Euskadik, prebentzioaren, esku-hartze goiztiarraren eta eraginpean dauden pertsona eta familientzako arretaren bidez, suizidioaren eragina murrizteko lehen estrategia integrala sustatu du

2019.eko ekainak 03

Guztira, 57 neurri aurreikusten dira, 9 arlotan: koordinazioa, zaintza epidemiologikoa eta ikerketa, gizarte-sentsibilizazioa, bitarteko letaletara jotzeko modua oztopatzea, eremu komunitarioa, osasun-eremua, larrialdiak, postbentzioa eta kolektibo ahulak

Nekane Murga Osasun sailburuaren hitzen arabera, helburua noranzko bikoitzean aurrera egitea da: arriskuaren detekzio goztiarra, berehala esku hartzeko, eta suizidioa gizartean ikusaraztea eta, horrela, estigmak eta tabuak apurtzea eta bizirik irteten diren pertsonak zaintzea

 

Euskadin suizidioak duen eragina murriztea, tartean diren eremu guztietatik prebentzioan, esku-hartze goiztiarrean eta eraginpean dauden pertsona eta familientzako arretan eragina duen sistema integralaren bidez. Hori da Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren helburu nagusia, eta hori da Euskadin horrelako izaera duen lehena. Gaur aurkeztu du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, ekintza-plan hori prestatu duen diziplina anitzeko eta erakundeen arteko lantaldearekin batera. Ekintza-plan horren bidez, dagoeneko mundu osoan lehen mailako osasun publikoko arazoa denari egin nahi zaio aurre.

Osasun sailburuaren hitzen arabera, “noranzko bikoitzean egingo dugu aurrera, horrela: suizidiorako arriskua dakarten jokabideen detekzio goiztiarra, berehala eta koordinazioz jarduteko; eta suizidioa gizartean ikusaraztea eta, horrela, estigmak eta tabuak apurtzea eta bizirik irteten diren pertsonak zaintzea”, nabarmendu du.

Estrategia zenbait hilabetez talde batek garatutako lanaren emaitza da. Lantalde hori Osasun Sailak sustatu du eta, bertan, Psikiatriako, Psikologiako eta Lehen Mailako Arretako profesionalek parte hartu dute, bai eta Osasun Mentaleko Aholku Batzordeko kideek, Osakidetzako arduradunek, Osasun, Segurtasun, Hezkuntza eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailetako ordezkariek, foru-aldundiek, udalek, eremu soziosanitarioko eragileek, UPV/EHUko adituek, bizirik irten direnen elkarteek, laguntza-erakundeek eta beste hainbatek ere.

Nekane Murga sailburuak gogorarazi du Euskadi ez dela hutsetik abiatu; izan ere, azken urteotan, suizidioaren jokabidea prebenitzeko eta hari heltzeko ekintzak garatu dira, funtsean osasun-eremuan, baina baita beste ingurune batzuetatik ere, hezkuntzakotik, gizarte-zerbitzuetakoetatik edo larrialdietakoetatik, besteak beste. Hala ere, gaur aurkeztu den estrategiaren bidez jauzi kualitatiboa eman nahi da eta, horretarako, prebentziorako, esku hartzeko eta postbentzioko sistema integratua eta eraginkorra ezarri, osasun publikoaren ikuspegitik Euskadin suizidioaren jokabidearen intzidentzia, nagusitasuna eta eragina murriztuko dituena.  

 

Horretarako, 9 arlotan garatuko diren 57 neurri aurreikusten ditu, guztira. Jarraian, labur nabarmentzen dira aurreikusitako ekintza nagusietako batzuk:

ESTRATEGIAREN KOORDINAZIOA ETA SEGIMENDUA

-Estrategiaren ezarpenaren buru izango den eta proposatutako neurrien betearazpena egiaztatuko duen batzorde berezia sortzea. 

ZAINTZA EPIDEMIOLOGIKOA ETA IKERKETA

-Bereziki suizidioarekin lotuta dagoen arloa sortzea Euskadiko Osasun Behatokiaren barruan. Bere eginkizuna suizidioaren jokabideari buruzko informazio-sistema ezartzea izango da, zaintza epidemiologikoa egitea, egoeraren eta jarduteko gomendioen txostenak egitea eta ikerketa-lana koordinatzea.  

-EAEn suizidioen erregistroa ezartzea; horrek gaur egun eskuragarri ez dagoen informazio esanguratsua jasoko du. Halaber, ahaleginen erregistroa egitea, osasun-zerbitzuetan artatutako suizidio-jokabideari buruzko informazio fidagarria jaso duena, erabakiak hartzean eta osasun-plangintzan gidari izan daitekeena.

