Euskadiko Kidego Kontsularrak Ertzaintzaren Bilboko trafikoko eta larrialdietako zentroak eta Iurretako egoitza bisitatu ditu

Argitalpen-data: 

DSC_0927.JPG

Kidego Kontsularreko Zuzendaritza Batzordeak eta Euskadin akreditatuta dauden hainbat kontsulek Bilbon dauden SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean. Ondoren, Ertzaintzaren Iurretako Polizia Zentrora joan dira.  Ordezkaritza horrek Segurtasun Sailaren instalazioak bisitatzen dituen bosgarren aldia da.

Ertzaintzaren Zuzendaritzak sustatutako bisita egoitza Euskadin duen Kidego Kontsularraren eta Ertzaintzaren Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzuaren arteko harremanen eta ohiko lankidetzaren baitan egin da.

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anituak eta Ertzaintzaren Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzuaren buru Lucio Cobosek egin diete harrera Errumaniako kontsula eta Bilboko Kidego Kontsularraren Zuzendaritza Batzordeko dekanoa den Marian Popescu buru izan duen hamabost bat diplomatikok osatutako kidego kontsularrari.

Diplomatikoek zehaztasunez ezagutu ahal izan dute SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren egoitza nagusiko ohiko jarduera. Zerbitzu horretatik erantzuten zaie 112ra iristen diren larrialdietako deiei, eta bertatik mobilizatzen dira, beste hainbat larrialdietako zerbitzuren artean, polizia, osasun eta suhiltzaile baliabideak.

Bisitariek eraikin berean dagoen Trafikoa Kudeatzeko Zentroa ere ikusi dute. Zentro horretatik hedatzen dira errepide-sareko paneletako mezuak, eta bertatik artatzen dira 011 informazio-telefonoko deiak.

Ondoren, taldea Ertzaintzaren Iurretako instalazioetara joan da, Laguntza Taktikorako Buruzagitzaren mende dauden zerbitzuak ezagutzera. Polizia-base horretan Brigada Mugikorra, Zaintza eta Erreskate Unitatea eta Lehergailuak Desaktibatzeko Unitatea daude. Horrez gainera, polizia-droneen hegaldiaren erakustaldi bat ere ikusi dute.

Euskadiko kontsulen ordezkaritzak Segurtasun Sailaren instalazioetara egiten duen bosgarren bisitaldia izan da. Aurreko urteetan, esate baterako, Berroziko basea, Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusia eta Arkauteko Akademia bisitatu dituzte.