Euskadik, Nafarroak eta Errioxak "Errioxako ardoaren eta mahastien paisaia"ren hautagaitza munduko ondarerako elkarrekin sustatzea adostu dute (Gobernu Bilera 2019-05-21)

fotoconsejo.jpg

2019.eko maiatzak 21

  • Hiru gobernu autonomikoek, lehenengoz, jendaurrean agertu dute UNESCOn hautagaitza-proposamen berria egiteko borondatea

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Errioxako Gobernuak adostu dute Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaiaren hautagaitza munduko ondarerako elkarrekin sustatzea.  Horretarako, hiru gobernuek lankidetza-protokoloa sinatuko dute; gaur Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso dute.

Testuan, hiru gobernu autonomikoek jendaurrean agertu dute, lehenengoz, Errioxako ardoaren eta mahastien kultura-paisaiaren hautagaitzarako proposamen berria elkarrekin prestatzeko borondatea, UNESCOren munduko ondarearen zerrendan sartzeko eta, horrela, 2016tik adituen talde bat hautagaitza formulatzeko egiten ari den lanari segida eta sustapena emateko.

Errioxako ardoaren eta mahastien kultura-paisaiaren hautagaitza 2015ean aurkeztu zitzaion UNESCOren Mundu Ondarearen Batzordeari, eta mundu-ondarearen zerrendan sartzea geroratzeko erabakia hartu zuen eta, horrela, hautagaitza berriro formulatzeko aukera zabalik utzi zuen, Batzorde horrek berriro ebaluatzeko.

Gaur onetsitako protokoloak aditu-talde bat sortzea aurreikusten du; aditu horiek proportzioan izendatuko ditu hiru autonomia-erkidegoetako bakoitzak, eta taldea proposamen berriaren txosten teknikoa prestatzeko arduraduna izango da.

Era berean, testuak autonomia-erkidego bakoitzeko hiru ordezkarik eratuko duten erakundeen arteko batzordea sortzea aurreikusten du; batzorde horrek erkidegoek hautagaitza berrian izango duten parte-hartzea koordinatuko du.