-Autopsia psikologikoak egitea, suizidio burutuen kasuetan profilak identifikatzeko.

INFORMAZIOA ETA KONTZIENTZIAZIOA

-Aldian behin herritarrak estigmari aurre egiteko, arrisku-faktoreak identifikatzeko gaitasunak sustatzeko eta prebentzioan laguntzen duten balioak sustatzeko sentsibilizatzeko kanpainak.

-Suizidioaren jokabidearen prebentzioaren inguruko informazioari, orientazioari eta laguntzari buruzko webgunea sortzea eta giza baliabideei arreta berezia eskaintzea.

-Komunikabideentzako orientazio-gida argitaratu eta zabaltzea, suizidioaren aurrean gizarte-kultura berria elikatzeko funtsezko eragile baitira.   

BITARTEKO LETALETARA JOTZEKO MODUA OZTOPATZEA

-Suizidioen mapa prestatzea, erabilitako metodoen profila eta arrisku handiko zonak edo hotspotsak ezagutu ahal izateko.

            -Hotspots-etan oztopoak eta ez pasatzeko elementuak jartzea.

            -Letalak izan daitezkeen beste baliabide batzuen gaineko kontrola sendotzea (botikak, su-armak, pestizidak eta toxiko legalak…).

            -Alkoholaren kontsumoa murrizteko neurriak sustatzen eragina izatea.

LARRIALDIAK ETA LEHEN ESKU HARTZEA

-Suizidio-krisietan zenbait eremuren lehen esku-hartzeko profesionalentzako jarduketa-protokolo integratua ezartzea.

-Suizidioa prebenitzeko ikuspegia sartzea dagoeneko badauden tresnetan, besteak beste: Osakidetzako Osasun Kontseilua edo BetiOn, edo haur eta nerabeei laguntza emateko telefonoak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako arreta, itxaropenaren telefonoa…

EREMU KOMUNITARIOA

-Suizidioaren arriskuari buruzko prestakuntza, identifikazioa eta hari heltzeko bidea hezkuntzako (ikasleak eta irakasleak), gizarte-zerbitzuetako, laneko eta familiako eremuan sartzea.  

OSASUN-EREMUA

-Osakidetzan Suizidio Arriskuaren Kodea (SAK) sortzea eta hura historia klinikoan integratzea (Osabide Global), horren bidez arrisku-pazientea hobeto identifikatu ahal izateko eta bere segimendu hurbilagoa egin ahal izateko, osasun-sistema publikoaren barruan, paziente hori une bakoitzean tratatu behar den asistentzia-maila gorabehera. Horrela, SAK horrek aplikazio eta garapen bereziak izango lituzke lehen mailako arretan (oroigarriak eta arriskua ebaluatzeko tresnak…), Osasun Mentalaren Sarean (suizidio-arriskurako zaintza-plana edo familia arreta-prozesuan sartzea…), ospitale-arretan (protokoloak, historia klinikoa…) eta farmazia komunitarioan (lankidetza-protokoloak, prestakuntza…). 

-Suizidioa Osakidetzako Pazientearen Segurtasunerako Estrategiaren ekintza-ildo berri gisa sartzea eta, horrela, suizidioaren prebentzioa segurtasunaren osagarri gisa sartzea, osasun-sistema osoan zeharka aplikatu beharrekoa izango dena.

POSTBENTZIOA

-Bizirik irteten diren pertsonei lehen erantzun azkarra emateko (profesionalak barne) eta hala behar duten kasuetan beste laguntza-baliabide batzuetara bideratzeko protokoloa ezartzea.

-Bizirik irteten direnen asoziazionismoa sustatu eta bultzatzea erakunde publikoetatik.

            -Osasun-sisteman bizirik irteten diren pertsonei arreta emateko asistentzia-prestazioak sartzea.

AHULTASUN-EGOERAN DAUDEN KOLEKTIBOAK

-Suizidio-jokabidea detektatzeko eta hari ekiteko lanean hobera egitea: haurrak eta nerabeak; indarkeria matxistaren kasuak eta adinekoak eta gaixotasun kronikoak, terminalak, desgaitasuna, mendekotasuna edo bakardadea bizi dituzten pertsonak; presoak; sexu-orientazioagatik eta/edo genero-identitateagatik diskriminatzen diren pertsonak, eta etxerik gabeko pertsonak.  

 

Gasteiz, 2019ko ekainaren 3an