Espainiako Banku-Fundazioen I. Foroaren inaugurazioa: "5 urte Banku-Fundazioekin: 100 urte baino gehiagoko konpromisoa

FORO_BBK_1.JPG

2019.eko ekainak 03

Alkate Jauna,

Sagredo Jauna. BBK Fundazioko Presidentea

Lagunok,

Eskerrik asko gaur hemen egoteko aukera emateagatik.

Egunon guztioi,

Inaugurazio saio honetan minutu gutxi batzuk baino ez ditudanez, ezin izango dut gai bati buruz nik gura beste luzatu. Niretzat oso gertukoa den banku fundazioen gaia.

Izan ere, duela 5 urte baino gehiago, Lege horren Txostengile izan nintzen Diputatuen Kongresuan. Hori dela eta, zuek guztiek jardunaldi honetan aztertuko dituzuen inplikazio guztietan oso interesatuta nago.

Beste ezer baino lehen, BBK Fundazioa eta Xabier Sagredo presidentea zoriondu gura ditut jardunaldi hauek ospatzeagatik. Inolako zalantza barik, oso baliagarriak izango dira banku fundazioen eredua finkatzeko eta sendotzeko.

Labur bada ere, niretzat oso interesgarria den gai honi buruzko gogoeta egiteko aukera emango didazue.

Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legea, ekonomiaren eta politikaren ikuspuntutik, puntu eta apartea esaten den hori izango da, aldaketa nabarmena Aurrezki Kutxek, Finantza Instituzio gisa zuten funtzionamenduarekin alderatuz.

Duela hamarkada bat baino gehiago piztu zen eta, zuek denok ondo dakizuen bezala, langabezia, desberdintasuna, prekarietatea eta beste hainbat alderdi eragin dituen krisialdi ekonomikoa, batzuek kanpoko zerbait zela uste zuten arren, Espainiako finantza sisteman guztiz sustraituta zegoela ikusi zen.

Ziurrenez larregi sinplifikatzea izango den arren, esango nuke finantza sistemak eta, zehatzago esanez, Aurrezki Kutxa askok, gehiegizko arriskuak hartu zituztela higiezinen burbuilaren hedapen fasean.

Bulegoak neurri barik hedatu ziren lurralde guztietatik, etxebizitza erosleei gero eta hipoteka mailegu handiagoak eman zitzaizkien, eta, batez ere, gauza bera egin zen etxebizitza eta lurzoru sustatzaileekin, izan ere, higiezinen prezioak etengabe handitzen zirela ikusten zenez, arriskuak ez ziren behar bezala aztertu. Hori guztia zela eta, Aurrezki Kutxek amildegirako bidea hartu zuten, hori horrela esatea asko sinplifikatzea bada ere.

Gobernantza arazo hori zekenkeriaren, profesionaltasun faltaren, larregizko soldaten eta Kutxa askoren arduradunen bestelako gehiegikeria ekonomiko batzuen bitartez gauzatu zen, eta horrela azaltzen da neurri handian Aurrezki Kutxa askoren amaiera.

Testuinguru horretan, eta finantza sistema (edo ekonomia osoa, esango nuke) salbatzeko edo erreskatatzeko beharra ikusita, troika ezagunak (Europako Banku Zentrala, FMIa eta Europar Batzordea), Elkar ulertzeko Memorandum-ean (MoU) oinarrituta, Aurrezki Kutxen desagerpena, despolitizazioa eta erakunde horiek banku bilakatzea exijitu zuen, Espainiako ekonomia finantzaren aldetik erreskatatzeko.

Izan ere, horietako batzuetan (CCM, CAM, Cataluña Caixa, eta abar luzea), izandako jardunbideak eta arduradunen jokabideak ez ziren oso lagungarriak izan politikaren ikuspegitik defendatzeko, gaitasun gutxi eta diru-xahutze handiak baitziren haien ezaugarri nagusiak.

Horrela, harrotasunez esan behar dut kritika horiek ezin zirela, eta ezin direla, Euskadiko Aurrezki Kutxetara zabaldu.

