Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak Olagibel kaleko Herritarren Arretarako Bulegoan jasoko dituzte salaketa guztiak

Andre Maria Zuriaren jaietan, abuztuaren 4tik 9ra bitartean, gasteiztarrek hiriguneko bulegoan jarri ahal izango dituzte salaketa guztiak

2019.eko uztailak 23

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Olagibel kaleko Herritarren Arretarako Bulegoan jasoko dituzte salaketak Andre Maria Zuriaren jaietan. Ekimenaren helburua da arreta hobetzea eta baliabideak herritarrengana hurbiltzea, eta Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko harremanak areagotzeko iaz izenpetu zuten hitzarmenaren esparruan jarriko da abian.

 

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko Koordinazio Batzordeak, Andre Maria Zuriaren jaietako polizia-dispositiboa antolatzeko, erabaki du bi polizia-kidegoek erabiltzea Ertzaintzaren Olagibel kaleko Herritarren Arretarako Bulegoa, eguneko 24 orduetan, gasteiztarren salaketa guztiak jasotzeko.

 

Ekimena Andre Maria Zuriaren jaietan, abuztuaren 4tik 9ra bitartean, jarriko da abian, eta helburua da delitu baten biktima izan diren eta salaketa bat jarri nahi duten herritarrei erraztasun handiagoak ematea eta hauek Udaltzaingoaren Agirrelandako egoitzara joan beharrik ez izatea.

 

Olagibel kaleko Herritarren Arretarako Bulegoan salaketak jasoko dituzten udaltzainek ordenagailu eramangarriak erabiliko dituzte, eta jasotako salaketak Udaltzaingoaren aplikatibora irauliko dituzte gero.

 

 

Delitu-mota

 

Kidego bakoitzaren polizia-eskumenen arabera eta salatu nahi den delitu-motaren arabera jasoko dituzte Ertzaintzak eta Udaltzaingoak salaketa horiek, salaketa jarri aurretik polizia-jardueraren bat izan den kontuan hartuta eta salaketa jarri nahi duen eta kidego bat edo bestea aukeratzen duen pertsonaren eskaerari erantzuten ahaleginduta.

 

Bestalde, salaketak jasotzeko ezarriko den hurrenkera iritsi ahalakoa izango da, eta lehentasuna izango dute sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu izan daitezkeen gertaeren eta GI/EIko gertaeren kasuan jartzen diren salaketek.