Euskadik bere energia agenda aurkeztuko du Energia Jasangarriaren Europako Astean

Energiaren_Bidea_horizontal.jpg

2019.eko ekainak 14

Arantxa Tapia sailburua ekainaren 17an Bruselara joango da EBko ordezkari instituzionalekin eta energiaren sektoreko agenteekin bilerak egiteko

  • Tapiak hilaren 17an, astelehena, bilerak egingo ditu DG MAREren ordezkariekin eta Europako energia-industriaren agenteekin, eta 18an, asteartea, Europako batzordearen inaugurazio ofizialaren ekitaldira joango da.
  • Energia Jasangarriaren Europako Astea ekainaren 17tik 21era bitartean ospatzen da Europa osoan, eta Brusela du epizentro nagusi.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu eta Energiaren Euskal Erakundeko presidente Arantxa Tapia eta Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusi Iñigo Ansola datorren astelehenean Bruselara joango dira, bertan ospatzen baita Energia Jasangarriaren Europako Astea, eta Euskadik parte-hartze garrantzitsua izango du Energia Trantsizioan laguntzen duten proiektuak azaldu nahi dituzten ekitaldietan.

Aurreikusitako agendak hainbat kontaktu biltzen ditu, hala instituzionalak nola Europako energia-industriaren agenteekin, eta era berean Europako Batzordeak aste horren irekiera gisa urtero antolatzen duen ekitaldi ofizialera bertaratzea aurreikusten du. Era berean, esparru horren barruan, Energiaren Euskal Erakundeak hainbat jardunaldi tekniko gidatuko ditu Bruselan, eta komunikazio-kanpaina bat garatuko du Euskadin, energia jasangarriko proiektuek Energia Trantsizioan duten garrantziaren berri emateko.

Egun horietarako aurreikusitako jarduerak honako hauek dira:

Ekainaren 17ko eta 18ko agenda instituzionala

Datorren asteko astelehenean eta asteartean Eusko Jaurlaritza, Arantxa Tapia sailburuak ordezkatuta, eta Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusi Iñigo Ansola Bruselan egongo dira, Energiaren Astearen barruan hainbat bilera eta ekitalditan parte hartzeko helburuarekin.

Lehen hitzordua astelehen goizean (hilaren 17a) izango da, itsas eta arrantza-eremuan politika komunak garatzeko ardura duen Europako Batzordeko zuzendaritza nagusiaren (DG MARE) ordezkari instituzionalekin egingo den bilera batean; bilera horretan landuko diren gaiek lotura dute itsas energien entsegu-azpiegiturei lotutako energia-proiektuekin (Euskadik Mutrikuko eta BiMEPeko instalazio berritzaileak ditu, sektore horretan erreferentea izanik Europan), baita arrantza eta nekazaritzarako proiektu espezifikoekin ere, bioekonomiari eta ekonomia urdinari lotutako estrategiaren esparruan.

Arratsalde horretan, 15:00etan, Euskadiren Bruselako ordezkaritzan bilera bat egingo da energiaren sektoreko agenteen hainbat ordezkarirekin, agente horien artean nabarmenduz WindEurope elkartea, industria eoliko europarra biltzen duena, energia ozeanikoaren (olatuak eta abar) industria garatzeko Ocean Energy Europe sarea, Fedarene –Energia Agentzien federazio europarra, non Energiaren Euskal Erakundeak aktiboki parte hartzen duen–, eta EASME –lehiakortasunerako eta berrikuntzarako agentzia europarra–. Era berean, Eurelectric elkarte sektorialak sektore elektrikoa ordezkatuko du, eta Euskadin industria-trakzio garrantzitsua egiten duten enpresa handien (Iberdrola, Siemens-Gamesa eta Acciona) ordezkariak ere han izango dira. Gainera, Europar Batzordeko Klima, Energia eta Itsasoko zuzendaritza nagusietako ordezkari instituzionalek ere parte hartuko dute.

Asteartea, 18a, Ebren ekitaldi ofiziala

Ekainaren 18an (asteartea) Eusko Jaurlaritza Energiaren Europako Astearen inaugurazio-ekitaldi ofizialera bertaratuko da, Bruselako Charlemagne eraikinean, eta bertan energiaren alorreko Europako arduradun nagusiek parte hartuko dute, Energia eta Klima komisarioa buru dutela. Irekiera-ekitaldian Errumaniako energia-ministroak eta Energiaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusiak parte hartuko dute, besteak beste, eta zeremonia horretan debatearen funtsa Energia Trantsizioa eta hura lortzera bideratutako politika europarrak izango dira.

Energiaren Euskal Erakundearen bilera teknikoak ekainaren 19an

Hilaren 19an (asteazkena) Energiaren Euskal Erakundea buru izango duten bi saio egingo dira, EuroPace eta OPERA deitutako proiektu europarren esparruan; proiektu horien helburua, alde batetik, eraikinen energia-birgaitzearen alorreko finantzaketa hobetzea da, eta bestetik, itsas teknologia berrien ikerketa, itsasoan energia aprobetxatu ahal izateko.

EuroPACE proiektuak bere urteko bilera nagusia Energiaren Euskal Erakundearen koordinaziopean egiten du, benetako aukerak eta finantzaketa-irtenbideak eskaintzeko eraikinen berrikuntzaren alorrean, eta batez ere Europako toki- eta eskualde-administrazioetara bideratuta dago. Horretarako, Europako gainerako hirietan errepika daitekeen eredu gisa baliagarriak izango diren aldez aurreko esperientziak eta proiektu aurreratuak dituzten langile tekniko eta finantzarioak bilduko ditu.

OPERAk bere proiektu-itxierako jardunaldia egingo du, eta TECNALIAren koordinaziopean Euskadiko itsasoko ikerketa-instalazioetan hiru urtez egin diren itsas energien teknologien proben berri emango du. proiektu europar horren bitartez, Mutrikun eta ondoren BiMEPen instalatu diren eta teknologia-enpresa europarrek garatu dituzten turbina berriak probatu dira, eta horrela, turbina horien errendimendua aztertu ahal izan da eta kontrol-sistema eta ainguraketa berri efizienteenak ebaluatu ahal izango dira. Horrez gain, proiektu horren esparruan, OCEANTEC euskal enpresak eskala handiko itsas energien dispositibo flotatzaile bat eraiki du.

Euskadi, energia oneko herrialdea

Energiaren Euskal Erakundeak ekainaren 17tik 21era publizitate-kanpaina bat egingo du, eta bertan ikusgarritasun berezia emango zaio Euskadiko Energia Trantsizioari. Haizea, eguzkia eta itsasoa ardatz gisa erabiliz, Euskadik daukan energia ona azaldu nahi dute bere aprobetxamendu berriztagarrien bidez, gero eta finkatuago daudelako eta etorkizunerako proiekzio bikaina dutelako, eta beharrezkoa izango da herritar guztiak kontzientziatuta egotea.

Energia Trantsizioan inplikatutako Udalak

Era berean, “Alkateen ituna” ekimenean parte hartzen duten Euskadiko 19 udalek euren instalazioetan adieraziko dute Energia Jasangarriaren Astean parte hartzen dutela eta toki-ikuspegiarekin Energia Trantsizioaren alde lan egiten dutela; horretarako erabiliko duten materiala roll-upak eta kartelak izango dira, eraikinetarako sarreran ezarriko dituztenak.