Euskadik aholku emango dio Osasunaren Mundu Erakundeari osasun estaldura unibertsalaren arloan

2019.eko abuztuak 09

Euskadi da NAZIOARTEKO aholku-batzordeko estatu ez den entitate bakarra, eta beste kide batzuk Erresuma Batua, Norvegia eta Holanda dira

 

Osasunaren Mundu Erakundearen (OMS) helburu nagusietako bat da bilioi bat pertsonak kalitatezko osasun-arreta jasoko dutela bermatzea. Etorkizun hurbilean, 2023 baino lehen, erronka gisa ezarri da 1.000 milioi biztanleri ematea estaldura unibertsala.

Helburu horrekin, eta behar adina baliabide ez dituzten herrialdeei euren zerbitzu-kartera eratzen laguntzeko, OMSk Aholku Batzorde Tekniko bat osatu du, eta bere eginkizuna izango da herrialdeen ezaugarriak kontuan izango dituzten eta horietara egokituko diren osasun-prestazioen paketeak garatzea.   

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko kide bat, BIOEFen egungo zuzendaria dena, da nazioarteko 15 adituk osatutako aholkulari-talde horretako kideetako bat. Kidea Iñaki Gutiérrez da, eta Osasun Teknologien Nazioarteko Elkartearen (HTAI) presidentea ere bada (Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila bertako kide instituzionala da).

Gutiérrezek, besteak beste, Norvegiako, Holandako eta Erresuma Batuko adituekin egingo du lan, eta hainbat herrialderi osasun-prestazioak diseinatzen eta garatzen lagunduko die. Berez, Euskadi da aholkulari-talde horretako estatu ez den entitate bakarra.  

Alde horretatik, Nekane Murga sailburuak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat harro egotekoa da OMSren nazioarteko aholkulari-taldean parte hartzea eta Euskadi-Basque Countryk osasunaren arloan duen jakintzarekin lagundu ahal izatea”.  

Sailburuak azpimarratu duenez,  “Euskadik orain dela urte asko ezarri zuen bertan bizi diren pertsona guztientzako osasun-estaldura unibertsala, eta erreferentzia da teknologien ebaluazioan, arreta-zerbitzuen karteretarako prestazioak hautatzeko metodo gisa”.  

Azkenik, Nekane Murgak adierazi du “gure osasun-sistema publiko eta unibertsala nazioartean azaltzea lagungarri izango da gure herrialde-marka, ‘Euskadi Basque Country’, zabaltzeko, bai eta nazioarteko proiekzioa duten herrialdeetako esperientzietatik ikasteko ere”.

Azkenik, OMSk hainbat erreminta emango dizkie herrialdeei bertako sistemak garatzen eta eguneratzen jarraitzeko, DECIDE izeneko plataforma berri baten baitan, eta hor ere parte hartuko du BIOEFen zuzendariak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuak 6