EUSKADIKO INGURUMEN-ADMINISTRAZIOAREN LEGE-AURREPROIEKTUAREN INSTRUKZIO-FASEAN JASO DIREN ALEGAZIOEI ETA HOBEKUNTZAPROPOSAMENEI EMANDAKO ERANTZUNEN TXOSTENA

Argitalpen-data: 

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Lege Aurreproiektuak aldez aurretiko kontsultarako, entzunaldirako, informazio publikorako eta beste administrazio batzuen partaidetza eta kontsultarako halabeharrezko izapideak bete ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legeko 8. eta 9. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Testu arauemailearen zirriborroa egin aurretik, honako gai hauen inguruko informazioa eskaini zitzaien herritarrei: a) ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak; b) hura onestearen beharra eta aukera; c) arauaren helburuak; eta d) ordezko irtenbide arautzaileak eta ez arautzaileak. Horrela, bada, gai horien inguruko iritzia ematera gonbidatu zitzaien, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan zehaztutako aldez aurretiko kontsultaren bitartez. Kontsulta hori 2018ko otsailaren 13an hasi zen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta iragarri zen.

Gero, herritarrentzako informazio publikorako izapide-prozesuaz gain ?2018ko ekainaren 4ko EHAAn argitaratu zen?, aldi berean eta ekimenak eragin litzakeen sektore ekonomikoen eta sozialen iritzia ezagutzeko helburuarekin, banan-banako entzunaldi-izapide bat ireki zitzaien arauak eragindako interes kolektiboak ordezkatzen dituzten berrogeita hamar erakunde ingururi. Horien artean zeuden ekologia-elkarteak, sindikatuak, patronalak, elkargo profesionalak, merkataritzaganberak, klusterrak, udal-partzuergoak eta abar.

Aurreikusitako araudiak zuzenean eragin litzakeen beste administrazio batzuek ere hartu dute parte. Horrela, administrazio publiko hauei egin zaie abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 9. artikuluan aurreikusitako beste administrazio batzuek parte hartzeko eta horiei kontsulta egiteko izapidea. Estatuko Administrazio Orokorra, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eta Konfederazio Hidrografikoen bitartez, hiru foru-aldundiak eta Euskadiko udalak, EUDELen bitartez.

Erregulazioak dagozkion eskumen-eremuetan duen eragina kontuan hartuta, ekimen arauemailea EAEko Administrazio Orokorreko hainbat Sailen eskura jarri zen izaera orokorreko xedapenen izapidetze telematikorako erremintaren bitartez (Tramitagune), hala, hura aztertu eta, hala badagokio, ekarpenak egiteko.

Azpimarratu behar da aldez aurretiko izapide horiek guztiak modu elektronikoan egin direla eta, beraz, alegazioak egiteko aukera izan duten erakundeek eta administrazioek ?berrogeita hamar baino gehiago? beren ekarpenak egiteko kanal elektroniko bat izan dutela Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektroniko Nire Karpeta atalean.

Ingurumen Sailburuordetzak ingurumen-arloko partaidetza publikoko eskubideak benetan eta modu eraginkorrean bermatzeari dagokionez duen konpromisoari jarraikiz, eta ingurumen-gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitara jotzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeko printzipio berriemaileak betez, jarduketa eta izapide horien guztien berri eman da Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, Irekian eta Sailaren webgunean: http://www.euskadi.eus/euskojaurlaritza/ingurumena/.

Era berean, eta herritarrek ingurumenarekin lotutako arauen lanketan parte hartzeko duten eskubidea betetzea errazteko helburuarekin ?hala jasotzen da uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 16. artikuluan?, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurrez aurreko partaidetza-prozesu bat gauzatu du proiektu arauemailea are gehiago ezagutarazteko, zuzenean eragindako eragileak dinamizatzeko eta horien ikuspuntuak eta hobekuntza-proposamenak zuzenean jasotzeko.

Prozesu horretan, bost partaidetza-saio egin dira hiru lurralde historikoetan, honako hauei bideratuta: enpresei, klusterrei, enpresa-elkarteei eta nekazaritza-sindikatuei; elkargo profesionalei, teknologia-zentroei eta unibertsitateei (enpresen foroa); Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei, erakunde publikoei eta foru-aldundiei (foru-aldundien foroa); eta, azkenik, udalei (udalen foroa). Espedienteko «Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Lege Aurreproiektuan parte hartzeko prozesua. Azken Laburpen Txostena. 2018ko uztaila» dokumentuan, partaidetza-prozesuaren bilakaera jasotzen da, modu sistematizatuan eta sintetikoan.