

Nahiz eta maiatza oso hotza izan den EAEn, ia Europa guztian eta AEBn bezala, planeta osoa kontuan hartuta berriz ere beroa izan dela adierazi behar da, eta 1979tik hirugarren maiatzik beroena izan da, anomalia positiboa 0,5 ºC-koa izanik.

(Iturria: Copernicus Climate Change Service)