Euskadiko bioekonomiaren zeharkako politikak eduki dituen aurrerapenak txalotu ditu World BioEconomy Forum 2019 ekitaldiak, Basogintzaren sektorea ez ezik industriaren, energiaren eta kimikaren sektoreak ere inplikarazten baititu

Flag_FInlandia.jpg

2019.eko irailak 12

  • Eusko Jaurlaritzak bere bide orria azaldu du aste honetan Finlandian mundo osoko adituekin egin den topaketan
  • Bioekonomia zirkular iraunkor baten alde egiteak ezinbestez eskatzen du berrikuntzaren bitartez hainbat arlo eraldatzea, hala nola industria petrokimikoa, ehungintza, eraikuntza edo elikadura.
  • Abian daude jada proiektu zehatz batzuk lankidetza publiko pribatuari esker erabilera berriak biltzatzen ari direnak, hala nola poliuretano natural bihurtuta egur zerrautsa eraikuntzan isolatzaile gisa erabiltzeko, edo egurraren pulpa ehungintzan erabiltzeko

Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak World BioEconomy Forum ekitaldiaren bigarren edizioan parte hartu du, zeina irailaren 11tik 13ra bitartean egiten ari baita Rukan (Finlandia), eta bertan aurkeztu ditu Euskadik basogintzako bioekonomiaren inguruan eduki dituen aurrerapenak. Euskadik ez ezik, mundu osoan bioekonomiako adituak diren pertsonek ere hartu dute parte foro honetan, eta horiek bioestrategiak inplementatzeko modurik hoberenaz, basogintzako bioekonomiak klima aldaketaren aurrean duen zereginaz edo lehengai biologikoetan oinarritutako balio kateak garatzearen garrantziaz eztabaidatu dute.

Euskadin basogintzako bioekonomiak duen bide orriak, zeina foro honetan azaldu baita, azpimarratu du balio erantsiaren aukera berriak sortu behar direla baliabide biologiko eta ekoizpen prozesu iraunkorretan oinarrituta, eta gogora ekarri du Euskadik bioekonomiarantz ziurtasunez igarotzeko behar diren elementu guztiak dituela. Orozen hitzetan: “396.700 hektarea baso ditugu, gure azaleraren %55, alegia. Basogintzaren sektorea Euskadiren BPGd-ren %1,53 da, eta ia 20.000 pertsonari ematen die lana. Egur hori mobilizatzeko eta eraldatzeko gai gara eta basogintzako bioekonomian oinarritutako negozio ereduetarantz igaro gaitezke, ekonomia eredu berri bat eta produktu berriak sortuta".

Euskadik bioekonomian duen estrategia zeharkako politikak garatzean oinarritzen da, basogintza eta egurraren sektorearen esparruan balio kate bat sortuta eta beste sektore batzuk ere inplikatuta, hala nola industria, energia edo kimika, berrikuntzaren bidez industria petrokimikoa, ehungintza, eraikuntza edo elikadura garatzeko, esaterako. Horrek utziko luke esandako sektoreen lehiakortasuna hobetzen barruko eskarian eta esportazio eta nazioarteratze estrategietan aurrera egiten, dena modu iraunkorragoan eginda.

Euskadik Europan Bioekonomiako estrategia bat garatzearen alde egiten du, eskualdeen ekintzan oinarrituta.

Eusko Jaurlaritzak basogintzako bioekonomian duen estrategiaren barruan hainbat erronka ekonomiko eta sozial sartzen dira, hala nola BASOTEKen sorrera, zeinak basogintzaren eta egurraren sektorearen lehiakortasuna bultzatzen duen balio erantsiko proiektuen bitartez. Helburua da sektorea eraldatzea lehiakortasunari eta iraunkortasunari dagokienez eta bikaintasuneko edo berrikuntza askoko proiektuetan parte hartzea.

Euskadin errealitate dira jada basogintzako bioekonomiako proiektu batzuk, non agente batzuk, hala nola NEIKER edo Tecnalia zentro teknologikoak, eta enpresa pribatu batzuk elkarlanean aritzen diren. Hala, adibide hauek ditugu:

  • Biochar proiektua (landare hondarretatik eta biomasa hondarretatik sortutako ikatz begetala). Proiektu horri esker produktu horretarako erabilera berritzaileak aztertzen ari dira, pentsuetarako gehigarri gisa eta lurrak hobetzeko erabili liteke-eta.
  • Poliol proiektua (kimika berdea). Egur zerrautsean oinarritutako materialak sortzen ditu, eta horrekin poliuretano naturalak sortu daitezke eraikuntzako isolatzaileetan, itsasgarri iraunkorretan, erretxinetan eta beste hainbat produktutan erabili ahal izateko.
  • Euskadiko basoetako egurraren pulpa ehun gaiak sortzeko bertako lehengai berri baten moduan erabiltzeko bideragarritasuna aztertzeko proiektua. Proiektuak basoko produktuen zorroa dibertsifikatzen eta paperaren kateko hondakinak balioesten utziko luke, Euskadiko basogintzaren, papergintzaren eta ehungintzaren sektoreak lehiakorrago bihurtzeko.

Ingurumenarekin errespetutsuagoak diren ekoizpen ereduetarantz aurrera egiteko zeharkako ikuspegiarekin lan egiten duten politikak goraipatu dira World BioEconomy Forumean.