Etxebizitzak epaimahaidun lehiaketara atera du Zorrotzaurreko zuzkidura-bizitokien proiektua

2019.eko ekainak 27

  • Proiektu irabazleak 17.369 euroko saria lortuko du, eta proiektua idazteko ardura eta eraikinaren obra-zuzendaritza hartuko ditu bere gain
  • Apartamentu horien ezaugarriak egokiak dira lehentasunez erantzuteko gazteenen etxebizitzen premiei.

 

Etxebizitza Sailak Zorrotzaurren eraikiko dituen 60 zuzkidura-bizitoki inguruko eraikuntza-proiektua arkitekto guztientzako lehiaketa ireki batetik irtengo da, eta epaimahai profesional batek erabakiko du, gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako deialdiko oinarrien arabera. Arkitektura-proiektua hautatzeko modu berezi hori erabiliko da, etorkizuneko sustapenak Deustuko antzinako kanalaren eskuineko aldean duen kokapen bereziagatik.

5.816,89 m2-ko lurzatia da, eta Bilboko Udalak laga du; ibaiaren ertzarekin bat egiten duen gunean dago. Iraganean portuko zamalanetako jarduerarako baliatzen zen eta, orain, eremu ireki eta espazio libredun eremu gisa aurkezten da, eta, bertan, ibaiak hartzen du protagonismoa berriro.

Lehiaketa horren bidez, kalitateko soluzio estetikoak dituzten proposamenak bilatuko dira, eremu horren etorkizuneko espazioaren balioa handitzeko. Eraikina, gainera, jasangarritasuneko eta aurrezpen energetikoko irizpideei jarraikiz diseinatu beharko da. A kalifikazio energetikoa izango du, bai energia ez-berriztagarriaren kontsumoan, bai CO2ren emisioetan.

Lehiaketa fase bakarrean garatuko da, eta ekipo lehiakideek irailaren 30era arte izango dute beren proposamenak aurkezteko.

Proiektu irabazleak 17.369 euroko saria izango du (BEZa barne), eta eraikuntza-proiektua idazteko eginkizuna eta eraikinaren obra-zuzendaritza (kasu horretan zenbatekoa zerbitzu-sarietatik deskontatuko da) hartu ahalko ditu bere gain; lau finalistek 4.840 euro jasoko ditu bakoitzak, proposamenak prestatzeko gastuetarako. 

Zuzkidura-bizitokiak Etxebizitza Sailaren apustu nagusietako bat dira, gazteen emantzipazioa lortzeko. Aldi baterako etxebizitza-aukera gisa pentsatuta daude; izan ere, okupatzaileek ezin dute horietan bost urte baino gehiago egon. Ezaugarri horiek, beraz, egokiak dira lehentasunez erantzuteko gazteenen etxebizitzen premiei.

Zehazki, Zorrotzaurreko 66 zuzkidura-bizitokiak 35 urtetik beherakoei zuzenduta daude, eta lehentasuna dute Bilbon erroldatuta daudenek eta, daukaten errenta-gaitasun txikiagoa aintzat hartuta, etxebizitzaren merkatu arruntera jo ezin dutenek.

Bizitoki horietara jotzeko baldintzak, oro har, alokairuko etxebizitza publikoetarako indarrean dauden berak dira; beraz, hileko zenbateko kanona aldatu egiten da, etxebizitzaren tamainaren eta familia-unitatearen diru-sarreren arabera. 

Zorrotzaurreko apartamentuen proiektuaz gainera, Etxebizitza Sailak eraiki ditu beste bizitoki batzuk Mina del Morron (86) eta Arangoitin (60), eta, laster, Txurdinagan hasiko dira beste batzuk eraikitzen (107). Jarduketa horiek aintzat hartuta, guztira 300 zuzkidura-bizitoki baino gehiago izango dira, guztira, Bilbon.