Erakutsitako kaudimenak, kudeaketa zorrotzak eta egiten jakiteak stresstest izenekoen aintzatespena jaso zuten, eta ratioek, gure Aurrezki Kutxa sustraituen eta maitatuen (BBK, Kutxa eta Vital) sendotasuna erakusten zuten. Horri esker arrakastaz jarraitu dugu bizirik Banku Fundazio formarekin. 

Hala ere, troikaren olatuak harrapatu gintuen, eta, esamoldea erabiltzeko baimena ematen badidazue, Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legearen bitartez altzariak salbatzea lortu genuela esango dizuet, azken orduan izan bazen ere.

Gogoratzen dut 2013ko urrian, Proiektuaren osoko zuzenketak eztabaidatzen ari ginenean, nolabaiteko etsitasunez esan nuela, “gaur ez da oso egun pozgarria… egun txarra da, Aurrezki Kutxen ia erabateko desagerpena gauzatuko delako. Eta hori ez zaigu bidezkoa iruditzen, eta haizeak aurkako noranzkoan jotzea gurako genuke”.

Hala ere, euskal taldetik ez genuen osoko zuzenketarik aurkeztu eta Gobernuarekin, Ekonomia Ministerioarekin eta, zehatzago esanez, gaur egun Europako Banku Zentralaren Presidenteorde den Luis de Guindos Ministroarekin eta garai hartan Idazkari Nagusia zen Miguel Temburyrekin buru belarri lan egitea erabaki genuen. Benetan eskertu behar diet, Lege horrek gure Kutxetan (BBK, Kutxa eta Vital) izango zuen eragin negatiboa ahalik eta txikiena izan zedin egin zuten lana eta erakutsi zuten jarrera eta lankidetza.

Helburua, Banku Fundazio bilakatutako erakundeek euren konpromiso bikoitza betetzen jarraitu ahal izatea zen, hau da, “Euskadiren garapen ekonomikoa bultzatzea” eta gizarte ekintzarako inbertitzen eta hori bultzatzen jarraitzea; nortasun zeinu horiek ez ziren, eta ez dira, galdu behar, nire iritziz.

Hemen daudenek irizpide eta objektibotasun handiagoz esan dezakete nire berba haiek arrazoizkoak ziren ala ez, banku fundazioek bost urte luze hauetan izan duten esperientzian eta ibilbidean oinarrituta.

Nire iritziz, arrakastaz gainditu dugu egoera, eta duela bost urte irteera errazik ez zuen benetako bidegurutzea zena, ia derrigorrez onartu behar genuen egoera zelako, harro egoteko moduko kudeaketa eredu bilakatu da.

Gaur, Ogasun eta Ekonomia Sailburu gisa, Kutxabankeko jabe diren banku erakundeak, BBK Fundazioa, Kutxa Fundazioa eta Vital Fundazioa, animatu gura ditut, Euskadiren garapen ekonomikoaren eta sozialaren aldeko apustuarekin eta lanarekin jarraitzera.

Abagune ekonomikoa gurekin dugu.

Euskal ekonomia hazten ari da. 2019rako hazkunde ekonomikorako dugun aurreikuspena %2,2koa da, eta 2020an aurrerapen ekonomikoa %2,0an egongo da. Enplegu sorkuntzari dagokionez, aurreikuspenak %1,5ekoak dira aurten, hau da, 14.800 lanpostu, eta 2020rako aurreikuspenek enplegua %1,3 haziko dela erakusten dute, hau da, 12.500 lanpostu.

Esan dizuedan bezala, Euskadiren ekonomia eta gizarte arloko garapenerako apustua eginez jarraitu behar dugu lanean. Hori da Jaurlaritzatik eskatzen dizuedana eta euskal herritarrek gura dutena. 

Horretarako, eskatzen diguten eta beharrezkoa den Eusko Jaurlaritzaren laguntza osoa izango dute.

Ilusioz betetzen nau Euskadiko ekonomia eta gizarte arloko aurrerapenaren bidea elkarrekin egin ahal izatea. 

 

Eskerrik asko.