Etxebizitza Sailak ehun bat etxe laga dizkie irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteei (GKE), gizarte-beharrei erantzuteko 

Viviendas.jpg

2019.eko maiatzak 20

  • Gehienak inklusio aktiborako politiketara bideratzen dira

 Etxebizitza Sailak, 2018. urte-amaieran, 93 pisu ditu lagata, Euskadiko beste sail, erakunde eta GKE batzuei, gizarte-inklusiorako programei arreta emateko. Horiez gainera, etxebizitzak esleitzen dizkie, zuzenean, honako hauei: genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei; hipoteka betearazteko edo errentamenduan utzarazteko prozeduraren ondorioz beren etxebizitza utzi behar duten eta, ondorioz, gizarte-bazterketarako arriskuan dauden pertsonei; ostatu emandako pertsonei edo indarkeria terroristaren biktimei.

Hiru GKEk —Gurutze Gorria, CEAR eta Cáritas— lagatako etxebizitzen erdia baino pixka bat gehiago dute, 47. Gurutze Gorriak lagapen-hitzarmen baten bidez esleituta dituen jabetza publikoko 20 pisuak errefuxiatuak hartzeko baliatzen ditu. Horretarako baliatzen ditu Errefuxiatuari Laguntzeko Espainiako Komisioak (CEAR Euskadi) kudeatzeko esleituta dituen 11 etxebizitzak. Cáritasek Eguzkilore fundazioaren bidez gozamenerako dituen 16 etxebizitzak gizarte-bazterketarako arriskuan dauden pertsonak hartzeko erabiltzen ditu.

Beste sail eta erakunde batzuek, 2018. urte-amaierako datuen arabera, Etxebizitza Sailak lagatako 29 pisu kudeatzen dituzte, desgaitasunak dituzten pertsonei edo gaixotasun mentalak dituztenei ostatu emateko, bai eta babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei ostatu emateko ere, edo beste laguntza-programa batzuk garatzeko.

Arabako Foru Aldundiak 9 ditu; Bizkaikoak, 6, eta Gipuzkoak, 3.  Laudioko Udalak bi etxebizitza diru gozamenean, Amurrioko Udalak hiru, Bergarakoak bat eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak beste hiru; azken kasu horretan, etxean elkarbizitza-arazoak dituzten gazteei arreta emateko. Elgoibarko Udalak bi etxebizitza ditu lagata, ohiko etxebizitzan sutea jasan ondoren bi bizikidetza-unitateri arreta emateko.  

Aurten, etxebizitza bat laga zaio Emakunderi, sexu-esploraziorako salerosketaren biktima diren emakume eta neskatoei arreta emateko baliabidea ezartzeko.

Lagatako gainerako etxebizitzak gizarte- eta laguntza-helburuak betetzen dituzten hamar bat elkarteren esku daude. Elkarte horien gizarte- eta laguntza-helburuak honako hauek dira, besteak beste: etxerik ez duten pertsonei babesa ematea (HAZTEN) edo desgaitasuna duten, gaixo dauden edo premia bereziak dituzten pertsonei arreta ematea.

Hirugarren sektorearekin elkarlanean

Ehun bat pisu horiek autonomia-erkidego osoan daude banatuta. Vitoria-Gasteiz da leku nabarmena, eta Bilbo, Bermeo, Arrasate, Barakaldo eta Laudio hitzarmen bidez lagatako etxebizitza-kopuru gehien duten udalerriak dira. Kontratuen iraupena urtebete (luzagarria) eta 20 urte bitartekoa da, baina gehienak 3 eta bost urte bitartekoak dira, eta luzatzeko aukera dute.

Hilean horiengatik alokairu sozialaren prezioa kobratzen da, hilean 220 euro, batez beste.

Jarduketa horiek 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Planaren helburuetan jaso da; bertan, 1.1.6 ekintzan, honako hau adierazten da, berariaz: “Eusko Jaurlaritzak elkarlan estuan jardungo du Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-erakundeekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin, etxebizitzako programa sozialak garatzeko. Parke babestuko etxebizitzak lagatzeko edo alokatzeko lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dira gizarte-erakundeekin.Helburua izango da kolektiborik kaltetuenen etxebizitza-beharrei erantzutea, hau da, prozesu normalizatuen bidez etxebizitza eskuratzeko zailtasun larriak dituzten kolektiboen etxebizitza-beharrei erantzutea”.

Era berean, 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Planak etxebizitza publikoen beste erreserba estrategiko batzuk ere aurreikusten ditu,honako programa hauetarako: Housing First programa (100 pisu); etxegabetzeen aurkako ordezko bizitokirako programa (60), eta genero-indarkeriaren aurrean ordezko bizitokiko programa (60). Erreserba horiek programa horiei euskarri emateko gauzatzen dira.