Euskadik Unibertsitate-prestakuntza Dualaren bere eredua azaldu die autonomia erkidegoei

2019.eko urtarrilak 15

  • Unibertsitate-prestakuntza Dualean Euskadin garatzen ari den esperientzia ezagutzeko interesa azaldu duten hamar Autonomia Erkidego Lakuan bildu dira Hezkuntza Saileko arduradunekin, topaketa batean
  • Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateek 22 titulazio dual eskaintzen dituzten 2018-2019 ikasturtean: 15 gradu eta 7 master

Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Moraisek eta  Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artarazek Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitza nagusian hartu dituzte hamar autonomia erkidegotako unibertsitate politiken arduradunak, Unibertsitate-prestakuntza Duala ardatz hartuta Hezkuntza Sailak antolatu duen topaketan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua ere asteroko Gobernu Kontseiluaren bilera amaitu bezain laster hurreratu da topaketara, eta eskerrak eman dizkie beste autonomia erkidego batzuetatik bertaratutako ordezkariei, erakutsi duten interesagatik zein parte hartzeagatik. Honako erkidego hauetako ordezkariak izan dira topaketan parte hartzaile: Aragoi, Asturias, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Balear Uharteak, Madril, Murtzia, Nafarroa eta Valentzia.

Euskadik abian du, Unibertsitatea eta Enpresaren arteko 2022rako Euskal Estrategiaren baitan, unibertsitate-prestakuntza duala, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateen aldetik harrera bikaina izan duen ekimena. Dagoeneko 2018-2019 ikasturte honetan Euskadin 22 unibertsitate-titulazio dual eskaintzen dituen esperientzia honek (15 gradu eta 7 master dira), sekulako interesa sortu du Estatuko gainerako autonomia erkidegoetan. Interesa erakutsi duten autonomia erkidegoen eskaeraz antolatu da topaketa, “Lan esparrua eta goi mailako hezkuntzaren arteko harremanak estutuz” izenburupean. Goizean zehar Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzen burutu den topaketan hamar autonomia erkidegotako unibertsitate politiken arduradunak elkartu dira, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak bultzatu duen ekimenaren berri bertatik bertara ezagutzeko asmoz.

Bileran zehar, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak eta bere lantaldeak Unibertsitate-prestakuntza Dualerako orain arte Euskadin egin diren urratsak eta aurrerapausoak azaldu dizkiete, honako gai hauetan arreta jarriz:

  • 2022rako Unibertsitatea+Enpresa Euskal Estrategia. Hezkuntza Sailak 2017ko ekainean jarri zuen abian estrategia hau, bi helburu nagusirekin: batetik, bikaintasun zientifikoari eta enpresaren eremuan aplikatzeari lotutako ezagutza sortu eta transferitzea; eta bestetik, enpresa-eremuaren premiei aplikatu eta egokitutako osagai bat duen gaitasun handietako giza kapitala prestatzea.
  • 4Gune, Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Heziketarako Klusterraren sorrera 2017ko uztailean. Kluster hau Fakultate eta Eskolen eta enpresen arteko lankidetza bultzatzeko xedez jaio zen, horrela RIS3 Espezializazio Adimentsuaren Euskal Estrategiaren helburuei erantzun emanez.
  • 2018-2019 ikasturtetik aurrera Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (Unibasq-ren) aitortza duten unibertsitate gradu eta master dualen eskaintza. Ikasturte honetan, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateek aipamen duala duten 15 gradu eta 7 master eskaintzen dituzte. Prestakuntza praktikoaren gutxieneko kopuru bat enpresarekin edo kanpoko erakunderen batekin elkarlanean eskaintzen duten titulazioak dira: graduen kasuan, kredituen %25-50 tarteko kopurua, eta masterretan %40 gutxienik. Datorren 2019-2020 ikasturtean 24 izango dira Euskadin aipamen dualarekin eskainiko diren titulazioak.
  • Enpresa eta unibertsitatearen arteko I Gela Programa, Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleei zuzendua, RIS3 estrategiarekin (Espezializazio Adimentsuaren Euskal Estrategiarekin) lerrokatuta.
  • Unibertsitate-prestakuntza Dualaren zenbait adibide azaltzea: IMH – Makina Erreminta Institutua, eta Gasteizko Ingeniaritza Eskola.