Euskadik, Helsinkin, 2050eko Bultzatu - Euskal Hiri Agendaren aurrerapenak eta hiri-berroneratzearen aldeko apustua aurkeztu ditu

2019.eko urriak 09

Arantza Leturiondo Lurralde Plangintzako sailburuordeak eta Ignacio de la Puerta Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze zuzendariak, gaur eta bihar, Helsinki Impact Conference 2019an parte hartuko dute. Konferentzia horrek Europako liderrak, adituak eta akademikoak batuko ditu hiri-politika eta -berroneratzearen inguruan, eta helburu du hainbat mailatako irtenbideak adostea, hazkuntza azkarraren, immigrazioaren, hazten doan segregazioaren edo gure hirietako klima-aldaketaren ondoriozko erronkei erantzuteko.

Ekitaldia Eurocities-ek eta Metrex-ek antolatu dute elkarrekin, eskualdeetako eta metropolialdeetako lurralde-plangintzan zentratzen den Europako sareak; sare horren barruan dago Eusko Jaurlaritza. Euskal ordezkaritzak 2050eko Bultzatu - Euskal Hiri Agendaren formulazioan izandako aurrerapenak aurkeztuko ditu; agenda horren ikuspegia guztiz dator bat Europako Hiri Agendarekin eta NBEk ezarritako garapen jasangarrirako helburuekin.

Agendak hamar funtsezko arlori heltzen die: ingurumena, mugikortasuna eta garraioa, lurzoruaren erabilera jasangarria, trantsizio digitala, hiri- eta landa-habitata, bizi-kalitatea eta osasuna, energia, gizarte-inklusioa, jarduera ekonomikoa eta enplegua eta gobernamendua. Bere lana erabakigarria da; izan ere, eragin zuzena du dagoeneko hiri-inguruneetan bizi diren Euskadiko biztanleen % 98an, gutxienez.

Arantza Leturiondo Lurralde Plangintzako sailburuordeak, gainera, Hiri Agendaren esparruan Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila Otxarkoagan (Bilbo), , Txontan (Eibar), Txomin Enean (Donostia) edo Aramotzen (Durango) auzo ahuletan egiten ari den berroneratzeko jarduketak ere azalduko ditu.  Esku-hartze horiek esperimentalak eta berritzaileak izango dira, eta eraikinetako irisgarritasunaren, segurtasunaren eta efizientzia energetikoaren baldintzak hobetzeko jarduketa fisikoak izango dira, batetik, eta jarduketa sozialak, bestetik. Horien bidez, gizarte-kohesioa hobetu nahi da, langabezia-egoeran dauden pertsonen prestakuntzaren eta prestakuntzazko eguneratzearen bidez, merkataritza eta ekoizpen-jarduerak eta hurbileko zerbitzu-jarduerak bultzatuz eta sustatuz, ekintzailetzaren bidez edo mendeko pertsonei arreta emateko baldintzen hobekuntzaren bitartez. Horretarako, eremu horietako bakoitzean, auzo-bulego bat eratzea planteatzen da; hark, “leihatila bakarra”ren funtzionamendua izango du, eta laguntza orokorra emango die eraginpean dauden guztiei, bai alderdi teknikoetan, bai administrazioko, kontabilitateko, finantzako edo kudeaketako alderdietan. Leturiondok eta De la Puertak, halaber, alde biko bilerak izango dituzte Helsinkiko alkatearekin, Jan Vapaavuori, eta Metrex sareko metropolialdeekin.